Lehen sei hiletako helburuak hiru hilean bete ditu Merkaonek

Uste baino hobeto ari da zabaltzen Merkaon. Urteko lehen seihilekorako ezarri zituzten helburuak hiru hilabetean bete dituzte. 1.200 denda eta profesional baino gehiago bildu dira Merkaonera, eta 8.000ko muga gainditu dute txartelaren erabiltzaileek. Gipuzkoako merkataritza sustatze- ko pausoak ematen ari da Gureak taldeko Gupost enpresak sustatutako ekinbide hori. Hala uste dute, behintzat, bultzatzaileek.

Merkaon izenaren azpian, bezeroak eta merkatari eta profesionalak biltzen dira. Horiek lotzeko, bazkide txartela, webgunea eta datu basea erabiltzen dituzte. Ideia sinple bat dago atzean: ekimenean parte hartzen duten bezeroak eta dendak identifikatzea. www.merkaon.com-en, ekinbidearen inguruko informazioa, merkatarien zerrenda eta unean uneko eskaintza berezien ingurukoak ikus daitezke.

Erosleek bereizgarri bat jasotzen dute izena ematean. Horretarako, hiru bide dituzte. Parte hartzen duten dendetan fitxa bete eta unean bertan jasoko dute txartela; Merkaonera Internet edo telefono bidez atxikiz gero, postaz jasoko dute. Urtea amaitu baino lehen 20.000 kide izatera iristea espero zuten arduradunek. Urtea amaitzeko zortzi hilabete falta dira, eta jadanik 8.000 gipuzkoarrek dute txartela.

Txartela da Merkaoneko kidearen ikurra. “Identifikazio baten modukoa da, eta horrek zuzeneko deskonturako eskubidea ematen dizu”, adierazi du Merkaoneko komunikazio arduradun Imanol Gallegok. Bertako kide diren denda eta zerbitzuetan, gutxienez %5eko beherapena egingo diote erosleari, baina gehiago izan daitekeela ere esan du.

Atean jarritako itsasgarria

Merkaoneko komertzioak identifikatzeko, berriz, establezimenduko atean begiratzea besterik ez dago, bertan egongo baita Merkaonen logoa duen itsasgarria. Horiek beste era batera ere aurkitu daitezke; hain zuzen ere, ekinbidearen webgunean dagoen direktorioan begiratuta. “Lokalik ez duten zerbitzu asko daude, eta zerrendak horiek bilatzeko eta beste herrietan zer aurki daitekeen jakiteko balio du”. Ia urtearekin batera hasi zen Merkaon ekinbidea, eta hamabi hilabetean 2.000 dendari eta zerbitzu emaile biltzea espero zuten antolatzaileek; jadanik 1.200eko kopurua gainditu dute.

Hainbat herritan horrelako ekimenak bazeuden lehenago ere, baina Merkaonen berrikuntza Gipuzkoa osora hedatzeko asmoa da. Izan ere, lurralde osoko merkatari eta zerbitzu emaileak ari baitira programan sartzeko interesa dutela erakusten.

Arduradunek komunitate hitza nahiago dute Merkaon ekinbidea deskribatzeko; “komunitate batean babestuta sentitzen zarelako”. Kalearen eta herrien dinamizatzailetzat jotzen dituzte dendak, eta ekinbidea horien alde egiteko modua dela uste dute.

Gallegok azaldu duenez, Merkaonen asmoa ez da orotara gutxiago gastatzea, baizik eta diru kopuru berbera gastatuz erosleek gauza gehiago eskuratzea. “Guk nahi duguna trafiko gehiago sortzea da, merkealdian bezala”. Hala eta guztiz ere, ekinbidearen arduradunek diote urtearen buruan mila euro aurreztera irits daitezkeela erosleak.

Bestalde, beraien ekinbidearen eta Interneteko deskontu guneen arteko ezberdintasuna nabarmena dela dio Gallegok. Eguneroko erosketei dagozkien beherapenak direlako Merkaon txartelaren bidez jasotzen direnak. “Afari gourmetak eta horrelakoak eskaintzen dira beste guneetan, eta hori ez da egunerokoan kontsumitzen”.

Gureak taldearekin batera

Merkaon ekinbidea Gureak taldeko Gupost enpresaren ideia izan zen. “Lan karga bilatzen ari ginen, guk txartelak egiten ditugulako”, adierazi du Gallegok. Kutxabank, Forum eta Lurraldebus bezalako bezeroak ditu Gupostek. “Lan erraz eta mekanikoa da, eta Downen sindromea baduzu, erraz egin dezakezu. Elbarria izanez gero, telefono arretan lan egin dezakezu. Lan horiek pertsona egokiei ematen zaizkie”.

Bestalde, krisiaren eragina merkataritza txikian berebiziko eragina izaten ari dela ikusi dute, eta horren aurka egiteko Gipuzkoan “barruko” merkataritza trafikoa sortzea gomendagarria dela. Lan karga sortzeko beharra eta merkataritza txikia suspertzeko estrategia uztartuta, Gupostek aurrezte komunitatea sortu zuen.