Prezioan ikusten ez den lana

Eroslea supermerkatura sartzen da; produktu bakoitzetik aukera zabal askoa dauka. Gaztaren apalean, hainbat forma, ehundura eta jatorritako produktuak daude aukeran: gazta osoak, zatituak, lehorrak, bigunak, xerratan moztuak eta gazta kremak. Plastifikatutako produktua dendara nola heldu den ez zaio askorik axola erosleari, eta krisiak, gainera, produktu merkeenera jotzera bultzatzen du, gazta bakoitzaren atzean dagoen lana ahaztuta. Artzainen kalterako izaten da hori; kexu dira eurena ofizio ikusezina dela.

Agortuta gelditu da betiko artzainaren irudia, Mikel Beldarrain (Hernani, 1977) artzainaren ustez: “Lehen, artzaina bordan zegoen bat zen, eta kitto. Esaten duzunean badaudela artzain gazteak, ofizioa gustuko dutenak, ardiekin mendira joaten direnak eta mendiak garbitzen dituztenak… jendeak hori ez daki”.

Beldarrainek Urnietan ditu baserria eta ardiak; Inma Iriondo (Aizarnazabal, 1983) bikotekidearekin batera darama enpresa. Duela hamabi urte inguru erabaki zuten artzaintzan jardutea; aurretik, tailer bateko langilea zen Beldarrain, eta administrazio eta finantzen arloan aritzen zen Iriondo. Artzaintza, ordea, gero eta ogibide gogorragoa dela uste dute biek. “Generoaren balioa duela 25 urtekoa da, eta bizimodua, oraingoa; kristoren koska dago batetik bestera”, azaldu du Iriondok.

Ardiek ez dute jai hartzen, eta artzainek ere ez. Udazkenean, arkumeak jaiotzen dira; udaberrira arte, ardiak jezten dituzte, eta uda mendian pasatzen dute. Astean zazpi egunez aritzen dira, Iriondoren arabera: “Denak behar ditugu. Lagun batek esan zidan behin: ‘Urtea bukatzear da, eta zein kotilioitara zoaz?’. ‘Nik urtea ardiak jetziz bukatu, eta ardiak jetziz hasten dut’, esan nion”.

Ofizioa profesionalizatzen ari da; artzainek inbertsio handiak egin behar izaten dituzte euren produktuak lehiakorragoak izateko, baina, sarritan, horrek are lan gehiago eskatzen die. Iriondo eta Beldarrainen kasuan, haiek egiten dute euren enpresako produkzioa, banaketa eta komertzializazioa. “Dauzkagun bezeroak guk geuk egin ditugu”, azaldu du Iriondok. Erosle eta ekoizleen arteko harremana, ordea, geroz eta zailagoa da: “Lehen, jendea gehiago hurbiltzen zen artzainengana; orain, hainbesteko aukera dagoenez, artzainak inguratu behar du erosleengana. Jendeak gauza berriak nahi ditu”. Donostiako San Martin azokan saltzen dute gazta, eta, Iriondok azaldu duenez, erosleak harritu egiten dira gazta eurek ekoizten dutela esaten dietenean: “Harritu egiten dira: ‘Zu zara artzaina? Gaztea zara, hirian bertan zaude…’ Ez zaie buruan sartzen”.

Jon Harregik ere (Usurbil, 1976) ez zeukan artzaintzarekin harreman handirik ofizioa aukeratu aurretik; sukaldari gisa aritzen zen, baina “lau paretaren artean itolarria” sentitzen zuen: “Kanpoarekin lotura zeukan lanbide bat nahi nuen; mendia asko gustatzen zait, eta, era berean, neure kontura aritzeko lan bat nahi nuen”.

22 urterekin eman zuen izena artzain eskolan, eta ikastaroa bukatzerako erosita zeukan artaldea. Orain, Zerainen du baserria, eta uda Aralarren igarotzen du: “Udaberrian ardiak kristoren gogoarekin joaten dira mendira. Garaia bera sumatzen dute, eta badakite hemen beroa handitzen doan bezala, eta belarra luzatzen, badatorrela garaia. Eta udazkenean, berdin; gu saiatzen gara ahal den guztia luzatzen, baina ardiak hona bidean bezala hasten dira”. Esan liteke artzainak jarraitzen diola artaldeari: “Gu ondo egoteko, ardiek ondo egon behar dute”.

Oraingoz, gazta guztia saltzen du, baina geroz eta gehiago kostatzen zaio. Fabrikek konpetentzia handia egiten diote, eta erosleek ez dute nahikoa kontzientziarik erosten dutenaren inguruan, artzainaren iritziz: “Horren atzean zein lan dagoen ikusi behar da: zein mimo dagoen. Animaliak kanpora ateratzen ditugu; paisaia hobetzen dugu… horretaz jabetu behar da. Ez da esne kaxa batzuk husten ditugula eta horrekin gazta egiten dugula. Ardiek Zeraingo larreetan jaten dute, euren simaurra han zabaltzen dugu, lore horiek ardiek jaten dituzte, horrek esneari gustu berezia ematen dio, eta esne horrekin gazta egiten dugu, egunero. Bukatzen ez den prozesu bat da. Noski, gure gaztak fabrikakoaren bikoitza balio du; baina erosleak jakin behar du ordaintzen duenaren atzean zer dagoen”.

Lan gogorra, baina gustukoa

Artzainena “beste bizimodu bat da”; elkarrizketatu guztiek esan dute hori. “Ez da zortzietan denda itxi eta poteatzera edo afaltzera joatea bezala”, Harregiren hitzetan: “Gu ardiekin bizi gara, eta guretzat lan egiten dugu”. Artzaintza beti da lana, baina lana norberak aukeratutakoa eta gustukoa denean, desberdintasuna nabarmena da: “Gogoz kontrako lan bat, hori beti zaizu nekagarria, beti zaude lana noiz bukatuko duzun zain. Hemen lana ez da inoiz bukatzen; zuk erabakitzen duzu gaurkoz nahikoa egin duzula”.

Hala ere, gazteentzat “ia ezinezkoa” da hutsetik artzaintzan hastea; hori da Beldarrainen ustea. “Hasteko, dirurik ez dizutelako inon ematen; ez du inork apustu egingo zuregatik. Lehen, behintzat, ukuilua egiteko dirua ematen zizuten bankuek”. Artzaintzako produktu guztiek balioa galdu dute; gaztari gelditzen zaio estimu pixka bat, eta hori ere geroz eta zailagoa da saltzen. “Mikelen [Beldarrain] osabak esaten zuen bi urteko ardi larruarekin etxebizitza erosi zuela”, azaldu du Iriondok. “Orain, ilea ia opari ematen da”.

Itxuraz dena kontra izan arren, badira artzaintzan jardun nahi duten gazteak. Aitor Iztuetak (Lazkao, 1994), esaterako, goiz erabaki zuen zertan aritu nahi zuen: 16 urterekin Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza bukatu, eta artzain eskolan eman zuen izena. Osaba artzaina du, eta harekin ibiltzen da orain. Azaldu duenez, ez dio beldurrik ematen egindako apustuak: “Nonbaitetik jan beharko dugu! Ardiak gustatzen zaizkit, eta fabrika bateko lau paretaren artean sartuta egon beharrean, librexeago nabil”.