“Koreografiatzeko beharra dut; nire burua kreatiboa da”

Donostia eta Valladolidek erdibituta dauka bihotza Juan Carlos Santamariak (Donostia, 1964). Hain zuzen, bere jaioterrian, Donostian, X. Dantza Saria emango diote bihar, koreografo eta dantza irakasle bezala egindako ibilbideagatik. Saria pozik hartu arren, dantzak ez ditu une errazak bizi, eta berak inork baino hobeto daki horrek bere konpainiari eragin baitio.

Urte asko daramatzazu dantzaren munduan sartuta. Nola hasi zinen?

Txikitatik gustatu izan zait. Telebistan pelikuletan Fred Astaire-eta ateratzen zirenean… dantzaren munduak betidanik harrapatu nau. Donostian, esaterako, euskal folklorea dantzatzen nuen. Gero, nire familia Valladolidera bueltatu zen 11 urte nituenean, eta 16 urterekin hango dantza eskola ezagutu nuen. Urtebetera Madrilera joan nintzen. Maila profesionalean berandu hasi nintzen.

Hor urrats handiak eman zenituen.

Espainiako Dantza Eskolan sartu nintzen. Garai horretan Victor Ullate zen Espainiako Ballet-eko zuzendaria, eta Carmen Roche dantza eskolakoa. Hor dagoeneko maila profesionalean hasi nintzen, eta jende asko ezagutu nuen.

Zenbat denbora egin zenuen?

Sei urte egin nituen, eta Maria de Avilarekin, Maya Plisetskaia eta Nacho Duatoren zuzendaritzapean egon nintzen.

Hortik Madrilgo Errege Dantza Eskola Profesionalera joan zinen. Zergatik erabaki zenuen dantza utzi eta sortzaile eta dantza irakasle lanetan hastea?

Beti argi eduki dut mundu hori gogoko dudala, baina sormenarengatik. Asko gustatzen zait irakastea, eta koreografo bezala nire lanak jendeak dantzarekin gozatzera zuzenduta daude. Amets hori batik bat Madrilgo Errege Dantza Eskolan landu nuen bederatzi urtez. Gero, ordea, txiki geratu zitzaidan. Azkenean uztea erabaki nuen eta nire konpainia propioa osatzea, Santamaria Dantza Konpainia. Hortik sortu zen Gaztela Leongo Dantza Eskola Profesionala duela sei urte. Horren barruan dauden Burgoseko zentroa eta Valladolidekoa zuzentzen ditut duela bi urtetik.

Era berean, zure konpainia propioarekin jarraitzen duzu.

Konpainiak ia zuen guztia eman du. Krisiaren eraginez, egoera zaila bizi du, eta era berean, Gaztela Leongo Eskola hazten ari da, proiektuak zentzua duela ikusten ari naiz eta asko gustatzen zait; horren aldeko apustua egingo dut. Donostiakoaren ostean, beste bost emanaldi ditugu, baina ez dut uste jarraitu ahal izango dugunik. Ahalegin handia eskatzen du, eta atseden pixka bat behar dut oraingoz.

Pena ere emango dizu, ezta?

Hamalau urte izan dira, eta hala nola, Espainiako Dantza Saria lortu dut sormen arloan. Espainian lor daitekeen sari gorena da. Gauza da krisi garaian eman zidatela, 2008an, eta gauzak egin diren arren, egoera oso zaila da… Gainera, daukadan bizitza nahaspilatua kontuan izanda oraingoz nahiago dut errekuperatu eta indarrak hartu. Egoera aldatzen bada eta publikoak maitatzen jarraitzen banau ziurrenik aurrera egingo dut. Behintzat, dantzaren munduan jarraituko dut.

Koreografo eta maisu zara. Bietako zein alderekin geratzen zara?

Argi daukat zeinekin ez: dantzari izatearekin. Beste biak beharrezko zaizkit: irakastea gustatzen zait eta baita koreografiatzea ere. Koreografiatzeko beharra dut, nire burua kreatiboa da.

Zergatik dantzari izatea ez duzu horren gustuko?

Gustatzen zitzaidan eta behar nuen, baina ez nintzen sentitzen irakatsi edo koreografiatzearen magia horrekin. Sentipen hori dantzari bezala ez dut izan.

Irakasle bezala nola ikusten dituzu belaunaldi berriak?

Oso ilusionatua nago, pozik. Espainian talentu ugari dago. Euskal Herria ere betidanik dantzari onak ematen ari da. Talentua badago, eta geroz eta dantza irakaskuntza hobea. Hala ere, Espainian pena da ez dagoela kudeatzaile kultural onik. Pena da, guztia politikan oinarritzen delako, eta politika lau urtean behin aldatzen da. Hori laster aldatzea espero dut, baina krisiarekin zail ikusten dut.

2008an Espainiako Dantza Saria irabazi zenuen. Bihar ere saria emango dizute Donostian. Ez da horren entzutetsua, baina zer esanahi dauka zuretzat?

Niretzat sari handi bat da. Maitasun handiarekin hartuko dut, Donostia maite dudalako. Donostiaz hitz egitearekin batera aurpegia argitzen zait. Niretzat hiru hiri dira garrantzitsuak: jaio nintzena, Donostia; Valladolid, nire familia han dagoelako; eta Madril, naizena izatea ahalbidetu baitu.

Viktoria Eugenian egingo den ekitaldi batean emango dizute saria. Ekimen berean zure dantza taldeak parte hartuko dute, Euskal Herriko beste zenbaitekin batera. Nola ikusten dituzu euskal taldeak?

Donostia inguruan asko sustatu izan da dantza, eta erabat babesten dut. Donostiatik ateratzen diren dantzariez harro nago: ingurune txiki batetik zenbat eta zein kalitateko dantzariak ateratzen ari diren.

Krisia aipatu duzu. Murrizketak egiten ari dira, eta zehazki, dantzari nola ari zaie eragiten?

Dantza da arte guztien Errauskine. Murrizketekin lehen kaltetua ere bera izan da.

Nola ari zaio aurre egiten?

Ohituta gaude egoera honetan bizitzera. 30 urtean gauza asko lortu dira, eta askotan hau Titanic bat dela iruditzen zait: ohituta gaude hondoratuta igeri egiten, eta espero dut atera ahal izatea, eta indartuta.