Alkizako eskola berriaren asmoa atzera bota du Jaurlaritzak

Alkizako Eskola Txikiaren eraikin berria ez da sartzen Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren lehentasunen artean; lursailak ez omen ditu betetzen, azalerari dagokionez, haiek eskatutako gutxieneko baldintzak, eta inbertsio hori egiteko ez da, gainera, garairik onena. Apirilaren 24an, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko ordezkariekin bilera egin ostean, Alkizako udal ordezkariak ondorio horiekin itzuli ziren Lakuatik; “nahiko lur jota”, Jon Umerez alkatearen esanetan: “Eraikinaren finantzaketarekin ez bezala, proiektuarekin aurrera egitea espero baikenuen”. Ez da, ordea, hala izango.

Alkizako Eskola Txikian Lehen Hezkuntzara arte irakasten dute; hau da, 12 urtera bitarte egoten dira bertan ikasleak. 2007-2008ko ikasturtean, demografia hazkuntza nabarmena aurreikusi zuten. Ordurako, gainera, eskola “txiki” gelditzen hasita zegoen. Eraikinaren eskumena Eusko Jaurlaritzarena zenez, Hezkuntza Sailaren ordezkaritzarekin hasi ziren hizketan. 2008. urte hasieran, alde guztiak ados jarri ziren: eraikina txiki gelditu zen. Behin-behineko irtenbide moduan, eskolak emateko udalak herriko bi lokal egokitu zituen. Eta eraikin berria egiteko, frontoiaren orubea eskaini zitzaion Eusko Jaurlaritzari. Alkizako herri gunean dagoen aterpe bakarra pilotalekua denez, eskolaren lehen solairuan herritarrek erabiltzeko estalpe bat egotea eskatu zioten Hezkuntza Sailari, baina, alferrik, eraikin berriaren proiektuan ez baitzen horrelako gunerik aurreikusten. 2009. urtea eta krisia iritsi ziren bien bitartean.

Umerezen esanetan, “herrian zalantzak sortzen hasi ziren”. Argi ikusten zuten krisiak frontoi berriaren proiektua bertan behera utziko zuela, eta Alkizan, ondorioz, kirol instalakuntzarik eta aterperik gabe geldituko ziren. “Hausnarketarako denbora eskatu genuen”, dio alkateak. Bi hilabeteren bueltan, herritarren oniritziarekin, “orube egokiago eta handiago bat” eta aurreproiektu berri bat aurkeztu zituen udalak. Guraso elkarteko kideak ere ados zeuden: “Xabier Unzurrunzaga arkitektoak parkean kokatuko litzatekeen proiektu bat egin zuen, eta eskolako partaide guztiak ados azaldu ginen. Hezkuntza Sailaren ordezkaritzak aurkeztu zuen proiektuaren baldintzak betetzen zituen Unzurrunzagarenak, bai ekonomikoki eta bai eraikinaren baliabideak kontuan hartuta ere”.

Gipuzkoako ordezkaritzakoak Alkizara joan ziren proiektu berria bertatik bertara ikustera. “2010eko otsailean, guraso elkarteko lehendakariak ordezkaritzako Jose Sobrino teknikoarekin hitz egin zuen. Hark proiektuari ezezkoa eman zitzaiola esan zuen; baldintzak ez omen zituen betetzen. Bi egun lehenago, alkateak Carlos Riverorekin hitz egin zuen, eta hark esan zion ez zekiela erabakiaren berri, eta, hala, agerian geratu zen ordezkaritzako koordinaziorik eza”, salatu nahi izan dute Alkizako guraso elkartekoek.

Bilera eta telefono deiak, ordea, ez ziren hor amaitu. 2011ko martxoan, Gipuzkoako ordezkaritzarekin bildu ziren. “Udalak eskatutako urratsak betetzen jarraitzen du, lursailari buruzko argibide urbanistikoen inguruan, baina alferrik”, dio alkateak. Alkizako ordezkarien arabera, Hezkuntza Sailak eraikin berriaren beharra agerikoa dela onartzen du behin eta berriz, nahiz eta ez eraikitzearen arrazoiak bere horretan azpimarratzen dituzten. Azken batzarra duela hiru astekoa izan zen.

Erreakzioak

Jon Umerez Alkizako alkatearentzat eskola txikiak hezkuntza proiektu bat baino gehiago dira, eta horregatik dio borrokan jarraitzea besterik ez zaiela gelditzen: “Herri baten bizitzaren zati handia dira; alde batetik, umeak daude, eta, bestetik, horien inguruan sortzen den giro guztia: gurasoen artean dagoen harremana, parkea, liburutegia… Gurasoekin eta irakasleekin elkarlanean, borrokan jarraitu beharra daukagu”.

Alkizako eskolako irakasleek egunero jasaten duten arazoa da leku falta. Adin desberdinetako 51 haur lau gelatan banaturik dituzte. Egoera dela eta, hainbat galdera egin dituzte: “Nola eman musika espazio horretan? Nola egin dinamika kolektibo bat? Non jarri apalak eta ordenagailuak?”. Diotenez, jakin badakite Hezkuntza Saila gobernatzea ez dela gauzarik “errazena”, baina “minutu batez” euren eskolara begiratzeko eskaera egin dute: “Oinarri-oinarrikoak falta ditugu”. Eskola publikoen arteko “desberdintasunak” ere salatu dituzte: “Zergatik ez Alkizan eskola itxura lukeen eraikin bat?”.

Guraso elkarteak ere irtenbide bat eskatu du: “Eskola bat egiteko dirurik ez dagoela diote, baina, gutxienez, daukaguna egokitzen edo konpontzen saiatuko balira, proposamenen bat egingo balute…”.