Ahaztuak oroitzeko kartel berriak

Lehena Ikatz kalea izan zen, bere izena bagenekielako”, azaldu du Jonpa Albisuk, berak eta beste hainbat lagunek Parte Zaharreko kaleen izenak berreskuratzeko egin duten ahalegina deskribatzean. Ofizialak ordezkatzea baino gehiago, “euskarazko betiko izenak ezagutaraztea” izan dute xede.

Albisuk eta Parte Zaharreko lagun talde batek beste izen bat ere ezagutzen zuten; hain zuzen ere, egungo San Lorenzo kaleari Asto kalea deitzen zitzaion aspaldian. “Euskararen Egunaren harira, zerbait egitea erabaki genuen: trikitilariak ekarri, eta jaitxo bat egin genuen, nahiko sinplea”. Bertan, “Asto kalea” zioen kartela ere jarri zuten. Bretxako merkatuaren ondoan egonik, astoak uzteko tokia zelako jarriko zioten “seguruenera” garai batean izen deskribatzaile hori.

Modu berean Parte Zaharreko beste hainbat kaletan euskarazko izen zaharrak gogoratzen dituzten kartelak jarri ditu lagun talde horrek, plaka ofizialen ondoan; besteak beste, Fermin Kalbeton kalean “Apaiz kalea” irakur daiteke, “Aza kalea” Enbeltranen, eta “Esnategi” Narrikan. Horrek azaltzen du hiriaren erdigunean iazko abenduan azaldu ziren kartelen zergatia.

Lagun arteko ekintza da, baina, Diego Barradorekin bat datoz izen horiek 1813ko sutea baino lehenagokoak direla esaterakoan.