Zumarragako Osasun Mentaleko Zentroan terapeuta okupazionala da Juan Mari Burguera (Legazpi, 1956). Hogei urte zituela, aparejadore ikasketak utzi, eta artearen munduan sakontzea erabaki zuen. Burguerak uste du terapeuta lanak eta arteak badutela zerikusia, eta biak uztartzen ditu bere egunerokoan: buruko arazoak dituzten pertsonei pintura eta zeramika erakusten dizkie, eta, elementu horiexekin, artelanak egiten ditu.
Artearekiko zaletasuna umetatik datorkio Burguerari, baina ez du gogoan noiztik duen artearen munduarekin harreman hori. Autodidakta izan da batez ere, eta bere kasa eta beste artista batzuekin lan eginez ikasi du arteaz dakien guztia. Txikitatik marrazkiek asko erakarri dute, eta, amaitu ez bazuen ere, delineatzaile eta aparejadore ikasketek bide horretan segitzeko balio izan zieten.
Marrazketa eta pintura estudio batean hasi zituen ikasketak, Burgosen (Gaztela eta Leon, Espainia), baina han zela soldaduska egitera joan behar izan zuen Valentziara (Herrialde Katalanak). “Bertan, arte ederretako akademia batekin jarri nintzen harremanetan, eta galdutako urte bat baino gehiago, pinturan sakontzeko aukera paregabea izan zen hura”.
Esperientzia hark “bide asko” ireki zizkion, eta “burua ideiaz beteta” zuela itzuli zen jaioterrira. “Behin etxean, pintura eta marrazketa eskolak ematen hasi nintzen kultur etxean”. Hartan zebilela, ordea, Gregorio Aramendik buztinola ireki zuen Zegaman, eta hura izan zen Burguerak zeramikagintzarekin izan zuen lehen harremana. Orduz geroztik, zeramika etengabeko osagai bat izan da artistaren bizitzan.
Zegaman ikasitakoak kultur etxean zuen lana utzi eta zeramika tailer bat irekitzera eraman zuen, Aramendi lagun zuela. Baina Sagardelosen (Lugo, Galizia) egindako ikastaro batek ordura arte egindakoarekin apurtzeko gogoa piztu zion: “Ikastaro hura ezinbestekoa izan zen nire lanean”, dio. Izan ere, ordutik aurrera, “forma jakin batzuekin eta bolumen jakin batzuekin” lan egiteari utzi zion: “Betiko desagertu ziren niretzat”.
Diziplina anitzeko artista
Aldaketa hark, formetan eta bolumenetan ez ezik, bestelako aldaketa batzuetan ere izan zuen eragina. Legazpin, lokal batetik bestera ibili ondoren, egun bere lantokia dena aurkitu zuen, “herrian ondo kokatuta eta sutegiz eta burdinarekin lan egiten duten tailerrez inguratuta”. Horrek beste material batzuekin lan egitera animatu zuen. “Burdinarekin, beirarekin, egurrarekin lan egiten dut orain. Azken aurkikuntza brontzea izan da”.
Aldaketa haren ondorioz, bere burua “diziplina anitzeko artistatzat” jotzen du legazpiarrak. Orain, “mestizaje garai batean” dagoela dio, eta, batez ere zeramika lanak egiten baditu ere, tarteka gelditu eta horma irudiak egiten ditu.
Bata edo bestea izan, material bat edo beste bat izan, emaitzak erakartzen du Burguera gehien. “Ideia bat daukazunean hori gorpuzteko gai zarela jakiteak lotzen zaitu horretara guztira. Azken batean, ideia horren emaitzaren bilaketak erakartzen nau”. Horregatik, “dudarik gabe”, artelan bat sortzeko prozesua baloratzen du batez ere.
Emaitza eta sortze lan horretan, ideiak osasun mentaleko zentroan lan eginda bururatzen zaizkio. Hala, orain, itxura zaharkituko zeramikako piezak egiten ditu, “antzinakoak diruditenak, higatu itxura dutenak”. Zeramika piezentzako hainbat euskarri landu ditu azken 25 urteetan Burguerak, eta, gaur egun, gauza berriak probatzeko gogoz ari da lanean: “Zeramika piezentzako euskarriak egiteko, iltzeak elkarren artean soldatzen ditut”.
Material ezberdinak elkartuta sortzen ditu artelanak, “pieza batek beste bat ekartzen duelako”. Hala, hurrengo pieza nolakoa izango den ez dakiela dio, baina badakiela une bakoitzean zein materialekin lan egin behar duen.
Erakusketarik ez
Lanaren emaitzak bultzatzen du Burguera sormenera, eta beharrezko materialak erosteko adina eta lanean jarraitzeko beharrezkoa besterik ematen ez badio ere, ez du merkatura atera nahi. “Lanak saltzea ez da helburua”. Horren erakusgarri da 15 urtez erakusketarik egin gabe egon izana.
Burgueraren arabera, “erakusketa batek ere baditu bere uneak”, baina, behin lanak erakusgai jarrita, artista “erretiratu” egiten da. “Egilea zu bazara ere, obra jada ez da zurea: ikusleena edo eroslearena da”, azaldu du. Horregatik da prozesua garrantzitsuena, emaitzara iristea, “prozesuak irauten duen bitartean, zure lanera lotzen zarelako”.
Horregatik, taldean egindako erakusketak nahiago ditu, indibidualak baino, taldean ez delako nabarmentzen. Izan ere, Burguerarentzat, “erakusketa bat egitea biluztea bezala da, bai onerako eta bai txarrerako”. Aitortu du, ordea, atsegin duela bere lanak “txukun eta ondo argiztatuta” ikustea ere.
Erakusketarik egin gabe egondako hamabost urteetan tailerrean egindako lanari eman zion indarrik gehien. “Gauza berriak probatzeko eta esperimentatzeko garaia izan zen” hura, eta orain dela bost urte berriro hasi zen bere lanak ikusleen aurrean zintzilikatzen.
Azken erakusketa Italian izan du, martxoan, baina ez da atzerrian erakusketarik egiten duen lehen aldia. Normalean, Euskal Herrian eta Espainian ikusi ahal izan dira Burgueraren lanak, baina Malagako (Andaluzia) galerista batek egindako gonbidapenari helduta Irunen Ficoban egindako I. Arteando arte azokan parte hartzeko aukera izan zuen. Haren ondoren iritsi zitzaion Burguerari Italian erakusketa jartzeko aukera. Bera han egon ez zen arren, “esperientzia polita” izan dela adierazi du.
Orain arteko bidetik jarraitzeko asmoa du aurrerantzean ere; sormenaren bidetik, lan berriak egiten eta material berriak ezagutzen jarraitu nahi du. Aurtengo ez du erakusketarik aurreikusten, gonbidapenak badituen arren. “Tailerrean jarraituko dut lanean, sortzen”, zehaztu du.