“Hitzez eskertu ezinezkoa”

Manolo eta Tere ez dira Saiaturen bezero ohikoenak, orain urtebete baino gehiago hasi zirelako taldekoen bisitak jasotzen. Gaixoen bizitzako azken hiru hilabeteetara zuzendutako zerbitzua da. Baina 83 urteko Manolo del Rio Pardavillak aurrera jarraitzen du. Eta Josune Artetxe eta Olatz Romero Saiatuko langileak gustura joaten dira haren etxera. Manolo Donostiako Bidebieta auzoan bizi da Tere Lorenzo emaztearekin batera. Prostatako minbizia du, eta bere gaixotasunak ez du atzera bueltarik. Ez dakite, ordea, zenbat denbora jarraituko duen bizirik.

Gorputza kaskar, baina burua ondo baino hobeto du del Riok, eta Saiatuko kideei gaitzizena ere jarri die: “Los Angeles de Charlie deitzen diet nik. Pentsatu zer diren niretzat!”, dio hunkituta. Eguraldi ona egiten duenean gurpildun aulki elektrikoan ateratzen dute kalera. “San Pedroko Puntas aldera joaten gara, itsasadarra ikustera, portuaren sarrera. Norvegiako fiordo bat ikustea bezalakoxea da”, dio Del Riok. Artetxek bozina urdin handi bat ere erosi zion, jendeak espaloi gainean tokia egiteko. “Aulkiari astindua emateko esaten dit Josunek!”, dio barrezka del Riok.

Tere Lorenzo gustura baino gusturago dago Saiatuko lan taldeak ematen dien zerbitzuarekin: “Hitzez ezin dut esplikatu, ezin dut eskertu egiten duten guztia”. Emagina eta erizaina izandakoa da, eta badaki zer den pertsona bat bere azken etapan zaintzea; “baina ez da gauza bera ezezagun bat zaintzea, edo etxeko bat”. Psikologikoki momentu txarrak izan dituenean Saiatukoek asko lagundu diotela azaldu du, eta etxera alaitasuna ekartzen dutela gaineratu. “Alabak asko laguntzen dit, eta hauek ere bai: etxekoak dira jada niretzat”.

77 urte ditu Lorenzok, eta energia soberan. Eta, hala ere, pozik hartzen ditu Saiatukoak etxean astelehen, asteazken eta ostiral goizetan. “Senarra oraindik ohean dela etortzen dira. Elkarrekin gosaltzen dugu eta hitz egiteko aukera izaten dugu. Gainera, gauero deitzen dizute ea dena ondo dagoen jakiteko. Lasaitasun handia da hori”. Senarra garbitu, eta kalera ateratzen dute; eguraldiak laguntzen ez badu, berriz, etxean musikarik eta Interneteko irudirik ez da falta izaten. “Momentua bizi behar da, ez dugu besterik”, dio Lorenzok. Eta horretan saiatzen dira Artetxe eta Romero: “Manolok azken etapa honetan ahalik eta bizi kalitate hoberena izatea nahi dugu, horretan saiatzen gara”, diote biek.

Zerbitzu honetaz gain, beste pertsona baten laguntza ere jasotzen du etxean Lorenzok, gainerako egunetan del Rio garbitzeko eta hainbat lan egiteko. “Saiatu zerbitzua izango ez banu ez dakit nola moldatuko nintzatekeen. Beste pertsonaren bat hartu beharko nukeen, baina ez lirateke hauek bezain profesionalak izango. Neuk ere gehiago sakrifikatuko beharko nukeen, edo bestela ezingo nukeen etxean eduki”.