“Opera da abeslari liriko baten xedea”

Lirikaren munduaren alde onak eta txarrak, biak ezagutu ditut”. Horixe dio Naroa Enekotegik (Eskoriatza, 1977). 11 urte zituen eta Lekeitioko abesbatzan aritzen zen opera abeslari izatera eramango zuen bideari ekin zionean. Jose Ramon Arteta hasi zen orduan abesbatzan zuzendari lanetan, Ainhoa Arteta opera abeslariaren aita. Segituan ohartu zen zuzendaria Enekotegiren ezaugarriaz; mezzo-sopranoen ahotsa zuen. Aurreneko urteetan, hura izan zuen irakasle. 14 urte bete zituenean, ordea, Atlantikoa zeharkatu, eta New Yorkeko (Ameriketako Estatu Batuak) irakasleak ezagutu zituen: “Lehen bidaiak Jose Ramonekin berarekin egin nituen, eta hark alabaren bitartez ezagutzen zituen irakasleak aurkeztu zizkidan”.

19 urtera arte, urtean hiru aldiz New Yorkera joanez sakondu zuen lirika teknikan. 19rekin, apustu handia egin zuen: hara bizitzera joatea eta lirika ikastea. “Hartzen nituen eskola guztiak pribatuak zirenez, ikasle bisa eduki ahal izateko ingeles ikasketak ere egin nituen”.

Ahaleginak eman zituen bere fruituak ere, opera abeslari lanak egiteko aukera izan baitzuen: “Bi urtez kontratatu ninduten New Yorkeko Da Capo antzokian, opera ikuskizunetan aritzeko”. Hala, ikasitako errepertorioa zabaldu zuen denbora hartan. Guztira, lau urtez izan zuen mundu hori lanbide.

Orain sei urte, familiako kontu batzuk zirela medio, Euskal Herrira itzultzea erabaki zuen. Hango irakasleak esana zion “teknikoki oso ondo” zegoela, hango errepertorioa ere “egina” zuela eta ez zitzaiola gaizki etorriko Europara etorri eta hemengo errepertorioa egitea.

Etorri, eta ez zuen esperotakorik aurkitu, ordea: “Zortzi urtez han egon ondoren, hemengo maisuekin ez nintzen oso gustura sentitu, ez zen berdina. Ni erradikala naiz, eta dena utzi nuen”. Orain urtebetera arte. Izan ere, mundu horretan buru-belarri sartuta jarraitzen du gaur egun, beste alderdi batetik bada ere.

Aurreko urteetan hartutako esperientziarekin eta teknika aldetik ikasitako guztiarekin, zekiena irakaskuntza aldera bideratzea erabaki zuen. Abeslariei eskola partikularrak ematen hasi zen, eta hortik gainerako guztia: “Berriz harra piztu zitzaidan; izan ere, abestea da nire mundua. Eta, hala, kontzertuak ematen hasi nintzen”. Onintza Agirre haren lehengusina piano eta organo jotzailea da, eta, hura lagun hartuta, emanaldiak eskaintzen hasi zen. Maiatzetik aurrera saio gehiago emateko asmoa du. Operaren mundua ez ezik, lirika kontzertuena ere “zaila” da, ordea: “Krisi garaia ez da onena guretzat, baina kostuak gutxitzeagatik saioak elizetan egitea erabaki dugu, organoekin, udalek pianorik alokatu behar izan ez dezaten”. Oraingoz, baina, ez daukate saiorik lotuta; “horretan ari gara”.

Beste proiektu bat ere badu esku artean: abeslarientzako hitzaldiak antolatu nahi ditu. Izan ere, arlo horretan hutsune handia dagoela uste du: “Gazte batek, abeslari izan nahi duenean, normalean kontserbatoriora jotzen du. Gero, eskola partikularrak hartzen hasten da, ordea, eta hor iruzurgile asko dago”. Enekotegirentzat oso garrantzitsua da irakasleak egoki prestatuta egotea, gero ondo irakasteko: “Abeslari eta ahots on asko galtzen dira irakasle txarren erruz, eta pena handia da hori. Amorru handia ematen dit, askotan jendeak dirutza ordaintzen duelako, gainera”.

Hitzaldietan abeslariei “oinarri orokorrak” eman nahi dizkie, baita “irakasle ona zein den antzematen jakiteko jarraibideak” ere. Horretarako, abeslari profesionalen laguntza izango du. Orain bi urte, esaterako, Iruñean antolatu zuen ikastaro batean Isabel Rey sopranoa izan zuen lagun: “Isabelek bere esperientziatik hitz egiten du hitzaldietan; abeslari gazteei norabide egokia hartzen laguntzen die. Oinarrizko teknikak edozein abeslariri balio dio, ez lirikoei bakarrik”. Proiektua zehazteko dute oraindik. Azpimarratu duenez, ordea, gazteentzat izango da, “16 eta 25 urte bitartekoentzat”.

Gipuzkoan operak tokirik ez

Gipuzkoan operarekiko afiziorik ba al dagoen galdetuta, Enekotegik argi du baietz. Aukerak dira falta direnak, haren ustez: “40 urtetik gorako herritar askok du gustukoa opera, baina antzokiak eta emanaldiak falta dira”. Bilbon OLBE operazaleen elkarteak opera denboraldia antolatzen du urtero, eta hara “gipuzkoar asko” joaten dela uste du abeslariak: “Emanaldiak 20:00etan hasten dira, Euskalduna jauregian, eta Donostiako Anoeta estadiotik jendez betetako autobusak joaten dira hara; zalea ez bazara, ez zara autobusez Gipuzkoatik haraino joaten”. Gaur egun, Donostian “urtean behin bakarrik” ematen dituzte opera saioak: Musika Hamabostaldian.

Zaleei dagokienez, gazteen artean egiteko lan asko dagoela deritzo, eta beste herrialde batzuetan txiki-txikitatik mundu horri garrantzi handiagoa ematen zaiola gogorarazi du: “Italian, Suitzan eta Suedian, esaterako, txikitatik gerturatzen dituzte musika klasikora. Hemen gazteei galdetzen diedanean opera gustuko duten, aspergarria dela erantzuten didate. Baina, benetan, ez dute aukerarik eduki opera ezagutzeko. Ez diegu eman aukera hori”.

Krisi betean aukerak badaudela dio: “Opera ekartzea garestia izaten da, azken batean ekoizpen handia eskatzen duelako. Baina Irungo Amaia antzokian, esaterako, eman berri dute koste baxuko opera bat. Aukera bat da hori. Ez daukagu zertan beti handira joan. Gauza txikiek ere balio dute”. Alde horretatik, operarik ezean antzokiek eta udalek lirika kontzertuak antola ditzaketela uste du: “Kontzertu bat ez da hain garestia, eta musika mota hori eskaintzeko beste aukera bat da”.

Opera eta errezitaldiak, biak ezagutzen ditu gertutik Enekotegik. Izan ere, Euskal Herrian eta Espainian kontzertu asko emana da. Gaur egun, abesteko bigarren arlo hori nahiago du opera baino: “Orain zortzi urte galdetu izan balidate, opera esango nukeen dudarik gabe; izan ere, opera da abeslari liriko baten xedea. Orain, berriz, errezitaldiak ditut nahiago. Neure buruarekin zintzoa izan behar dut; sei urte daramatzat gogor jardun eta prestatu gabe opera batean aritzeko. Gainera, kontzertuan Naroa naiz; operan, berriz, pertsonaia bat”.