“Gutxiago lan egin behar da, gehiagok egin ahal izateko”

Azaroan gelditu zen langabezian Xabi Gartzia (Errenteria, 1965); aurretik, galdaragile gisa jarduten zuen. Errenteriako langabeen batzarreko kidea da orduz geroztik. Hark argi dauka: “Gu langileak gara, eta lana nahi dugu”. Herrian, ordea, 3.000 langabetik gora dago, eta, horretarako, ez da nahikoa izango lanpostuak sortzea: etxebizitza arloan eta diru laguntzetan ere aldaketak gertatu behar direla iritzi dio Gartziak.

Zergatik da garrantzitsua langabeak antolatzea?

Laster dator Maiatzaren Lehena; langile guztiek konturatu behar dute mundu osoan langileek eskubideak badituzte borrokatu egin direlako dituztela. Gu horregatik antolatzen gara: gure eskubideen alde borrokatzeko.

Zeintzuk dira zuen aldarrikapen nagusiak?

Segun eta zenbat urte lan egiten duzun, denbora jakin batez kobratzeko eskubidea duzu; gehienez, bi urtez. Guk uste dugu epe horrek mugagabea izan behar lukeela. Gobernuak dio europarrak garela; bai, baina han langabezia sariak ez du iraupen mugarik. Ikastaroei buruz ere aritu gara; Lanbidek zein gaizki funtzionatzen duen kritikatu dugu. Hor badago jendea tranpa eginez dirua kobratzen duena; eta enpresaburu lapurrak, ez dutenak ordaintzen behar luketen bezainbeste. Guk ez, guk dena ordaindu behar dugu, eta ondo lotuta gaude; baina beste batzuk ez, eta hor badago arazo bat.

Zergatik erabaki duzue zuen kontura antolatzea eta ez sindikatuen bidez?

Sindikatu guztiekin dugu harremana, baina langabeen artean denetik dago. Ni, adibidez, ez naiz inongo kide; beste batzuk bai. Guk langabe gisa nahi dugu antolatu, enpresetan eta sindikatuetan eragiteko.

Enpresentzat zein mezu duzue?

Guk lana banatzea proposatu dugu: gutxiago lan egin, gehiagok lan egin ahal izateko. Beste puntu bat ordu osagarriena da; lanpostu gutxiago sortzea dakar horrek. Enpresa handietan sindikatuak daude, eta zailagoa da hitzarmena ez betetzea, baina Gipuzkoan langile gehienak enpresa txiki eta ertainetan aritzen dira; asko ez daude antolatuta, eta horrela zailagoa da enpresari presio egitea. Eta soldata hitzarmenaren araberakoa da, baina ordu osagarriak ez.

Kosta egiten da langabeak mobilizatzea?

Bai, eta etxeetako kaleratzeek eragin handia dute hor. Komunikabideetan askotan entzuten da etxetik botatzea norberaren errua dela: “Jakina, hipoteka bat nahi zuenez…”. Jendea errudun sentitzen da etxetik botatzen dutenean. Nik beti esaten diet: “Ea, zuk utzi duzu lana? Ez, ezta? Orduan, ez da zure errua”.