Saiatu proiektu pilotuak jada urte eta erdi damara eri paliatiboak artatzen

Urte eta erdiko bidea egin du Saiatu proiektu pilotuak. Bizitzaren azken hilabeteetan dauden gaixoei zaintza etxean ematen die medikuz, erizainez, erizain laguntzailez eta gizarte langilez osatutako profesional taldeak. Zaintzatik harago doan zerbitzua da, ordea. Eriaren zaintzaile nagusiari eta eriari berari laguntzea ere badu helburu zerbitzuak. Osasun arloa eta arlo soziala, biak hartzen ditu barruan proiektu berak. Ideia berritzailea iritzita, Denokinn berrikuntza, ekintza eta enpresa berriak sortzeko euskal zentroaren laguntza ere izan du. Honen bitartez, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Europako Gizarte Funtsak diruz lagundu dute Saiatu proiektua. Hala, zerbitzua doakoa da hartzaileentzat.

Naomi Hasson da Saiatu proiektuko koordinatzailea, eta itxaropentsu azaldu da etorkizunaz hitz egitean: “Proiektu pilotu izaten jarraitzen du, eta berez ekainean amaituko zaigu laguntza. Baina enpresa independente batek egindako txostenak ondorioztatu du gure lana baliogarria dela, eta aurrera jarraitzeko itxaropena dugu”. Helburua finantziazio bideak aurkitu eta proiektua enpresa pribatu bihurtzea da. Izan ere, gizartearen beharretara egokitzen diren enpresa berritzaileak bultzatzea da Denokinnen zeregina, eta horretan ari zaio laguntzen.

Proiektua gaur-gaurkoz Gipuzkoan kokatuta dago, eta gipuzkoarrei zuzendutako zerbitzua da. Hala ere, zerbitzu hau emateak dituen kostuei buruz galdetuta, Hassonek datu orokorragoa eman du: EAE Euskal Autonomia Erkidegoan esku hartuko balute, esaterako, “urtean 250.000 euroko aurrekontua” beharko lukete “gutxienez”. Zerbitzua etorkizunean ere erabiltzaileentzat doakoa izatea nahi dute Saiatuko arduradunek, baina finantziazioari laguntzeko aukera gisa tresna bat ere jarriko dute herritarren eskura. “Behin erabiltzaileari zerbitzua amaituta, nahi dutenek dirua eman ahal izango dute beste herritar batzuek gure zerbitzua erabili ahal izateko: laguntzaile izateko aukera izango dute”.

Proiektu berritzailea

Bertako erakunde publikoak ez dira bakarrak izan proiektua berritzaile jotzerakoan. Suediako hirugarren adinari buruzko aldizkari batekoak ere interesatu dira Saiatu proiektuarekin, eta bertan izan dira erreportaje bat egiten. Hassonentzat proiektua berritzailea da hainbat aldetatik begiratuta: alde batetik, bizitzaren azken etapan “osasun alorreko zaintzari arlo soziala gehitu” diotelako, “modu profesionalean”. Izan ere, “ikastaro zehatzak” jaso dituzte langileek, bizitzaren azken etapako zaintzan eta laguntasunean oinarrituta. Jendeari lana emateko modu hau “berritzailea” da, gainera: “Gehienbat emakumeei eskaintzen zaie lana proiektu honetan; ikasketak ematen dizkiogu zaintzaren eremu horretan lan egin izan duenari eta lana aurkitzeko zailtasunak dituenari”.

Azkenik, zerbitzua bera aipatu du koordinatzaileak: zerbitzuaren “ikuspegi soziala”, telefono bidezko zerbitzuak “familiari ematen dion lasaitasuna eta segurtasuna” eta eria hiltzen denean “zerbitzua bat-batean ez etetea”, esaterako. Osakidetzak eskaintzen duen etxez etxeko zaintza “oso zerbitzu ona” dela uste du Hassonek, “bereziki Gipuzkoan”. Hala, Saiaturena haien osagarria litzateke. Adibide zehatza ere eman du: “Bezero bat izan genuen, 40 urte ingurukoa, eta bere nahi bakarra zen egunero beheko tabernara jaitsi eta kafe bat hartuz zigarro bat erretzea. Ia azkenera arte lagundu genion hori betetzen. Bikotekideak ez zuen nahi bera etxean hiltzerik haurrak zituztelako, eta egoera normal batean ospitalera hil baino bi aste lehenago joango litzateke. Ia azkenera arte lagundu genion bere nahia betetzen; ospitaleratu eta lau egunera hil zen”.

Zazpi lagunek osatzen dute Saiatu proiektuko lan taldea. Josune Artetxe zestoarra eta Olatz Romero donostiarra dira horietako bi. 57 urteko erizain laguntzailea da aurrena, eta 32 urteko medikua bigarrena. Beraien zeregin nagusia, ordea, bera da: eriei eta haien familiei laguntasuna ematea. Romerok ere zerbitzuaren berezitasuna azpimarratzen du: “Normalean medikuak eta erizainak joaten dira etxeetara gaixoaren bizitzaren azken etapan. Nola dagoen ikusi, medikamentua eman eta sendaketa lanak egiten dizkiete. Ez zegoen gaixoaren garbiketa eta laguntza ere eskaintzen zuen zerbitzu osorik”.

Artetxek urte eta erdi honetan hartzaileek beraiekin izandako jarrera eskertu du: “Beraientzat momentu zailak dira eta etxeko atea zabaltzen dizute, eta eskertzekoa da hori”. Proiektuan parte hartzeko izan duen aukeragatik ere pozik da: “Lan hau oparia izan da niretzat. Gaztetan erizain laguntzailea izan nintzen, baina ezkondu eta lana utzi egin nuen familiako negozio batean jarraitzeko. Etorkizunarekin pentsatuz, ordea, berriz lanera itzultzea erabaki nuen, eta hau da benetan gustatzen zaidan arloa. Gozatu egiten dut lan honekin”.

Proiektuan 80 pertsonak eta haien familiek hartu dute parte oraingoz. Gipuzkoa osoko etxeetan aritzen dira, eta batez beste 75 urteko pertsonekin aritu dira. Saiatuko lan taldearen zerbitzua jaso nahi duenak 666-685038 telefono zenbakira deitu dezake. Han emango diote informazio zehatzagoa.