Errepideen finantzaketaren, errepide sarearen kudeaketaren eta diputazioak esparru horretan duen “defizit” ekonomikoaren berri emateko, kanpaina bat abiatuko du Gipuzkoako Foru Aldundiak, Larraitz Ugarte Azpiegitura diputatuak eta Joseba Altube departamentuko zuzendariak asteon jakitera eman dutenez. Gaiari buruz “gogoeta” egitera ere bultzatu nahi dituzte herritarrak. Horretarako, Errepideen gurpil zoroa izenburupean, 300.000 eskuorri bidaliko dituzte Gipuzkoako etxeetara.
Aldundiaren arabera, egun, 1.330 kilometro errepide daude Gipuzkoan, eta azken hamabost urteetan 2.500 milioi euro inbertitu dira errepideak egiteko. Horrek, batetik, zorpetze egoera eragin du, eta, bestetik, sare osoaren mantentze lanak garestitu. Bidesarien ondorioz gipuzkoarren artean sortzen diren “desoreken” berri ere ematen da eskuorrian. Baita aurreko legealditik Bidegin “jasotako” zorraren berri ere. 900 milioi euroko zorra du Bidegik, eta hura ordaintzeko 2032. urtera arteko plan ekonomikoa.
Egoera horretan, “finantzaketa sistema bidezkoenaren alde egitea” ezinbestekoa da, aldundiaren irudiko. Horretarako, lau oinarri izango dituen sistema bat proposatzen du: erabiltzaile gipuzkoarren artean “oreka” bilatuko duen sistema izatea, gipuzkoarrek ez ezik bertatik pasatzen direnek ere errepideak ordaintzea, “erabiltzaile guztien artean” gastuak partekatzea, eta “kalitatezko” garraio publiko “merkea” eta errepideen egoera ona “bermatzea”. Xede horiekin lanean ari direla adierazi zuten aldundiko ordezkariek, eta proposamena “itxi” ahala herritarrei jakinarazi zaiela.