Abian da, berriz ere, Kilometroen aldeko Klikmetroak egitasmoa; alegia, Kilometroetako zirkuituko metroak birtualki egiteko aukera eskaintzen duen egitasmoa. Berritasun nagusi batekin abiatu da, gainera, aurtengo Klikmetroak: metroak telefono mugikor bidez ere egin ahal izango baitira. Hain justu, Android sistema duten smartphone eta tablet-en bidez hartu ahal izango dira metroak. Horretarako, Akting Ingenieritzak enpresak Klikmetroak egitasmorako espresuki sorturiko aplikazio bat jaitsi beharko dute erabiltzaileek.
Asteazkenean aurkeztu zuten aurtengo Klikmetroak, Gipuzkoako Ikastolen Elkarteak Donostian duen egoitzan. Igor Elortza Kilometroetako koordinatzailea, Zigor Etxeburua Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskara zuzendaria, Arantza Manterola Kilometroak Kultur Elkarteko lehendakaria eta Nagore Guarretxena Akting enpresako kidea eta Aita Larramendi ikastolako ikasle ohiak hartu zuten parte agerraldian. Aurten Gipuzkoako Foru Aldundia izango da Klikmetroak proiektuaren babesle nagusia. Hori medio, Zigor Etxeburuak berak egin du lehen metroa.
Klikmetroak proiektuaren helburua Kilometroetako zirkuituari ahalik eta buelta gehien ematea da. Hala, aurtengo zirkuituari —6.741 metro ditu— bi itzuli ematea jarri dute aurtengo erronka gisara. Horretarako, jendearen parte hartzea ezinbestekoa dela azpimarratu dute antolatzaileek; metroak hartuko dituzten bisitarien beharra batetik, eta metro horiek diruz lagunduko dituzten babesleena bestetik.
Metro bat hartzen duten herritarrek, argazki edo irudi bat igo beharko dute sarera, eta izen-abizenak jartzearekin batera, mezu bat utzi beharko dute. Metro bakoitzak bere babeslea izango du. www.kilometroak.net eta www.klikmetroak.com webguneen bidez hartu daitezke metroak, baita orain arteko metroak eta haien babesleak ikusi ere.
Azpeitiko Ikasberri ikastolak garatu zuen egitasmoa, iaz Azpeitian ospatu zen Kilometroak jaiaren karietara. Hain justu, proiektuak publizitate arloko Argia Saria jaso zuen iragan urtarrilean. Aurten Andoaingo Aita Larramendi ikastolak antolatuko du Kilometroak jaia. Urriaren 7an ospatuko da.