Non sartu hondakinak

Pil-pilean dago Gipuzkoan hondakinen bilketari buruzko eztabaida: geroz eta herri gehiagotan hasi dira atez ateko bilketa sistema erabiltzen, Zero Zabor filosofiari jarraiki. Orain arte, Usurbilen, Hernanin, Oiartzunen eta Antzuolan jarri dute martxan hondakinak gaika biltzeko sistema hori, baina datorren urte hasieran beste 34 udalerritan erabiltzen hasteko asmoa dago. Helburua ahalik eta errefusa gutxien sortzea da, hau da: birzikla ezin daitekeen zaborra ahal beste gutxitzea. Horrela, Zubietan eraikitzekoak ziren errauste planta beharrezkoa ez dela erakutsi nahi dute.

Proiektuak, ordea, ez ditu denak poztu. Hainbat herritan atez atekoaren aurkako sinadurak biltzen hasi dira; talde horietako gehienek orain arte hainbat herritan indarrean egon den sistemarekin jarraitzea proposatzen dute, hondakin organikoentzako bosgarren edukiontzi bat erabiliz. Eztabaida horren barruan, bada hirugarren proposamen bat ere: Itsasondon bien arteko aukera bati heldu zioten duela urtebete, eta emaitza onak eman dituela diote haren sustatzaileek.

Funtsean, hondakinen arazoa denek ikusten dute: Gipuzkoako zabortegiak gainezka egitear daude, eta itxi egin behar dira. Hondakinak bereizi, berrerabili eta ahalik eta zabor gutxien sortu beharra dago. Bakoitzak, ordea, bilketa egiteko bere era du.

1. Atez ate

Atez ateko bilketan, gai guztiak bereizten dira, eta etxetik gertu jartzen diren bilketa guneetako batean uzten dira, beira izan ezik; gai horrek betiko edukiontzia du. Organikoarentzat, kubo berezi bat dute herritarrek: marroia.

Hondakin horiek ateratzeko egutegi bat zehazten da. Birzikla daitezkeen gaiak asteko sei egunetan atera daitezke: organikoa, hiru egunetan; ontzi arinak, bitan; eta papera eta kartoia, astean behin. Errefusa astean behin atera daiteke.

Ondoren, bildutako gai bakoitzak bere bidea egiten du. Organikoa konpostatze planta batera eramaten da; gaur egun, Gipuzkoatik kanpo egiten da hori, oraindik ez dagoelako nahikoa gaitasun duen plantarik. Errefusa, berriz, ohiko zabortegietara eramaten da, tratatu gabe. Ainhoa Arrospide Gipuzkoa Zero Zaborreko bozeramailearen arabera, ordea, hori aldatu egingo da etorkizunean: “Errefusa hori, egonkortzeko tratamendu baten ostean eraman behar litzateke zabortegira, arazorik ez emateko”.

Hainbat arrazoirengatik erabiltzen da kuboa organikoa biltzerakoan, eta ez ohiko zabor poltsa: “Garrantzitsua da ahalik eta hondakin gutxien sortzea. Bestetik, teorian poltsa biodegradagarriak erabil daitezkeen arren, plastikozko poltsa askok bukatzen dute tartean, eta ikusita daukagu horrek konpostatze plantan daukan eragina”.

Bilketa sistema herri bakoitzaren ezaugarrietara molda daitekeela ere azaldu du Arrospidek: “Kamioia iristen ez den landa guneetan bizi diren herritarrek beraiek kudeatzen dute materia organikoa, konposta eginez”. Gainerako hondakinak aportazio guneetara eraman ditzakete; gune horiek “larrialdi guneen” funtzioa ere betetzen dute, kamioiaren ordutegia ondo ez datorkien herritarrentzat.

2. Bost edukiontzi

Gipuzkoako 30 udalerrik erabiltzen dute bosgarren edukiontzia, hondakin organikoak biltzekoa. Horietan, mantendu egin dute orain arteko edukiontzien sistema, baina nahi duten herritarrei aukera ematen diete hondakin organikoak ere bereizteko. Aurretik, hitzaldi batean argibideak ematen zaizkie, eta edukiontzia irekitzeko giltza jasotzen dute, ziurtatzeko horra hondakin organikoak baino ez dituztela botako.

Bost edukiontziena “sistema erosoa” da, Alejandro Vazquezen hitzetan. Zarautzen atez atekoaren aurkako sinadurak biltzen dabilen taldeko kidea da Vazquez; bere iritziz, ez da beharrezkoa beste sistemarik. “Gai guztietarako edukiontziak ditugu. Hobetu litekeela? Bai. Baina beste sistema bat jartzeak ez du merezi”.

Bosgarren edukiontzia “pixkanaka zabaltzen” joan behar dela uste du Vazquezek. Atez atekoa zigor gisa ikusten du: “Esaten bada jendeak ez duela birziklatzen behar den bezala, horretarako daude udal ordenantzak. Edukiontzi berdean, errefusa botatzen den horretan, begirale bat ipini beharko dute denboraldi batez, edo ikastaroak eman beharko zaizkio jendeari. Baina gainontzekoek, ondo egiten ari direnek, ez dute inkisidorearen begirada jasan behar; noiz atera fardelak, noiz organikoa”.

Errauste plantaz galdetuta, “gauza desberdinak” direla esan du Vazquezek: “Gauza bat da birziklatzea, baina soberan dagoenarekin zer? Beste instalazio bat behar da horretarako; hori erre, eta bide batez energia lortu. Gainera, errauste planta berriek ez dute kerik botatzen, ez dute kutsatzen eta ez dira kaltegarriak. Eta, segun eta zein lekutan dauden, inguruko aire kutsatua ere erregeneratzen dute”.

3. Itsasondoko eredua

Bere behar eta baliabideetara moldatu du Itsasondok hondakinen bilketa, Enrike Enparantzak, Sasieta mankomunitateko Ingurumen teknikariak, azaldu duenez: bost edukiontzien sistema “hobeto aprobetxatzeko”, edukiontzi berdea kendu dute, eta errefusa atez ate biltzen dute orain. Birziklatzeko edukiontzi guztiak kalean mantendu dituzte. Horietara edozein egun eta ordutan bota ditzakete hondakinak; errefusa, aldiz, astean behin baino ez. Errefusaren kuboa pertsonala da, eta organikoa biltzeko edukiontzia ere txartel bidez ireki behar da: “Astero zabaldu egiten ditugu edukiontziak, dena ondo dagoen ikusteko”.

Emaitzak onak dira: Itsasondon, hondakinen %90 birziklatzen da, Enparantzak emandako datuen arabera. “Lehen, hilean 11 tona errefusa sortzen genituen; orain, 850 kilo sortzen ditugu”. Beste herrietan ere funtziona dezakeen sistema dela uste du; aurki hasiko dira aztertzen Sasieta mankomunitateko beste herrietarako zein sistema den egokiena.