Barrez, “Altza” erantzun du Juantxo Kokak (Altza, Donostia, 1973) jaioterriaz galdetu zaionean. Han hasi zen pilotan; “frontoia besterik ez zegoen kaskoan denbora-pasarako”. Kointzidentziak eta ezusteak baliatuta, primerako kirol ibilbidea egin du aurrelariak; lehen mailako lehiaketa utzia izan arren, ezin utzi “aldageletako giroa”, eta erakustaldi partidak jokatzen jarraitzen du.
Altzako kaskokoa da Koka. Frontoian biltzen ziren haurrak. “Denok pilotan aritzen ginen, besterik ez zegoen-eta”. 8 urte zituela hasi zen esku-huska jokatzen: “Garai horretan, teniseko pilota erabiltzen nuen; inguruan, Arraras izeneko gizon bat zebilen. Gu ikusita, galdetu zigun ea jokatu nahi genuen, eta… gaur arte”.
Ametsetako partidaz galdetuta, pena bat gelditu zaiola dio. “Ni Retegiren azkeneko urteetan ere aritu nintzen, eta penatu egiten nau haren aurka edo harekin jokatu ez izanak, nahiz eta harekin ezin izango nukeen, biak aurrelariak baikara”. Hala eta guztiz ere, atzean ere ondo moldatzen da Altzakoa. “18 urte bete arte, atzelaria izan naiz; baina, kointzidentzia bategatik, aurrean hasi nintzen”. Elgetako Txapelketan oso ondo aritu eta gero, Gorostiza aurrelaria ordezkatzeko deitu zioten behin, eta, ordutik, aurrean jardun izan du.
Eibarren jokatu zuen lehen partida profesional gisa. Besteak beste, oso urduri zegoela gogoratzen du. 1993. urtea zen, eta urte bakarra zeraman afizionatuetan. “Ezustekoa izan zen enpresek proposatzea, baina, negoziatu ondoren, aurrera egin nuen”. Kokak Aldazabal II.a izan zuen bidelagun Lejardiren eta Azkarateren aurkako norgehiagokan. “Oso egun polita izan zen, lagunak eta familia elkartu ginelako Eibarren”. Hain zuzen ere, haren zaleek lagunartea ere osatu zuten Gaiztarroko Zumardi tabernan. “Urtean behin afaria egiten dugu oraindik ere”.
Kokaren kirol ibilbideko beste mugarri bat 1997. urtea izan zen: Mikel Goñiri irabazi zion Bigarren Mailako buruz buruko txapela. Bitxia izan zen, Koka enpresa handietatik kanpo gelditu zelako 1995ean. “1997an, berriz, Besagainekooi txapelketa horretan parte hartzen utzi ziguten, pentsatuta ez ginela izango ezer egiteko kapaz; baina nik irabazi nuen txapela, eta, enpresa txiki batean nengoenez, nahiko sonatua izan zen”.
Finalera iritsita, baina oraindik jokatu gabe, Kokak sinatua zuen kontratua Asegarcerekin. Horrek lasai aritzeko modua eman zion. 10-0 galtzen hasi zen, baina, buelta eman, eta 10-15era iritsi zen markagailua. 20-22koarekin amaitu zen, eta Bigarren Mailako buruz buruko txapela lortu zuen. Donostiako Atano III.ean jende asko bildu zen Kokaren alde. “Ni ahulena nintzen, txarrena, eta horrek gipuzkoarren babesa eman zidan”.
Baina Kokak bere ibilbide osotik gogoan gehien duen partida 2003an jokatu zuen; hain zuzen ere, Lehen Mailako Binakako Txapelketako txapela Belokiri eta biei eman ziena. Oso partida polita izan zela dio, “baina, finala 22-15 irabazita, jendeak ez zuen gogortzat jo; ez, behintzat, Goñiren aurkakoa bezainbeste”. Hala ere, hori da haren partida kutuna.
Igandean jokatu behar zuten Olaizola II.aren eta Pascualen aurkako finala. Larunbatean, baina, Belokik luzapena eskatu behar izan zuen, gastroenteritisak jota. “Ia-ia ez ziguten eman, baina, azkenean, astebete geroago jokatzea izan genuen”, gogorarazi du. Bestela ere berezia izan zen txapelketa Kokarentzat; izan ere, ordezko gisa hasi zuen. “Berasaluze VIII.a lesionatu egin zen, eta haren ordez jokatu nuen finalerdia. Garai horretan, ordezko gisa bi partida jokatzen zituenak jarraitzen zuen txapelketan”. Txapela eskuratuta, bikotekideek batera ospatu zuten garaipena. “Petritegi sagardotegian egin genuen… Argazkiak nafarrekin eta gipuzkoarrekin; oso ona izan zen”.
Bilboko frontoi berrian egon gabea
Enpresa handietan egindako ibilbidea 2009an bukatu zuen Kokak; ez berak erabakita, Asegarcek erabakita baizik. Kontratua bukatzen ari zitzaiola, ez berritzeko deliberoak ezustean harrapatu zuen Altzakoa. “Ez nuen espero; hilabete neraman lau t’erdiko txapelketa prestatzen haiekin; eta, 36 urte nituen arren, berritzea espero nuen”.
Garfe enpresarekin sinatu zuen orduan; bada alderik enpresen artean. “Batez ere, enpresarekiko konpromisoa; oso ezberdina zen egunero Tolosara edo Gasteizera entrenatzera joatea. Orain, goizez lanera joatearekin ordezkatu dut”. Izan ere, Kokak ez dio behin ere utzi argiketari izateari. “Baina lehen pilota zen nire lan printzipala, eta lana arratsaldez egiten nuen”.
Egunero entrenatzera joatearena ez ezik, aldageletako giroaren falta ere sumatzen du. “Garrantzitsua zen, eta barre asko egiten genuen; oso giro ona zegoen aldageletan”. Hala ere, Garfen jokatzen dituen partidak ere gustuko ditu. “Oso zaila da bat-batean uztea 30 urtean egin duzuna, eta Garfek jarraitzeko aukera eman zidan. Tomasek [Garrido] esan zidan haiekin joateko, eta nik ez nuen birritan pentsatu”.
Pilota enpresa handi edo txiki batean aritzea oso ezberdina da. “Prestaketa oso bestelakoa da: astean pare bat egunetan besterik ez. Egun batean korrika egitera, bestean frontoian, eta kito”. Partidetako giroa ere ezberdina da. “Erakustaldi partidak dira, eta, partida politak izan arren, irabazteak ez du garrantzi handirik; ez dago lehiaketaren presiorik-eta. Artekaririk ere ez dago”. Horrelakoetan, ikusleek ez dute sarrerarik ordaintzen.
Egun, goizean goiz jaiki, haurrak eskolara eraman, eta argiketari lana egitera joaten da. Astean behin edo birritan, eguerdiak baliatzen ditu urtean jokatzen dituen 30 partidetarako entrenatzeko. Kirol lehiaketen zalea da oraindik, eta gertuko frontoietara joaten da partidak ikustera. “Bilbokoa, esaterako, ez dut ezagutzen; ni Tolosara eta Iruñera joaten naiz partidak ikustera”. Harreman estua du Mendizabalekin eta beste pilotari batzuekin, eta, hasi zenetik pilota asko aldatu bada ere, gustuko ditu egun punta-puntan dabiltzan pilotariak ere; Olaizola II.a eta Irujo, adibidez. “Titin III.a ere ikaragarri gustuko daukat. Borrokalaria da oso, partida guztietan”.