Garagardoaren bueltan

XII. Garagardo Azoka

Zarautz

Iragan asteazkenetik eta datorren astelehenera arte, zabalik da Zarauzko Errugbi Taldeak antolatutako XII. Garagardo Azoka. Egunero 12:00etatik 01:00 artera egoten dira irekita Zarauzko Munoa plazako karpako ateak, eta, bertan, garagardo mota ugari dastatzeko aukera eskaintzen dute. Garagardoa ez da, ordea, azokako protagonista bakarra. Hala, egunero, ateak irekitzearekin batera, haurrentzat denbora-pasa saioa izaten da: besteak beste, ipuin kontalariak, eskulan tailerrak eta pailazoen emanaldiak izaten dira eguerdietan.

Ekitaldi eta kontzertuei dagokienez, berriz, gaur, 17:00etan, Hutsa ta Doblea taldearen kontzertua izango da, eta, 22:00etan, Unsain taldeko kideak izango dira taularen gainean. Bihar, 14:00etan, BEERtso bazkaria izango da. Aurten, bigarrenez antolatu dute BEERtso bazkaria, eta Julio Soto eta Amets Arzallus ariko dira kantuan. Gehienez ehun lagunentzako tokia izango da bertso bazkari horretan, eta gaur da sarrerak erosteko azken eguna. Azokako leihatilan daude salgai, 15 euroren truke. Bihar, bertso bazkariaz gain, 22:00etan, Fun&GO! taldearen kontzertua ere izango da. Igandean, 17:00etan, Sabina ta Konpainiaren kontzertua izango da, eta, 22:00etan, Skandalue taldearena. Astelehenean, berriz, Unax Nogaren kontzertua izango da 17:00etan, eta DJa egongo da diskoak jartzen 22:00etatik azokak aurtengoz ateak ixten dituen arte.

Aurten, gainera, Zarautz eta Azkoitia arteko autobus zerbitzu berezia ere izango da. Gaur, bihar eta etzi, 22:30ean, 00:15ean eta 02:00etan Azkoitirako autobusak irtengo dira Munoa plazatik bertatik. La Guipuzcoana enpresako autobusak emango du zerbitzua.