“Denoi gustatzen zaigu deskontu batekin erostea”

Lorena Hidalga dendariaren ustez (Bartzelona, 1973), bere dendaren publizitatea egitea eta merkataritza txikiaren alde egitea dira Merkaon ekinbideak dituen gauzarik onenak. Bezero gisa ere parte hartzen du aurrezte komunitatean Donostiako San Martzial kaleko belar dendaren jabeak.

Zerk bultzatu zaitu Merkaonen parte hartzera?

Honek egiten duena jendea dendetara erakartzea da, erosteko erabakia hartzen laguntzen die. Bezeroak gero eta gehiago bilatzen ditu deskontuak, eta, egin eta gero, oso esker onekoak dira.

Produktu guztiei ezartzen diezu txartelaren deskontua?

Bai. Lehenago deskontuak egiten nizkien naturisten errezeta ekartzen zutenei, baina nik nabaritzen nuen errezetarik gabeko bezeroak desilusionaturik gelditzen zirela hori ikusita. Orduan, txartelaren kontuaren berri izan nuenean, oso ondo etorri zitzaidan, modu horretan deskontua nahi duenak txartela egitea besterik ez dauka. Hala ere, jende askok esaten du: “Ez, ez, txartel gehiago ez”.

Hiru bat hilabete daramatzazu programan. Nola ari da funtzionatzen?

Oso ondo, jendea oso pozik dago. Bezero askok Merkaonen webgunean aurkitu naute.

Jendeak ezagutzen al du ekinbidea?

Ez, eta, gainera, nahiko harrituta gelditzen dira. Jendea nahiko uzkur azaltzen da, uste duelako bankuko datuak eskatu behar dizkiozula; doako zerbait dela esaten diezunean, batzuek ez dutela sinesten ematen du. Baina kontua denda eta profesional txikiak biltzea dela esaten diedanean hobeto hartzen dute.

Zer ematen dizu zuri ekinbideak?

Batez ere publizitatea, Interneten eta egunkarietan. Eta nahiko pozik nago; bestela ere, nik erosle gisa ere erabiltzen dut. Denoi gustatzen zaigu deskontu batekin erostea.