Donostia
Beste kontsumo eredu baten alde, Saretuz topaketa: Kontsumismoari alternatibak Donostian topaketa egingo dute gaur eta bihar Donostiako San Telmo museoan. Mugarik Gabe, Ekologistak Martxan, Emaus, Setem Hego Haizea, Mugarik Gabeko Ekonomialariak eta Donostiako Bidezko Merkataritza taldeek antolatu dute topaketa, eta bi helburu nagusi ditu: “Donostian kontsumismoari aurre egiteko dauden alternatibak aurkeztea”, baita ikuspegi zabalago bat eman eta “kontsumoak ingurune hurbilean eta urrunean” dituen ondorioak azaltzea ere.
Donostiako hainbat elkartek “kontsumo arduratsu eta zentzuzko baten bidetik” proposatzen dituzten alternatibak ere erakutsi eta eztabaidatu nahi dituzte Saretuz topaketan. Era berean, oinarriak ere finkatu nahi dituzte hirian aurrerantzean gai horren inguruan lan egiteko sare batean.
Gaurko egitarauari dagokionez, 17:00etan, Saretuz aurkeztuko dute, kontsumo arduratsurako Donostiako sarea. 17:30ean, berriz, hitzaldia izango da: Nola eragiten digun kontsumismoak eta gaur egungo garapen ereduak, ikuspegi lokal eta globalarekin.
Bihar, 10:00etan, Nola ondo elikatu Donostian era jasangarri batean eta bertako ekoizle eta merkataritza bultzatuz. Ideiak eta alternatibak solasaldia izango da, eta, 12:00etan, Egunerokotasunean aurreztu eta kontsumitzeko ideia praktikoak solasaldia egingo dute. 13:00etan, parte hartzaileei hitza eman, eta Donostian dauden eta falta diren aukerei buruz mintzatuko dira.
Gainera, http://saretuz.wordpress.com webgunean, informazio praktikoa eskuragarri jarri dute antolatzaileek. Parte hartzea dohanikakoa da, eta tokiak bukatu arte onartuko dituzte parte hartzaileak. Haurtzaindegi zerbitzua ere eskainiko dute.
ORDUTEGIA
Gaur. 17:00etatik 20:00etara, San Telmo museoan.
Bihar. 10:00etatik 14:00etara, San Telmo museoan.