Metaleko negoziazioetan urrundu egin dira sindikatuen eta Adegiren jarrerak

Gipuzkoako metaleko lan hitzarmenari buruzko negoziazioetan urrundu egin dira bi aldeen jarrerak, asteon Donostian egin duten bileran. Negoziazioak hasi zirenetik bederatzigarrenez bildu dira sindikatuak eta patronala. Sindikatuek nahi dute Espainiako lan erreforma berria ez dadila sar hitzarmenean, eta Adegiri eskatu diote argi dezala zein jarrera duen horren inguruan. Adegik, berriz, negoziazioak “blokeatu” nahi izatea egotzi die sindikatuei, “legea ez betetzea jartzen baitute baldintza gisa aurrera egiteko”. Metalekoa da herrialdeko hitzarmenik garrantzitsuena; 58.000 langileri eragiten die Gipuzkoan.