Kobre lapurretak saihesteko sistema bat garatu du Setalde enpresak

Kobrea material preziatu bihurtu da. Gero eta ugariagoak dira lapurretak argiterian: industrialdeetan, bidegorrietan… Lapurreta horiek eragozteko sistema bat sortu du Lasarte-Oriako Setalde enpresak, eta Oiartzunen lehenengo lapurreta saihestu dute dagoeneko.

Egoera ekonomikoak okerrera egin ahala, ugariagoak dira lapurretak. Setalde enpresak nabarmendu duenez, ez dago lapurren profil jakin bat, ezta gune konkreturik ere. Hala ere, oro har, lapurrek gune aldenduak eta lasaiak, erdi eraikitako urbanizazioak eta bidegorriak aukeratzen dituzte. Horrek zaildu egiten du lapurretei aurre egitea eta lapurrak atzematea. Kableak oso-osorik lapurtzen dituzte, eta gero horiek zuritu egiten dituzte, kablearen jatorria ezagutzea ia ezinezkoa izan dadin.

Lapurreta horiek saihesteko, sistema berri bat garatu du Setaldek, Iñigo Cabanillas enpresa horretako teknikariak zehaztu duenez: “Sistema honek argiteriaren elikatze linean hainbat parametro neurtzen ditu; horrela, lapurtzen saiatzen direnean —kablea moztutakoan, alegia—, sistemak mezu bat edo dei bat bidaltzen die aurrez ezarritako telefono bati edo batzuei”.

Cabanillasen arabera, lapurrek egunez mozten dituzte kableak, eta gauera arte itxaron, gauean osorik lapurtzeko. Sistema horrekin, detekzio elementu bat jartzen dute argi instalazioaren buruan, argi zutoinen goialdean, eta horrek detektatzen du kablea moztu dutela. Mozketa detektatu bezain laster, alarma mezua edo deia emititzen du sistemak, “Udaltzaingoari, edo dagokionari”.

Lehen emaitzak lortzen

Hainbat herritan eta hainbat enpresarekin egin dituzte probak. Eta jada Gipuzkoako bi udalek ezarri dute sistema; Oiartzungoak eta Oñatikoak. Eta lehenengo lapurreta, benetako kasu bat, saihestu dute Oiartzunen. Bertan, azken lau urteetan hemeretzi aldiz lapurtu dituzte kobre kableak Arditurriko bidegorrian. Eta gune batzuk egon izan dira argirik gabe ere, berriro kobre kableetan inbertitzeko dirurik ez zegoelako.

Kablea berriro jartzea oso garestia izan ohi denez, sistema berriarekin proba egitea erabaki zuen Oiartzungo Udalak. Eta hogeigarren lapurreta saihestea lortu dute. Lapurrak goizez joan ziren bidegorri aldera, eta kablea moztu zuten. Sistemak berehala bidali zien mezua udaltzainei, eta udaltzainak lapurreta izan zen tokira joan ziren. Lapurrak ez zituzten atxiki, baina badirudi ez zeudela oso urrun. Izan ere, udaltzainak bertara iritsi zirenean, erremintak lapurretaren tokian bertan zeuden.

Kable osoa berriro jarri beharra saihestu dute Oiartzunen. Moztutakoa konpontzea errazagoa da, Cabanillasek azaldu duenez: “Osoa jartzea garestia da oso, baina, moztuz gero, argiketariek konpon dezakete, kasu horretan udaleko mantentze lanetarako beharginek, esaterako. Ez da horren lan zaila; osoa jartzearekin alderatuta, ezta horren garestia ere”.

Oiartzunen eta Oñatin inbertsioa egin dute sistema jartzearekin. Baina, Setalderen arabera, lapurreta bakarra saihestearekin, inbertsioa amortizatu egiten da. Setalde enpresako teknikariak zehaztu duenez, gainera, erraza da garatutako sistema instalatzea. Honela azaltzen ditu enpresak instalazioaren nondik norakoak: “Argiteriaren elikatze lineatan hainbat parametro neurtzen ditu sistemak. Baina beti linearen instalazio tutuetan egon behar du. Sistemak alarma bidaliko du kablea moztutakoan, eta mozketa hori zein lineatan egin duten zehaztuko du”.

Kobrearen ordezkoak bilatzen ere ari da Setalde. Hala, kobrezko kable sarea aluminiozkoagatik ordezkatzea izan liteke irtenbide bat. Aluminioaren kostua baxua delako, esaterako, “eta horrek ez luke lapurren interesa piztuko”. Baina kobrea eroale hobea da aluminioa baino. Alegia, elektrizitatea hobeto garraiatzen du kobreak. Horrez gain, argindar sare guztia aldatzea garestia da udalentzat. “Errentagarriagoa izan daiteke detektagailua jartzea, instalazioa erraza izateaz gain, kostua ere baxua delako”.