Aurten, bosgarren aldiz egingo dute Huhezinema euskal film laburren jaialdia, eta hautatu dituzte finalera ailegatu diren hamar film laburrak. Orotara, 130 lan aurkeztu dituzte aurtengo lehiaketara, eta Aukeraketa Batzordeak hamar film labur hautatu ditu horietatik. Honako hauek dira: Ekaitza (Alberto Gastesi), Ismalia (Xabier Cereceda-Hoz), Zeinek gehiago iraun (Gregorio Muro), Superzebraman (Javier Urtasun), Istmo (Alberto Gastesi), Dicen (Alauda Ruiz de Azua), Garaipena (Esteban Ramos), No se qué hacer contigo (Miguel Campion), She’s Lost Control (Haritz Zubillaga) eta Por los camareros (Javier Etxaniz-Gregorio Muro).
Hamar finalista horien artean, hiru sari banatuko dituzte. Hiru sari horietatik lehen biak epaimahai ofizialak ebatziko ditu; alegia, ikus-entzunezkoen sektorean diharduten hainbat adituk osatutako epaimahai batek. Euskarazko film laburrik onenari 1.000 euroko saria emango diote, eta film laburrik onenari, 600 eurokoa. Publikoaren boz gehien jasotzen duen lanak, berriz, 400 euroko saria jasoko du.
Huheziko ikasleek egindako lanak ere sarituko dituzte. Epaimahai ofizialak 500 euroko saria emango dio film laburrik onenari. Publikoak, berriz, fikziozko film labur onena sarituko du, batetik, eta dokumental onena, bestetik.
Jaialdia maiatzaren 8tik 10era bitartean izango da, Eskoriatzan eta Aretxabaletan. Azken egunean banatuko dituzte sariak.