2014ko Olinpiar Jokoei begira

Ioseba Rojok (Tolosa, 1988) eta Imanol Rojok (Tolosa, 1990), anaiak izateaz gain, kirol bera egiten dute: iraupen eskia. Goi mailan aritzen dira, eta orain gutxi bukatu dute denboraldia, Espainiako Txapelketan urrezko bi domina lortu ondoren; biak erreleboka. Banakako lehian ez dira hain fin aritu, eta Iosebak klasiko eran eta Imanolek skating-ean, biek ere laugarren postua lortu dute.

Haien ardura kirola egitea da egun. Horretarako, zenbait laguntza jasotzeaz gain —Kirolgitik eta Espainiako Eski Federaziotik, esaterako—, gurasoen babesa dute. Apirilean hartzen dute atsedena; urteko beste 11 hilabeteak entrenatzen eta lehiatzen aritzen baitira. “Maiatzean berriro hasten gara entrenatzen”, dio Iosebak, “eta hilabetean behin edo bi aldiz egonaldiak egiten ditugu Espainiako selekzioarekin”.

Katalunian elkartzen dira batez ere, eta prestaketa fisikoa egiten dute: rolleskia, mendia, bizikleta… Irailetik aurrera glaziarretara joaten dira eskiatzera; Italiara joan ohi dira, Passo Stelviora, 3.400 metrora. Neguan, egonaldietan bilduta ez daudenean, Jakan (Aragoi, Espainia) bizi ohi dira, eta astean pare bat egunetan itzultzen dira Tolosara.

Egunerokoa kirola egitera bideratzea “sakrifizioa” dela dio Iosebak, baina “ondo” eramaten dela. “Jendeak ulertzen du zer egiten ari zaren”. Imanolek bat egiten du anaiak dioenarekin: “Gustura aritzen naiz eskiatzen, gustura joaten naiz kanpora, eta, behintzat, gozatu egiten dugu”.

Aurten, laguntza gutxiago

Aralar izan zen Rojo anaientzat kirol ibilbidearen hasiera. “Gurasoen lagun batzuekin hasi ginen eskiatzen han”, ekarri dute gogora. “Hortik aurrera, ikastaro batzuk egin genituen, eta Somportera joaten ginen; behin, eskola mailakoentzako lasterketa bat egin genuen; ondo atera zen, eta jarraitu egin genuen”. Ez da ohikoa bi anaia goi mailan aritzea kirol batean. Eta behin baino gehiagotan entzun behar izan dute ea euren artean lehiarik ba ote dagoen ere.

Aurtengo denboraldian laguntza gutxiago jaso dute. “Kanpora joan gara, baina guk ordainduta”, esan du Iosebak. “Krisia hona ere iritsi da, eta federazioak iturria itxi egin du”. Imanolek, esaterako, aukerak zituen 23 urte azpiko Munduko Txapelketara joateko: “Azkenean, federazioak ez du dirua jarri, eta horrelako proba batera ezin zara zure kontura joan”, dio. “Ondo antolatuta joan behar duzu, talde bat duzula ondoan”. Euren kontura joan izan direnetan ahal duten guztia egin dutela esan du Iosebak, “baina ez da modurik onena lehiatzeko”.

Orain bukatu berri duten distantzia ertaineko Espainiako Txapelketaz gain, distantzia luzekoak eta laburrekoak egin dituzte otsailean. Horietan bigarrena izan zen Ioseba; Imanolek, berriz, laugarren postua lortu zuen distantzia luzekoan, eta bosgarrena laburrekoan. Europako Kopan ere lehiatu dira, eta Munduko Kopako bi proba egin dituzte. Horietako batean, Transjurassiennen, Iosebak 16. egin zuen, eta Imanolek, 22. Denboraldia “ona” izan da euren ustez. “Ikusi da hobetu dugula”, diote; Imanolek, ordea, pena du 23 urtez azpiko Munduko Txapelketara ez delako joan: “Hori zen denboraldiko helburua, eta hamabost egun lehenago federazioak esan zidan ez ninduela babestuko”.

Iosebarentzat orain arteko lasterketa garrantzitsuena iazko Munduko Txapelketan parte hartzea izan da: “Oslon izan zen proba, eta 120.000 pertsonaren aurrean lehiatzea oso berezia izan zen”. Imanolentzat, aurten egin duten Transjurassienneko proba izan da orain arteko bereziena. “Nolabait esateko, iraupen eskian Behobiako lasterketa bezalakoa da, herri mailakoa, baina goi mailan aritzen direnek ere parte hartzen dute, eta hor emaitza ona lortzeak prestigio handia du”, azaldu du.

Iraupen eskia ez da alpinoa edo pistetakoa bezain ezaguna. “Asteburuetan jendea eskiatzera joaten denean, alpino egitera joan ohi da”, esan du Imanolek, eta Iosebak gaineratu: “Jendeak eskia alpinoarekin lotzen du”. Iraupen eskira bakarrik dedikatzea zaila dela diote: “Etorkizuna ezegonkorra da. Kirolariek junior mailara iristerakoan, 17-18 urterekin, utzi egin ohi dute; orduan erabaki behar izaten da eskiari denbora osoa ematen diozun ala ez”.

Rojo anaiek kirolaren bidea hartu dute, eta garbi dute euren erronka nagusia Olinpiar Jokoak direla. 2014an izango dira hurrengo neguko Olinpiar Jokoak, Errusian, eta aukerak ikusten dituzte: “Datorren neguan Munduko Txapelketara joan nahi dugu, eta hori test moduko bat izango da, Olinpiar Jokoetara joateko aukera izango dugun ikusteko”. Haien aldetik, behintzat, ahalegina egingo dute.