“Ez da bidezkoa errauste planta eztabaida honetatik atera nahi izatea”

Zero waste; birzikla ezin daitekeen errefusarik ez. Horixe du helburu Zero Zabor filosofiak; munduko hainbat lekutan aski zabaldua dagoen mugimendua da, eta Gipuzkoan ere geroz eta herri gehiagotan sortzen ari dira Zero Zabor taldeak. Oraingoz, atez ateko bilketa sistemari buruzko informazioa zabaltzean datza euren lan nagusia.

Oñati Zero Zabor eta Debagoiena Zero Zabor taldeetako kidea da Ander Lizarralde (Oñati, 1982). Egin berri dute Errausketari ateak ixten dokumentala: “Ikusten genuen egundoko iskanbila zetorrela kontu honekin, eta lehenbailehen gure bertsioa eman behar genuela”. Hondakinei buruzko eztabaidak “garbiagoa” izan behar lukeela uste du.

Zein da Zero Zabor taldeen funtzioa?

Lehenengo, interes alderdikoietatik eta sortu den zurrunbilo honetatik kanpo mantentzea. Eta gero, lanketa bat egitea; bakoitzak du bere egia, baina zintzotasunez aritu behar dugu, engainurako asmorik gabe. Beraz, gure funtzioa hori da: zaborraren inguruan zintzoki hitz egitea, baina aldi berean garbi esanez badugula posizionamendu argi bat atez atekoaren alde, Zero Zabor filosofia orokorrago baten barruan.

Zero Zabor hondakinen bilketatik haratago doa, hortaz.

Guretzat, zabor bilketa filosofia horren barruko zati garrantzitsuenetarikoa da, baina beste neurri batzuek ere beste hainbesteko pisua har dezakete, adibidez, hondakinen murrizketarekin lotutakoak. Horrela ere gauzatu daiteke Zero Zabor filosofia.

Zein beste ekimen dira Zero Zabor?

Guk aldarrikatzen dugu zaborra, dena nahastean sortzen dela, eta nahastu ezean, hondakinez hitz egiten ari garela. Hau da, hondakinak aprobetxagarriak dira, eta berriz zikloan sartu daitezke; zaborra, aldiz, ez. Orduan, hondakinak garbi eta ondo bereizita edukitzeko gakoa organiko guztia bereiztea da; hortik dator atez atekoaren garrantzia. Ipar Italian atez ateko bilketa erabiltzen dute, eta birziklatu ezin den %10 horretarako, badira teknologian inbertitzeko ekimenak; laborategietan aztertzen ari dira produktu horiek nola ordezkatu; badira bertako produktuak aleka saltzen dituzten dendak… Gipuzkoara ere iritsi dira Zero Zabor politika praktikoak: esne makinak, botila berrerabilgarriekin; Hernaniko fardel berrerabilgarriak; tupper-ak arrandegi eta harategietan…

Zer iruditzen zaizu gai honi buruz sortzen ari den eztabaida?

Komunikabide batzuen intoxikazioa salatu nahi dugu; eztabaidak zintzoa eta bidezkoa izan behar du. Mundu mailako xahutze material eta energetikoaren testuinguruan kokatu behar da; baliabideen krisian. Bestalde, ez gara ari ahalegin olinpiko bati buruz. Hor ere eztabaida polita dago: zertara iritsi den gizarte industrial moderno hau. Erosotasuna bai, baina ahalegina zero.

Atez atekoa errauste planta saihesteko bidea dela diozue; sistema horren aurkakoek, aldiz, gauza desberdinak direla.

Ez da bidezkoa errauste planta eztabaida honetatik ateratzea, batak bestea dakarrelako: segun eta nola egiten duzun bilketa, halakoa izango da tratamendua. Errauste plantaz hitz egin behar da.

Ez zaizu iruditzen eztabaida politizatuegi dagoela?

Zero Zabor filosofia guztiz autonomoa da; hor edonork kabitu behar luke. Baina bai, politizatuta dago. Galdera da: noren interesa izan da hau politizatzea? Alderdi politiko batek eman du aurpegia atez atekoaren alde, hau instituzioetatik bideratzen den kontua delako; logikoa da alderdi politikoak egotea. Baina asmoa ikusten dugu hau ezker abertzalearekin lotzeko, eta ez da hala; honek soziala izan behar du, eta hitz egin behar da emaitza onenak ematen dituen bilketaz, ez hura defendatzen duenaz.