Keinu hizkuntza darabilten 500 pertsona, eta itzultzaile bakar bat

Kaleko motor hotsak, norberaren urratsak eta ingurukoen hitzak; gauza guztiek dute soinua entzuteko gaitasuna duenarentzat, eta hots guztiek adierazten diote zerbait. Soinua leku guztietan dago, etengabe, eta kosta egiten da hura gabeko errealitateak daudela irudikatzea. Hain naturala egiten da, ia oharkabe ere bihurtzen da sarri; eta, oharkabean, soinua ezinbesteko elementu bihurtzen da gizartean. Horretaz gehien ohartzen direnak, ordea, gorrak dira.

Gizarteak baztertu egiten dituela sentitzen dute entzumenik ez dutenek; entzuteko gaitasuna dutenekiko komunikazioa eskasa da oso, eta horrek zailtasun handiak dakartza bizitza normala eramateko garaian. AransGik, Gipuzkoako pertsona gorren familien elkarteak, duela 45 urtetik dihardu gorren eskubideen alde lanean; Tolosaldean, duela hamar urte sortu zen Gainditzen, xede berberarekin lan egiten duen taldea. Julian Rodriguez (Donostia, 1963) bietan aritzen da; AransGiko langilea eta Gainditzen-eko arduraduna da.

Rodriguezek emandako datuen arabera, Gipuzkoan, denera, 1.200 gor inguru daude, eta horietatik 500 inguruk keinu hizkuntza erabiltzen dute komunikatzeko: “Batzuk erdi gorrak dira, eta ahotsa erabiltzen dute, pixka bat entzuten dutelako; horiek ez dute keinu hizkuntza erabiltzen”.

Keinu hizkuntza erabiltzen duten pertsonentzat, badira itzultzaile publikoak. Langile horiek edozein zerbitzutan laguntzen diete pertsona gorrei: paper kontu ofizialetan, bankuan, medikuarenean… Gipuzkoan, ordea, itzultzaile bakarra dago 500 gorrentzat. “Askotan, itzultzailearen zerbitzua eskatzeko deitzen duzu, baina lanpetuta dago. Orain arte bi zeuden, baina diru laguntza faltagatik, bat kendu zuten iaz”. Elkarte txikiagoek ere badituzte itzultzaileak; Gainditzen-ek, esaterako, sei hilabeterako kontratatu du Josune Mujika, Eusko Jaurlaritzaren diru laguntza baten bidez. Mujika elkarteko sentsibilizazio kanpainak antolatzeaz arduratzen da berez, baina Rodriguezen itzultzaile lanetan ere aritzen da.

Arazoaren erroan keinu hizkuntzaren ofizialtasun falta dagoela uste du Rodriguezek: “Ofiziala balitz, entzuten duten pertsonen informaziorako eskubide berbera izango genuke. Osasungintzara eta hezkuntzara joz gero, esaterako, itzultzaileak edukitzera behartuta egongo lirateke; telebistan azpidatziak jarri beharko lituzkete… Gauza asko egin beharko lituzkete”.

Komunikaziorako zailtasunek aukera desberdintasun nabarmena eragiten dute: “Entzuten dutenen gizartean, informaziorako sarbidea oso garrantzitsua da garapen pertsonalerako, eta argi dago pertsona gorrak bigarren mailan gelditzen garela”.

Rodriguez ikastetxeetan ere aritzen da hitzaldiak ematen. Ikasleak harritu egiten zaizkio: “Konturatzen dira pertsona gorrok arazo asko ditugula. Gizarteak ondo ikusten gaitu, arazorik gabe, gurea ez baita arazo fisiko bat; eta egia da fisikoki ondo gaudela, baina ez dugu entzuten. Ez daukagu informaziorako sarbide bera, eta asko galtzen dugu”.

Oro har, entzuteko gaitasuna dutenek oso gutxi dakite gorrei buruz. Keinu hizkuntza ere ez dute nahikoa ezagutzen, Rodriguezen iritziz. “Entzuten dutenek entzun egiten dute, eta haien adierazpidea ahotsa da. Baina, gorrok ez dugunez entzuten, eskuak erabiltzen ditugu gauzak adierazteko”. Horrela esanda, txorakeria bat iruditu lezake, baina entzuteko gai diren pertsona askori ahaztu egiten zaie gorren lengoaiak ez duela zerikusirik besteek erabiltzen dituzten hizkuntzekin: “Gor gehienei asko kostatzen zaie irakurtzea eta idaztea. Keinu hizkuntzak ez du bat egiten euskararen edo gaztelaniaren egiturekin, eta osatzen ditugun esaldiak ez dira berdinak”.

