“Andraitzen ikusi nuen Ehunmiliak menderatu nuela”

Leire Iruretagoiena (Tolosa, 1974) korrikalariak bigarren egin zuen iaz Ehunmiliak proban, eta orain bi urte hirugarren G2Hk lasterketan. Mendi lasterketetan ohiko korrikalaria da, baina Ehunmiliak “proba kuttuna” da harentzat; jendearen babesak gogortasuna arintzen duela esaten du.

Bi proben artean, zein duzu nahiago, proba luzea edo motza?

Bi probak, motza eta luzea, biak dira proba luzeak, baina, biak egin ondoren, Ehunmiliak aukeratuko nuke. Oso proba berezia izan zen niretzat, eta proban zehar jasotako harrera, berotasuna eta nik neuk bizitako sentsazioak ez ditut inoiz ahaztuko. Orain bi urte galdera hau eginez gero, motza esango nukeen, luzea egitea astakeriaz gain ezinezkoa zela iruditzen zitzaidalako.

Zer sentitu zenuen batean eta bestean?

Horrelako proba luzeetan sentsazio mordoa izaten dira: poza, emozioa, nekea, mina, hotza, beroa, logura… Bat-batean, kantari hasten zara, pozez; handik minutu batzuetara, zer demontre egiten ari zaren galdetzen diozu zeure buruari. Eta hori dena proba berean gertatzen da. G2Hn sentsazio orokorra hotza eta mina izan ziren —bihurritua nuen, eta proba aurrera zihoan heinean mina igartzen hasi nintzen—. Ehunmiliak-en, emozioa, pozak eragindako negar malkoak, jendearen berotasuna… Lasterketa prestatzerakoan lasterketa egunean baino ordu gehiago egiten dira mendian bakarrik, eta lasterketan zehar noiznahi eta nonahi jendea ikusten genuen, gauez eta egunez, herri barruan edo mendi puntan… eta horrek kilometroak eta orduak ahazten laguntzen du.

Bietan oso emaitza onak lortu dituzu. Zein exijentzia maila du bakoitzak?

Edozein probatan exijentzia maila bakoitzak bere buruari jartzen diona da. Argi dagoena da bai bata eta bai bestea egiteko gorputza kilometroak egitera ohituta egon behar dela. Proba luze hauetan eramaten dudan erritmoa baxua da; beraz, gorputzak jasotzen duen desgastea orduak igarota gorputzari etortzen zaion nekea da. Gakoa hor dago, neke hori zenbat eta beranduago azaltzean edo azaldutakoan aurrera nola egin jakitean. Gorputzaren indarra bezain garrantzitsua da mentalki duzun indarra.

Ibilbideko zein zati egin zitzaizun gogorrena?

Gogortasuna askotan ez du ibilbideak markatzen, zure egoerak edo eguraldiak baizik. G2Hn zatirik gogorrena gauez Txindoki-Aralar zatia egin zitzaidan. Lasterketa hasi berria zen, eta ez genituen kilometro asko gainean, baina hotza eta euria ari zuen, eta lokatza zegoen; zati hura astuna egin zitzaidan. Ehunmiliak-en, berriz, bizkarrean ehun kilometro inguru nituen, eta zati bera eguerdiko eguzkipean, paseoan zebiltzanen artean, gustura egin nuen. Aizkorrira askotan joan naiz, baina egun hartako igoerak beste egunetan baino kilometro gehiago zituela eta harriak handiagoak zirela iruditu zitzaidan. Hura izan zen zatirik gogorrena. Andraitzeko puntakoa, berriz, momenturik bereziena. Hor ikusi nuen proba menderatuta neukala eta hilabete batzuk lehenago neure buruari jarritako erronka bete nuela. Helmugako unea ere berezia izan zen, etxekoak eta lagunak bertan ikustean hilabeteetan egindako lanaren saria orduan lortu bainuen.

Aurtengo uztailean, egongo al zara Beasaingo irteeran?

Irteeran segur aski bai, eta ibilbidean zehar ere bai, baina dortsalik gabe. Aurten ez dut parte hartuko, eta animatzera joango naiz. Halako probetan nire helburua ez da izaten markak hobetzea, esperientziak bizitzea baizik. Ehunmiliak-en oso oroitzapen onak ditut, eta, oraingoz, horrekin geratzen naiz.