“Ekintzen artean sinergia sortzea eta elkarri laguntzea da Ariolaren helburua”

Ariola kultur taldeak Ariola Eguna ospatuko du maiatzaren 5ean Zarautzen, egitasmoa ezagutarazteko herrian. Herriko kultur arloarentzat espazio bakarra aldarrikatzen dute taldeko kideek, herrian mugimendua bai baina azpiegitura egokirik ez dagoelakoan. Are gehiago, azken asteetan herriko zinema areto eta antzoki bakarrak itxi dituztenean.

Ariolako kidea da Kattalin Urzelai Gonzalez Txabarri (Zarautz, 1986). Arkitektoa izateko ikasketa amaierako proiektua egitea falta zaio Urzelairi, eta proiektua Ariola egitasmoaren inguruan egitea erabaki du. Ariolaren helburuetarako herriko eraikin egokiena Putzuzulo gaztetxea dela ondorioztatu zuten kultur taldeko kideek, eta hura eraberritzearen eta espazio soziokultural bat egitearen inguruan ari da lanean Urzelai. Gauzak ondo bereizi nahi ditu, ordea: “Proiektua nirea da; bi gauza paralelo dira. Ariola ez dago proiektu horren atzean, oraindik ez dakigulako zer aukera ditugun”.

Zein helbururekin jaio da Ariola?

Azpiegitura aldetik Zarautzen dagoen gabezia bete nahi dugu. Orain, esaterako, Modelo zinema eta Lizardi antzokia itxi dituzte, eta herrian ez dago ez zinema aretorik, ez antzokirik. Hortaz, ekintza horiek guztiak kalean egin beharko dira, eta eguraldi txarrarekin ezingo dira egin. Badago gabezia gehiago ere: zenbait espazio falta dira, jendeak eskatu arren. Arlo horiek guztiak barruan izango dituen gune bat lortzea da helburua, sinergia bat sortzeko ekintza guztien artean eta Zarauzko hutsune hori betetzeko.

Udalaren edo beste norbaiten aldetik proposamenik jaso al duzue eraikinei dagokienez?

Udalak azterketa bat egin nahi duela esan digu; esan digu kultur arloan duen ondasun hori Zarauzko beharretara bideratu nahi duela. Horretarako, Zarauzko eragileekin elkartuko da udala.

Udalarekin harremanetan dago Ariola.

Abenduan hiru egunetako jardunaldiak egin genituen: udala gonbidatu genuen, eta gure printzipioekin bat egiten zuela esan zuen, baina ez gure ondorioekin. Hau da, gure ustez, eraikin berri bat egiteko dirurik ez badago, aukerarik onena Putzuzulo gaztetxea eraberritzea da. Baina udala ez da sartzen gaztetxeko proiektuan: dirurik ez dutela diote, eta egia da. Gainera, eraikin hori Munorena da, eta hor dago Salberdingo proiektua ere. Beraz, espazio aldetik oraingoz guk ere ez dugu planteamendu zehatzik: Ariolan badugu diagnosi bat, baina udalak egingo duen azterketa horren zain gaude oraingoz.

Nola dago orain Ariola egitasmoa?

Herriari Ariola ezagutarazten ari gara. Badakigu gure gertuko jendeak ezagutzen duela, baina jende askok ez daki zer den oraindik. Horregatik, aurrena nahi dugu jendeak ezagutzea zer den egitasmoa, eta gero hasiko gara jendearekin batera lanean.

Horregatik antolatu al duzue Ariola Eguna?

Bai. Guk ikusten ditugun azpiegitura eta espazio falta hori kalera ateratzeko antolatu dugu eguna. Agerian utzi nahi dugu zer ekintza, zer mugimendu eta zer kultura ekintza dauden herrian, tokirik ez dutenak. Beste askok badute espazioa, baina bakoitza punta batean bere burbuilan sartuta aritzen da lanean, eta ez zara enteratzen albokoa zertan ari den. Horregatik nahi dugu denontzat espazio bakarra, ekintzen artean sinergia sortzeko eta elkarren berri izan eta elkarri laguntzeko.

Espazio hori erdigunean egotea garrantzitsua al da zuentzat? Bestela, aukerak egon daitezke Abendaño industrialdean edo Ebro Etxea gunean, ezta?

Abendañokoa ez dugu planteatu ere egiten, eta udalak ere ez digu aipatu; hori aurreko udal gobernuak planteatu zuen. Ebro Etxeari dagokionez, udalak zerrendatuak dituen beste eraikinen arazo bera du: ekintza horiek espazio bakar batean sartzeko oso mugatua dela. Zerbait handiagoa behar da. Salberdingo partzela eta Kortazarreko zelaia daude herrian, baina udalak dirurik ez badu, eraikin berri bat egiteak ez dauka zentzurik: hobe da eginda dagoen eraikin bat berrerabiltzea.

Modelo zinema izan daiteke, adibidez?

Pribatua da, saltzeko diru asko eskatzen du jabeak, soto handia du baina ez dago nahikoa toki gauza guztietarako: antzoki bat eta zinema txiki bat egin daitezke, besterik ez.

Egoera ikusita, ez al duzue planteatu espazio bakarra aldarrikatu beharrean beste era batera koordinatzea?

Bai, eta hori da udalak proposatu diguna. Oraindik eztabaida dugu horren inguruan, baina hasieratik garrantzia eman zaio espazio bakarra izateari, sinergia hori sortzera bidean hori da helburu nagusietako bat; hortik jarraituko dugula uste dut.

Jardunaldietan Ariolak hainbat printzipio egin zituen bere. Horrek ez al ditu bazterraraziko kulturako zenbait eragile?

Askotan hitz egin dugu horretaz. Esaterako, guk oso argi dugu euskalduna eta euskaltzalea dela proiektua, nahiz eta horrek zenbait jende kanpoan utzi. Feminista izatea da beste printzipioetako bat, baina ez dut uste inor kanpo uzten duenik; besteak baino gehiago sentitzen den gizon edo emakumerik badago, horiek egitasmoan egoteak ere ez dut uste ezer onik ekar dezakeenik.

Maiatzaren 5aren ondoren, aurtengo urterako helburu zehatzik ba al duzue?

Ez, pausoz pauso goaz. Orain udalak azterketa hori egingo duenez, ikusteko dago hortik zer aterako den eta Ariolak zer iritzi eta zer planteamendu azalduko dituen.