“Asko poztu nintzen Erkibera sartu zirenean”

Zumaian gazteek Erkibe eraikina okupatu zuteneko garaiari buruzko hitz onak besterik ez ditu Jon Maiak (Urretxu, 1972). Ni ere han izan nintzen kanpainarekin bat egin dutenetariko bat izan da bertsolari zumaiarra, gaztetxeak iraun zuen urtebete hari buruz idatzi bat plazaratuta.

Nola gogoratzen duzu Erkiberen okupazioa?

Aurretik bazegoen mugimendu indartsu bat herrian. Lanean serio ari zela ikusten zen; gaztetxearen beharra azaltzen zuten, eta Erkibera sartu zirenean asko poztu nintzen. Izan ere, belaunaldi dezentek izan dugu gaztetxearen amets hori, baina inoiz ez genuen halakorik egin. Jakin nuenean, berehala joan nintzen Erkibera nire babesa azaltzera.

Zer iritzi duzu ekintza hari buruz?

Iruditzen zait urteetan herriak izan duen ekarpenik onena izan dela gaztetxea sortzea. Aurreneko okupazio hari esker behin betiko gaztetxe bat lortu dela uste dut, eta horrek dinamika handia eman dio herriari. Ez da egon ez tabernarik, ez erakunderik herriari halako bizitasunik eman dionik. Familia askotako seme-alabei ekarpen handia egiten die gaztetxeak, eta, horregatik, garrantzitsua da orain herriak eta familiek gaztetxeari elkartasuna adieraztea.