Jadanik bi aldiz antolatu dute Zeinu Hizkuntzan Egindako Film Laburren Nazioarteko Jaialdia, Tolosan; parte hartu zutenen artean, bi gipuzkoar zeuden iaz. Haietako bat da Nuria Ruiz (Donostia, 1966). Pertsona gor eta itsuak elkartuta, ikus-entzunezko ikastaro bat antolatu zuen iazko otsailean eta martxoan, eta hortik sortutako film laburra aurkeztu zuen Tolosako jaialdian. Haren ustez, entzuteko gai diren pertsonek ahalegin handiagoa egin beharko lukete gorren komunitatean parte hartzeko.
Nolatan erabaki zenuten pertsona gorrak eta itsuak elkartzea ikastaro hartarako?
Haiek beti aldarrikatu izan dute informaziorako eskubidea, eta, gaur egun, informazio guztia ikus-entzunezko hedabideetatik datorkigu. Horietara iristeko dituzten oztopoak kendu behar dira, eta hori azpidatzien bidez egiten da, gorren kasuan, eta entzunezko deskribapenen bidez, itsuen kasuan. Elixir Films ekoizpen etxean eta Aptes gizarte teknologia sustatzeko elkartean pentsatu genuen ideia ona zela ikus-entzunezko produkzioa alde praktikotik sustatzea; alde batetik, haiek ikasteko, eta, bestetik, gero lan munduan sartzerakoan aukera gehiago izateko.
Nola moldatu zineten azken produktua pertsona gor zein itsuentzat moldatzeko?
Film laburra keinu hizkuntzan dago, aktoreek ere keinu hizkuntza erabiltzen dutelako. Azpidatziak ere jarri dizkiogu, eta, pertsona itsuentzat moldatzeko, baita entzunezko deskribapenak ere. Istorioan gertatzen ari dena deskribatzen da, off-eko ahotsaren bidez; hartara, pertsona itsuek ez dute galtzen haria.
Jaialdian beste lan batzuk ere ikusi zenituen. Zer iruditu zitzaizkizun?
Harrituta gelditu nintzen; oso gauza interesgarriak zeuden. Tira, argi dago soinua ez zegoela oso zaindua, eta uste dut hori gabezia txiki bat dela; interesgarria litzateke jaialdi hau edo gorrekin lotutako beste edozein ekitaldi entzuten duten pertsonentzat irekiagoa izango balitz. Horrela gehiago sustatuko lirateke integrazioa eta elkarlana. Jakina, haiek ikusizko arloan kontzentratzen dituzte euren indarrak.
Nola egokitu behar dira entzuleontzat egindako filmak, gorrek ere ikusi ahal izateko moduan?
Pertsona gorrentzat azpidatziak jartzeko orduan, badira teknika batzuk. Soinuei ere jartzen zaizkie tituluak; leherketa bat entzuten bada, idatzi egiten da: Leherketa. Pertsonaiak koloreen bidez desberdintzen dira; pertsonaia nagusia, esaterako, horiz idazten da. Gainera, hizkuntza arteko azpidatziak dira; ez da egiten hitzez hitzezko itzulpena, baizik eta moldatu egiten da, eta testuinguruan kokatu. Pertsona gorrentzat errazagoa den hiztegi bat erabiltzen saiatzen gara.
Jatorrizko bertsioetan ikus-entzuleentzat erabiltzen diren azpidatziek ez dute balio, hortaz?
Balio dezakete, baina ez daude benetan egokituta. Hori araututa dago: koloreak, hizki motak, tamaina, segundo kopuru jakin batean zenbat hitz sar daitezkeen… Arau asko izan behar dira kontuan azpidatzi bat benetan hizkuntza artekoa eta gorrentzat egokitua izan dadin.
Oro har, kultur eta ikuskizun munduan baztertuta daude gorrak.
DVDetan ari dira azpidatzientzako pistak sartzen. Zinema aretoetan gehiago ari da kostatzen, pertsona itsuentzat ere ari direlako moldaketak egiten. Telebistan ere badago lege bat; berez, behartuta daude ordu kopuru jakin batean azpidatziak jartzera. Apurka-apurka, ari dira aurrera egiten.