Zapping

Zapping zalea nauzue. Telebistari loturiko kontzeptu bat den arren, nik ia guztiarekin egiten dut zapping. MP3an abesti oso bat entzun nueneko eguna ez dut gogoratzen. Gauero, irratia piztu ostean, ordu laurden pasatzen dut belarria gozatuko didan saio horren bila. Tira, orain gutxiago, iragandako Olentzerotan gurpiletik digitalera pasatu nintzelako. Erosoa da gero botoitxoari eman, eta dapa!, aurrez memorizatutako irratia hortxe, batere nekatu gabe… Gurpiltxoari eragiteak bazuen bere xarma, ez pentsa. Gurpilari eragin eta eragin, lo hartu arte…

Telebistarekin berriz, lehen errazagoa egiten zitzaidan. Zazpi edo zortzi kateren artean saltoka ibiltzea ez zen horren nekeza. Orain, ordea, digital aroan, noizko bukatu!

Gauean, irratian, kirol jardunari buruzko saioak entzutea dut gogoko. Telebistan, zientzia fikzioko filmeren bat ahal bada, eta MP3an, askotariko musika: arabiarra, brasildarra…Eta halaxe, gogoko hori topatu arte, jo batera eta jo bestera.

Azken egun hauetan, aldaketa bat jazo da nigan, ordea: telebistako anuntzioak ikusi ditut, ia inoiz ez bezala. Anuntzioak… gustatzen zait hitza, haurtzaroa gogorarazten dit, ez dakit… Ba hori, anuntzioei begira geratu naizela, ditxosozko telekomandoa astindu gabe, eta mundu bat aurkitu dudala ezin uka!

Ume batek dio bere amak zortzi esku dituela: plantxan egiteko, janaria prestatzeko… Nola den posible? Saldu nahi diguten halako esneki bat hartuta. Segidan, amaren marrazki bizidun bat, esnekia hartu ostean pozik jartzeaz gain indarrak berreskuratzen dituena. Umeak, ama eta esnekia, hirukote aproposa. Interpretazioak, nahi adina.

Bestea. Neska erdi punkaren bizitza dugu agerian. Tira, erdi punka diodanean, bizitzeko estiloaz gehiago itxuragatik baino. Bikotearekin musuka pasioz, logela desordenatu baten irudia, hori guztia eta gehiago musika indartsu batez lagunduta… Iraupen luzeko ezpainetako margo bat saldu nahi digute, zurekin bat datorrena, bortitza… Antzerkirako baino ez ditut ezpainak margotu; baina, aizue, ikusten dut neure burua ezpain arrosekin…

Goizean indarrez beteko nauen esnekia hartuz, gauean, ezpainak arrosaz margotuta kalera irteteko. Horrela edonork egin gaupasa! Eta akaso, ligatu eta dena…

Bi dira hartutako erabakiak: batetik, filmak edo dokumentalak grabatu beharrean, anuntzioak grabatzen hastea. Zientzia fikziorik onena, dosi txikitan, aspertzeko aukerarik gabe.

Eta bestetik, zapping-arekin hil arte jarraitzea. Batek daki! Akaso, argaltzeko sistema ona izan daiteke… Hori dioen anuntzio bat egingo banu, hilabete amaierarako baietz telebistako milaka telekomando baino gehiago izorratu?