Zarauzko Udalak parte hartze prozesua abiatuko du erabaki bat hartu aurretik

Kultur arloan dituen azpiegitura garrantzitsuenetariko bi galdu berri ditu Zarautzek: Modelo zinema eta Lizardi antzokia. Biak daude itxita, eta antzokia bota eta etxeak egiteko proiektua martxan da. Zinemako jabeek proposamena egin diote udalari, Gari Berasaluze Kultura zinegotziak Gipuzkoako Hitza-ri jakinarazi dionez: Modelo hilean 2.500 euroren truke utziko lioke alokairuan udalari. Lizardiri dagokionez, udala enpresa eraikitzailearekin harremanetan da, etxeak egiten hasi bitartean udalak eraikina erabili ahal izateko. Kontuak kontu, udalak parte hartze prozesu bat jarriko du abian datozen asteetan, “udalak duen proposamena azaltzeko eta kultur azpiegitura egokiena zein den denon artean zehazteko”. Berasaluzek zehaztu duenez, prozesuak lauzpabost aste iraungo du: datorren astean aurkeztuko dute.