Txosten teknikoak ari dira Erriberako geltokia zehazten

Donostiako udaleko gobernu taldea aste honetan hasi da aurkezten Loiolako Erriberako autobus geltokirako proiektuaren txosten teknikoak. Modu horretan, izapideei ez ezik, oposizioko alderdien informazio eskaerari ere erantzuteko bidean jarri da. Otsailaren bukaeran aurkeztu zuten oinarrizko egitasmoa, eta haren bultzatzaileek uste dute Atotxan egitekoa zen azpiegitura ordezkatzen eta hobetzen duela. Izan ere, tamaina handiagoa edukitzeaz gain intermodalitaterako egokiagoa dela iruditzen zaie.

Oposizioko alderdiak informazio eske ditu Donostiako Udalak. Udaleko Mugikortasun zinegotzi Jon Albizuk ulergarritzat jotzen du hori: “Neurri batean, talde politikoek arrazoia daukate hausnarketa zehatza egiteko txosten gehiagoren beharra dagoela”. Hala ere, baieztatu du gobernu taldea informazioa osatu ahala oposizioari helarazten ari zaiola.

Hain zuzen ere, asteartean aurkeztu zuen Albizuk Loiolako Erriberako autobus geltokiaren trafikoaren txostena. Asteazkenean, berriz, kudeaketa ereduaren inguruko informazioa zehaztu zuen gobernu taldeak.

Mugikortasun sailaren arduradunak ere eskaera bikoitza egin dio oposizioari; hain zuzen ere, gaia alderdi teknikotik aztertzea eta hiriaren hobe beharra bilatzea. “Geltokiaren gaiari ahalik eta zama politiko gehiena kentzea gustatuko litzaidake”.

Aspaldiko egitasmo berritua

Donostiako autobus geltokiaren gaiak historia luzea dauka. Azkeneko hogei urteetan hainbat gune aztertu dira azpiegitura gauzatzeko, eta oraingoa ez da Loiolako Erriberako ingurua proposatu den lehen aldia.

Hain zuzen, 1999an egindako zatikako planaren aldaketan oraingo toki bera aukeratu zuen Donostiako udalbatzarrak autobus geltokia eraikitzeko. Lanak hasi gabe, erakunde horrek 2009. urtean erabaki zuen Atotxa inguruan ezartzea azpiegitura berria; hain zuzen, AHT abiadura handiko trenaren geltokiaren ondoan eta Tabakalera berritutik gertu.

Atotxako lanak hastear zeuden Donostiako gobernu aldaketa gertatu zenean. Udalak, hori izoztuta, beste proposamen bat iragarri zuen. Aukera horretan, beste hainbatetan hobetsitako ingurune bera aukeratu dute: Loiolako Erriberan dagoen Oroimenaren Lorategia, alegia.

Otsailaren bukaeran aurkeztutako proiektuan lorategiaren azpian bi solairuko geltokia proposatu dute. Goikoan, 28 nasa izango dituen autobusen eremua dago, Atotxarako aurreikusitakoak baino bost gehiago. Hala eta guztiz ere, solairu horren beste ezaugarriak Atotxakoaren berdintsuak lirateke, diseinuaren oinarrian Atotxako proiektua dagoelako.

Beheko solairuan, 300 autorentzako tokia izango duen aparkalekua legoke. Atotxako proiektuak 700 autorentzako aparkalekua barneratzen du, eta hau da, Albizuren ustez, mugikortasunaren alorrean egitasmo horren hutsik handiena. “Atotxako autobusek baino enbarazu handiagoa egingo lukete ibilgailu horiek”.

Oroimenaren Lorategiaren azpian egitekoa den autobus geltokia Atotxakoa baino merkeagoa dela dio udalak; baita beste proiektua egiten hastear zegoen enpresari ordaindu beharreko kalte-ordaina kontuan hartuta ere. Loiolako Erriberakoa egiteko, 26,8 milioi euro gastatu beharko dira, Atotxakoa gauzatzeko baino bi gutxiago.

Udaleko gobernu taldeak jakinarazitakoaren arabera, “Loiolako Erriberako proiektuan enpresa misto bat izango litzateke kudeaketa formula, udalak jabetzaren zati bat mantendu ahal izateko”. Atotxaren kasuan, berriz, kudeaketa enpresa pribatu baten esku gelditzekoa zen 50 urtez.

Lanen izaerak ere merkatu du proiektua. Izan ere, Atotxakoak zailtasun tekniko handiagoak ditu, uraren mailaren azpitik dagoelako eta inguruko eraikinek eragiten diotelako. Azkeneko proposamenean, berriz, “oraingo lorategia hesitu eta lanean hasteko moduan” legokeela diote udal arduradunek. Hori dela eta, 2015. urtearen bukaerarako prest izango litzateke geltokia.

Erdigunea eta sare ezberdinak

Hilabete hauetako eztabaidan maiz azaldu diren beste bi kontzeptu zentralitatea eta intermodalitatea dira. Zentralitatearekin hiriaren erdigunearen eta geltokiaren arteko distantzia zein den deskribatu nahi izan dute. Parametro horren arabera, Atotxakoa da gehienentzat aukerarik onena. Albizuk, ordea, gogora ekarri du hiriko eta Gipuzkoako biztanle gehienak ez direla bizi Donostiaren erdigunean. “Geltokia ez da erdialdeko biztanle eta turistentzat bakarrik”.

Intermodalitatearen kontzeptua, berriz, garraio bideen arteko loturari dagokio. Horri begiratuta, bi proiektuek dituzte aldeko eta kontrako aldeak. Atotxako autobus geltokiak lotura zuzena luke Adifeko trenbide eta Donostiako autobus urbanoekin, baita AHTarekin ere; Norteko tren geltokira iritsiko dela adierazi baitute haren arduradunek.

ETS Euskal Trenbide Sarearen trenbideekin izango lukeen konexio falta da loturen inguruan Atotxako proiektuak duen gabezia.

Loiolako Erriberako proiektuaren aurkakoek intermodalitatearen inguruan datu zehatzik eman ez izana leporatu diote udaleko gobernu taldeari. Kritika horren inguruan, Albizuk dio Adifek eta ETSk luzerako egitasmoetan inguru horretan haien geltokiak egitea barneratzen zutela. “Gainera, bilerak eskatu ditugu, eta Aste Santuaren itzuleran biltzea espero dut”. Bestalde, Mugikortasun arduradunak dioenez, inguru hori da hiru sare horiek bat egin dezaketen Gipuzkoako gune bakarra.

Horrez gain, Albizuk uste du autobus geltokia Loiolako Erriberan jartzeak trenbide konpainien interesa areagotuko duela. “Erabiltzaile gehiago izango dira inguruan, eta horrek negozio aukerak handituko ditu”.

mgoni@hitza.info