Ahalegin handia eskatzen duen arren, askok ikasten dute idazten eta irakurtzen. Gehienek gaztelaniaz egiten dute, ordea: “Euskaraz oso gutxi egiten da. Orain gehiago, ikastolei esker, baina, lehen, ezinezkoa zen”. Horri esker hezkuntzan ere aukera gehiago dituztela azaldu du Rodriguezek: gero eta gor gehiago heltzen dira goi mailako ikasketetara. Hortik lan mundura, ordea, alde handia dago: “Enpresek ez dute interesik izaten pertsona gorrengan. Gorrek ikasketak dituzte: Lanbide Heziketa egin dute, batzuk unibertsitatera heldu dira, tituluak dituzte… Baina, azkenean, betiko egoeran gaude, enpresek ez dutelako interesik”.

Komunikatzeko bide berriak

Entzun ezin duen arren, Rodriguezek badu sakelako telefonoa. Elkarrizketan, Madrilgo lagun gor bati mezu bat idazteko erabili du. “Oovoo dezakezu kazetaria ikusi”, idatzi dio; keinu hizkuntzan ere nahikoa ditu hitzok, lagunari eskatzeko Oovoo programa pitz dezala, kazetariak ikus dezan nola komunikatzen diren. Berehala, ordenagailua piztu, eta Oovoo jarri du martxan, Internetez bideo konferentziak egiteko programa. Bi leiho ireki zaizkio pantailan: batean, bere burua ikusten du, eta, bestean, Madrilgo laguna. Elkarrizketa arrunt bat eduki dute keinu hizkuntzan: lagunak galdetu du ea noiz geldituko diren Madrilen edo Tolosan, bazkari bat egiteko, eta Rodriguezek azaldu dio Aste Santuan oporretara doala baina eramango duela ordenagailua eta egongo direla harremanetan.

Ohiko egoera da, berez. Entzuteko gai diren pertsona askok ere erabiltzen dute Oovoo edo era horretako beste programaren bat, telefonoz hitz egitea baino merkeagoa delako. Desberdintasuna da pertsona gorrentzat programa horiek direla distantziara hitz egiteko inoiz izandako aukera bakarra. “Gorren komunitatea asko aldatu da azken urteotan; neurri handi batean, Interneti esker”, azaldu du Rodriguezek, ordenagailua seinalatuz. “Lehen, ez zegoen horrelako ezer; elkarrekin hitz egiteko, elkarteko egoitzan elkartu behar genuen”.

Beste hainbat esparru ere moldatu dituzte, neurri batean, gorren beharretara, edo gorrak moldatu dira horietara. Rodriguezek badu gidabaimena, esaterako: “Azterketa teorikoan bazeuden ulertzeko oso zailak ziren hitz batzuk. Halakoetan, pertsona gorrari itzultzaile bat jartzen diote, esaldiak moldatzen lagun diezaion. Baina, gero, gidabaimena ematen dizutenean, ez dago arazorik, gu oso ohituta baikaude begiratuz orientatzera”.

Ikastetxeetan ere haur gorrek lehen baino askoz aukera hobeak dituztela uste du: “Keinu hizkuntzako irakasle laguntzaile bat baldin badute, txiki-txikitatik ikasten dute”. Rodriguez bera aritzen da haurrei, gurasoei eta irakasleei keinu hizkuntza irakasten: “Denon artean elkarlanean aritu behar dugu, haur gorren bizi-kalitatea hobetzeko”.

Rodriguezek ondo ikusten du bere burua: “Zoriontsu naiz. Asko ikasi dut, asko borrokatu naiz eta neure burua garatzen saiatu naiz. Baina baditugu arazoak”. Zinema areto batzuetan azpidatziak jarri dituzte, baina antzerkirik ez dago gorrentzat. Enpresetan, atzera botatzen dituzte gorren curriculumak, komunikatzeko arazoek atzera eraginda: “Askoz erosoagoa da entzuteko gai den pertsona bat kontratatzea”. Telebistako mezuak ere ez dituzte egiten gorrentzat: “Hauteskundeetan, publizitate asko egoten da; politikariek euren iritzia adierazten dute, eztabaidak sortzen dira, mitinak egiten dituzte. Entzuteko gai direnek esaten didate denak gezurtiak direla, izugarrizko txapa botatzen dutela; baina pertsona gorrok ez gara ezertaz ohartzen”. Gizarteak oraindik ez du nahikoa berri gorrei buruz: “Ez dakite zein behar ditugun, baina nik uste ez zaiela axola ere”.