Gipuzkoako Eskola Txikietako Guraso Elkarteen Koordinakundeko Mikel Olanoren esanetan, Alkizaren antzeko egoeran beste hainbat herri eta auzo daude Gipuzkoan: Lizartza, Olaberria eta Oikia, besteak beste. Hala ere, egun, eskola txikien lehen arazoa iraupena bera dela dio.
Hainbat eskola txikiren baldintzak ikusita, zeintzuk dira koordinakundearen helburu nagusiak?
Lehentasunak jartzea beharrezkoa da, eta horietan lehena eta garrantzitsuena baimena izatea da, nahiz eta eraikin txarra izan. Gaur egun, eskola txiki bateko baimena edukitzea, gauzak dauden bezala, ez da gutxi, eta aurreneko helburua hori mantentzea da: ez dezatela itxi eskola txiki bakar bat ere.
Alkizaren kasuan, ordea, arazoa eraikina da.
Eskola txikien proiektuak hiru hanka izan behar ditu: gurasoak, irakasleak eta udala. Eusko Jaurlaritzak dirurik ez dagoela eta ez dutela ezer egingo esaten baldin badu, udalak izugarrizko garrantzia hartzen du, momentuko irtenbideak bilatuz eta eskainiz. Eskola txikiak ez dira hezkuntza bakarrik; herri proiektuak dira. Alkizarren eskariak guztiz logikoak eta arrazoizkoak dira, eta horrela jarraitzea beharrezkoa da, baina bitartean baliabideak handik eta hemendik aurkitu behar dira.
Krisi garaietan, instituzioen arrazoiak ez al dira errazegi barneratzen?
Hezkuntza Sailak eskola txikirako baimena ematen baldin badu, baliabideak hark jarri behar ditu. Bai, hori horrela da, baina errealitatea beste bat da. Baliabiderik ez dagoela esaten dizute, eta haurrak ondoko herriko eskolara eramateko proposamena egiten dute. Irtenbide hori hobea al da? Nire ustez, herri proiektuari eutsi behar zaio, handik eta hemendik ahal dena lortuz: udalari, elizari… laguntza eskatuz. Eskola txikien mugimendua erabat zalantzan jartzen ari dira, horregatik da garrantzitsua borroka horri eustea.
Zer egin dezake gai honen inguruan Gipuzkoako Foru Aldundiak, udalek bezala hezkuntzan eskumenik ez duela kontuan hartuta?
Herri batetik eskola txikia kentzen baldin badugu, zer geratzen da? Eskola txikiak, beraz, lehen esan bezala, herri proiektuak dira, bizia ematen diote herri bati.
Azken urteetan, egoera ikusita, lagunak bilatzen gabiltza han eta hemen, eta horietako bat foru aldundia da. Hezkuntza aldetik baino gehiago, herri proiektu moduan lantzen dugu gaia haiekin; izan ere, herri txikien garapena foru aldundiaren eskumena da.