Ofizioak badu bere unibertsitatea

Natura bila joaten dira asko, eta horixe topatzen dute. Oñatitik Arantzazura bidean dago Gomiztegi baserria, eta han ikasten dute Itsasmendikoi artzain eskolako ikasleek, leihotik Anboto, Aizkorri eta Arrikrutzeko kobak ikusten dituztela. Aurtengo 11 ikasleek amaitu berri dute ikasturtea; sei hilabeteko formakuntza jaso dute artzain eskolan, eta, orain, ikasturte amaierako proiektuari helduko diote gehienek.

Baserrian bertan instalazio teorikoak daude, eta, haren azpian, produktiboak: artaldea eta gaztandegia. Batis Otaegi Artzain Eskolako zuzendariak azaldu du ikasleek hamabi aste pasatzen dituztela Gomiztegin, klase teorikoak eta praktikoak jasoz. Gero, beste hamasei astez artzain profesionalen etxeetara bidaltzen dituzte apopilo gisa, praktikak egitera. “Artzain horiek ziklo itxia egiten dute”, azaldu du Otaegik. “Alde batetik, ekoiztu egiten dute; artaldea daukate, eta, beraz, arkumea, esnea eta gazta produzitzen dituzte. Bestetik, komertzializatu ere egiten dute; hortaz, ikasleek ziklo osoa ikusten dute”.

Ikasturtearen amaieran, aurrera begirako proiektu bat aurkeztu behar du ikasle bakoitzak. Izan ere, artzain eskolara joaten diren guztiek ez dute artzain izateko asmoa. Tiago Gonçalves gazte oñatiarrak, esaterako, artzaintzaren inguruko “turismo aktiboa” bultzatzeko aukera ikusten du: “Mendi irteerak ere egiten dira, ezta? 20 edo 25 pertsonako autobusak osa daitezke, eta agian prest egongo dira hamabi euro ordaintzeko. Orduan, zergatik ez egin mendi irteera bat, eta gainera artzaintzaren mundua erakutsi? Baserri batera eraman, erakutsi, mendira joan eta, ibilian, berriz herrira buelta”.

Luze gabe gauzatzeko moduko proiektua dela uste du: “Artzaintzari komeni zaio, eta jendeari ere komeni zaio kultura hau ezagutzea. Horrela, ofizioa ezagutuko dute, eta gazta erosteko sentsibilitate gehiago izango dute”.

Gonçalves ez da artalderik gabe etorri den bakarra, Otaegiren hitzetan: “Ikasle batzuek artzaintzarako hurbilketa bilatzen dute. Agian, bokazioz ez dira artzainak, naturazaleak baizik; naturan eta naturatik bizi nahi dute, eta artzaintzan ikusten dute aukera. Ezer ez dutenek soldatapean lan egiteko asmoa izaten dute, beste artzain batekin”.

Beste batzuek badute jada artaldea, eta hobekuntzak egiteko etortzen dira artzain eskolara. Karmen Gurrutxaga azpeitiarra, esaterako, “betidanik” aritu izan da ardiekin; iaz, ukuilu berria egin nahi izan zuen, esneaz gain gazta ere egiteko, baina agiriak falta zitzaizkien: “Diru laguntzak lortzeko, gehienez ere bost urte lehenago ateratako baimena behar nuen”.

Lekukoa eskuz aldatzen

Aurten, hamabost urte beteko ditu Arantzazuko artzain eskolak; ordutik, 200 pertsonatik gora igaro dira bertatik, eta erdiak baino gehiago sektorean dabiltza lanean. Ikasleek, batez beste, 25 urte inguru dituztela azaldu du Otaegik: “Ez datoz piper egitera; euren erabakiz etortzen dira”.

Zuzendariaren ustez, ekarpen handia egin dio eskolak artzaintzari: “Lehen, pentsamendu bat bazegoen, irakaspena gurasoetatik seme-alabetara ematen zela; ez zegoen formakuntza profesionalik. Ipar Euskal Herrian izugarrizko garrantzia ematen zioten teknikari: ona da jakinduria eta norberaren esperientzia, baina teknika berriek onurak dakartzate beti. Azkenean, edozein jarduerak berritzea behar du, eta artzaintzan ere berdin gertatzen da”.