Ez da erraza diru laguntzek gaur egungo munduan jokatzen duten papera ulertzea, edo bai? Alde batetik, Merkatua —hizki handitan, Jainkoa bezala— librea dela eta berak agintzen duela esaten digute. Bale, onar dezagun momentu batez hori horrela dela; orduan, horren arabera, enpresa lehiakorrenek bakarrik iraungo dute Merkatuan, besteak hondoratuz.
Bestetik, ordea, inoiz baino lege eta arau gehiago daude, eta, gainera, diru kopuru itzelak banatzen dituzte diru laguntza ezberdinen bidez.
Beraz, errealitatean ikusten dugu merkatua ez dela librea —oso arautua eta legeztatua baizik— eta (diru)laguntza gehien jasotzen duten enpresek irauten dutela, beste guztiak hondoratuz.
Zertarako dira diru laguntzak? Lehenengo eta behin, diru laguntzen ugaritzeak —lege eta arauen ugaritzearekin batera— Estatuaren estruktura eta existentzia bera sostengatzen dituela dirudi, zeren… zertan jardungo lukete, bestela, milaka funtzionario eta politikarik? Zerbait egin behar… eta amaierarik gabeko burokrazia eta papeleo horiek asko laguntzen dute horretan.
Baina ustezko gizarte libre honetan diru laguntzak hori baino gehiago dira: norbanakakoak kontrolatu eta zer egin behar duten inposatzeko tresna ere badira.
Nekazaritzaren eta baserritarren kasuan, ikus dezagun zertarako balio duten Estatuak banatzen dituen diru laguntzek. Har dezagun NPB Nekazaritza Politika Bateratua, adibidez, edo gazteleraz PAC bezala ezagutzen dena. NPB Europako Batasuneko politikarik garrantzitsuena da, Europako aurrekontuen %40 izateraino (55.000 milioi euro). Bere jatorrizko helburua gerra ondorengo Europan nekazaritza berpiztu eta elikadura autosufizientzia bermatzea omen zen, baina NPBk errealitatean egin duena da baserriko ekoizpen dibertsifikatu eta osasungarriak desagerrarazi, eta, haien ordez, nekazaritza industriala eta elikadura segurtasun falta ekarri. Datuak hor daude: 1986. urtean —Europako Batasunean sartu gintuzten urte berean— 50.000 baserritar ziren Hego Euskal Herrian; gaur egun, berriz, 12.000 ustiapen inguru baino ez dira geratzen—gehienak leporaino zorpetuta—; eta, bestetik, elikagaien inguruko eskandaluak etenik gabe eragiten ari dira —DDT, behi eroak, dioxinak, txerrien gripea…—. Ondorio horiek denak zuzen-zuzenean NPBri zor dizkiogu.
Nola izan zen prozesua? Nola ezarri zuten gaur egungo nekazaritza eredua? Ba, hasiera batean, 1950 eta 1970eko hamarkaden artean NPB —Frantziako eta Alemaniako estatuek nagusiki— gerrarako sortutako fabrikak nekazaritzara aplikatzeko ikerketara dedikatu zuten, eta, horrela, ongarri kimikoak eta herbizidak asmatu zituzten —iraultza berdea bezala saldu zitzaiguna—. Horrekin batera, produktibitatearen araberako diru laguntza zuzenak ematen zituzten, eta baita ustiapenak handitzen laguntzeko inbertsioetarako ere. Ondoren, 1980ko hamarkadan, eta elikadura autosufizientziaren helburua lortu bazen ere, NPBk martxan jarraitu zuen eta gainprodukzioak sortutako soberakinak arazo bihurtu ziren(!). Orduan NPBko diru laguntzak soberakinak esportatzeko ematen hasi ziren, dumping efektua sortuz, hau da, mundu mailako beste nekazariekin lehiatu ahal izateko, ekoizpen prezioen azpitik saltzea —Merkatu Librea aldarrikatzen dutenak beren produktuak babesten!—. Gaur egunean NPBren diru laguntzak ez dira ekoizpenarekin lotzen soberakinik egon ez dadin, eta, horrela, lur hektarea gehien dutenek jasotzen dituzte diru laguntzarik handienak, nahiz eta ez ezer ekoitzi. Eta zein dira NPBren diru laguntza handienak jasotzen dituztenak? Gure baserritarrak? Nola ba!, 2010. urteko datuen arabera, agroindustria multinazionalak (British Sugar- Ebro, Mercadona, Campofrio…) eta jauntxoak (Albako Dukesa…) izan ziren onuradun nagusiak. Urte berean, British Sugar-Ebrok 122 milioi euroren irabaziak izan zituen, baina nekazarien soldatak %30 jaitsi dira 2003. urtetik hona.
Beraz, NPBko diru laguntzen %80 enpresaburu eta jauntxoentzat da, eta ez nekazari edo jornaleroentzat; eta zenbat eta handiago diru laguntza gehiago!
Garbi ikusten da nola Estatuak (edo Estatuen Batasunak) nahiago dituen British Sugar-Ebro bezalako multinazionalak eta gaur egun Hego Euskal Herrian agro-industria eta diru laguntzen menpeko diren 12.000 baserritar, 1976.urtean zeuden 92.000 baserri txiki, autonomo eta salmentak herritarrengana zuzenean bideratzen zituztenak baino.
Horretarako diseinatu ziren NPBko diru laguntzak, baserri autonomoak desagertu eta beren ordez enpresaburu gutxi batzuk eta soldatapeko langile obediente pila bat lortzeko. Ei!, ez dut nik esaten, EBko webguneak dio: “NPB-ren garapena: Arrakasta baten istoria”.