Treneko leihotik ikusitako irudi batetik sortu zen dena, eta, dagoeneko hirugarrenez, ibai bazterreko zakarrak garbitzeko prest dira Urgarden taldekoak: bihar, 11:00etatik aurrera, Donostiako Martutene auzoan. “Duela hilabete eta erdi-edo, Deba eta Zumaia arteko bidea egitera joan ginen. Donostiara bueltan trenean gentozela, Usurbil parean, ibai bazterrean zabor asko zegoen leku bat ikusi genuen, eta zerbait egin behar genuela pentsatu genuen”. Malou Henriksen-en (Danimarka, 1984) hitzak dira. Urgarden taldeko sortzaileetako bat da, eta berak Edinburgon (Eskozia) bizi izandako esperientzia batean oinarrituta jaio zen Urgarden (http://urgardenbai.blogspot.com) Gipuzkoako ibaiertzak garbitzeko taldea.
“Edinburgon ikasten egon nintzenean, Asteburu zikinak izeneko talde bateko kide izan nintzen”, ekarri du gogora. Asteburuetan garbitzera edo zuhaitzak zaintzera irteten ziren mendi aldera. “Baita ongi pasatzera ere. Unibertsitatean elkar ezagutzen ez zuen jende asko zegoen. Sozializatzeko modu bat zen”. Ildo hari segituz, ingurumenarekiko boluntario lana eta harremanak sortzea, biak uztartu dituzte Urgarden taldean: “Gu atzerritarrak gara, baina hemen bizi gara, eta hemen bizi den jendea ezagutu nahi dugu proiektu honen bidez, baina zerbait emankorra ere egin nahi dugu: errekak garbitzea kasu”.
Henriksenen azalpenari batu zaio Anja Bernecker ere (Alemania, 1979). “Ia ezinezkoa iruditzen zitzaigun ibaiek oraindik horrela jarraitzea”. Urtebetetik gora daramate biek Donostian bizitzen. Miramongo teknologia parkean elkarrekin egiten dute lan, eta “hainbat pertsonaren laguntza” badute ere, taldeko ardura nagusiak bien artean banatzen dituzte. “Zerbait egin beharra dagoela uste dugu, horrelako herrialde polit batean ibaiek ezin dute horrela jarraitu”. Ardura hori norena den, ordea, oso argi ez dagoela uste du Berneckerrek. “Uste dut badaudela arduradunak, eta jende askok hitz egiten du… baina ez du inork egiten. Batzuek diote ezin dela; besteek, ez dela euren lana… Baina guk egin egiten dugu, eta kito. Askorik galdetu gabe”, adierazi du Berneckerrek.
Uste dute, oro har, erakundeek egiten duten baino gehiago egin behar luketela ibaien inguruak zaintzeko. “Didaktikoa izatea nahi dugu”, dio Berneckerrek, “didaktikoa haur eta gazteentzat, baina baita arduradunentzat ere. Izan ere, egiaz ez dakigu ibaien garbiketaren arduradunak nortzuk diren. Jaurlaritza, aldundia, udalak… Baina badirudi inork ez duela horren erantzule izan nahi”.
Ibaietan sumatu duten garbiketa beharraz harago, ordea, oro har Euskal Herrian kontzientzia ekologista egon badagoela uste dute. Hala dio Henriksenek: “Apur bat harrituta nago mendira joaten bazara ez dagoelako zaborrik, eta ibaietan, aldiz, asko dagoelako”. Europan ibaiekiko dagoen kulturaren eta hemengoaren artean ere ezberdintasunak ikusten ditu Berneckerrek: “Alemanian ibai handiak pasatzen diren hiru hiritan bizi izan naiz, eta han ibaiak, oro har, olgetarako esparruak dira; jendeak barbakoak egiteko erabiltzen ditu, errekan bainatzeko…”. Dena ez da, ordea, txarra. “Hemen ere badaude oso eremu garbiak”. Leitzaran ibaiaren inguruak ekarri dituzte gogora, besteak beste.
Proba batekin hasitako bidea
Zerbait egin beharra zegoela ikusita, inor inplikatu gabe eta deialdi ireki bat egin gabe, lagunartean egin zuten lehen garbiketa proba. “Hasieran, Martuteneko bizilagunen elkartearen bilera batera joan ginen, eta gaia planteatu genuen. Baina baten batek arriskutsua izan zitekeela esan zuen… eta, beraz, proba egitea pentsatu genuen”, azaldu du Berneckerrek. Horrenbestez, lagunartean soilik komentatu zuten, eta zazpi neska bildu ziren martxoaren 10ean, Hernanin. Bi orduan soilik arituta eta iristeko errazak ziren guneetara soilik igarota, “ikaragarrizko zabor pila” bildu zuten. Horrek bultzatu zituen proiektuarekin jarraitzera.
Proba hura eginda, lehen garbiketa “serioa” martxoaren 24an egin zuten, Hernanin. “Taldeko jendeaz gain, Hernaniko eta Martuteneko jendea ere bildu zen”. Orotara, hogei lagun batu ziren. Udalaren laguntza jaso zuten, gainera, eta ez dira kexatzen. “Bere gain hartu zituen edukiontzien gastuak, baita eskularru eta zabor poltsenak ere”, azaldu du Henriksenek.
Hernanikoa eta Donostiakoa ez dira, ordea, Urgardenekin harremanetan dauden udal bakarrak. “Astigarragakoa ere jarri da gurekin harremanetan, eta apirilaren 21ean han izango gara”, adierazi du Berneckerrek. Urumeaz gain, Andoaingo eta Usurbilgo udalekin hitz egin, eta Oria ibaia garbitzeko asmoa ere badute. “Hasieran guztiak nahiko eszeptikoak ziren, baina gero denak pozik geratzen dira”, dio Berneckerrek.
Hurrengo hitzordua jarrita dago, beraz: bihar, 11:00etan, itsasbehera lagun, Martuteneko Pilar auzoko pasarelaren parean. Baliabide materialak Donostiako Udalak utziko dizkie, eta, beraz, “gogoa bakarrik behar da”. Izan ere, bakoitzak ahal duen eta nahi duen neurrian laguntzen du. “Jende gehiena ibaiertzetakoa biltzen geratzen da, eta nahi dutenak soilik sartzen dira uretara”, azaldu du Berneckerrek. Eta lanak amaitu ostean, tertulia. “Amaitutakoan jateko zerbait prestatzen dugu, sagardo pixka batez lagunduta. Hitz egiteko baliatzen dugu unea, eta hori oso ongi dago”. Hala, taldearen bi helburuak uztartzen dituzte: ibaiak garbitzea eta jendea ezagutu eta harremanak egitea.