Krisiaz eta langabeziaz mintzo dira estatistikak, politikariak eta enpresaburuak. Hilero-hilero, langabeziari buruzko datu beldurgarriak ematen dira argitara; milaka pertsona gelditu dira kalean, eta, apurka, benetan kalea hartzen hasi dira. Gipuzkoan, hainbat leku eta arlotan elkartu dira langabeak. Gehienetan, herri mailako batzarrak sortu dituzte; Errenterian, Andoainen, Urnietan, Azkoitian eta Donostian, esaterako, martxan dira langabe taldeak. Eraikuntzako langileek, berriz, Gipuzkoa mailako taldea osatu dute.
Martxoaren 9an elkartu ziren lehenengoz hainbat herritako taldeak, “informazioa trukatzeko” helburuz. Errenteriako batzarrak balorazio positiboa egin zuen bilera haren ondoren, baina oro har langabeen aldetik “babes handiagoa” sumatu zuen faltan, deialdiak erantzun eskasa izan zuelako. Herri guztietan antolatzeko deia egin dute batzar horretakoek: “Behingoz ohartu behar dugu, gu, langabeok, kalte gehien jasan dugunok, mugitu eta borrokatu ezean jai dugula, ez duela beste inork gure ordez egingo. Ezin gara inolaz ere geldirik egon, etxezuloan sartuta, besoak gurutzaturik, deus ere egin gabe”. Aste honetan egin dute bigarren bilera; asteazkenean bildu ziren, Urnietako kultur etxean.
Langabeen taldeek beste hainbat gizarte mugimenduri eman diete babesa azken hilabeteotan, esate baterako, hipoteka ez ordaintzeagatik etxetik kaleratu dituzten pertsonei. Izan ere, langabezian gelditzearen ondorio zuzen gisa ikusten dituzte etxeetako kaleratzeak; langabezia sari eta diru laguntza urriei botatzen diete horren errua. Etxebizitzarena konpondu beharreko arazo garrantzitsua dela aldarrikatzen dute langabeen batzar gehienek; lanik gabe ere, bakoitzaren diru sarreren araberako alokairu soziala eskatu izan dute.