“Gaur egun ere ‘Funtzioa’ saioagatik ezagutzen naute”

Euskal Telebistako lehen urteak ziren haiek, eta Funtzioa programak eman zuen ezagutzera Olga Bidaurreta (Amasa-Villabona, 1968). Modelo lanak egiten ari zen, eta 1989. urtean eman zuen saltoa telebistara. Hiru urtez aritu zen lanean Xabier Otaegi Txirri eta Jose Ignazio Ansorena Mirri bikotearekin. Zuzeneko saioa zen Funtzioa, eta kasualitatez sartu zen lantaldean.

Bidaurretak dio bizilagun batek desfile batean parte hartzera joateko proposamena egin zion arte oso bizimodu arrunta zeramala. Informatikako ikasketak egiten ari zen, eta modelo lanak ikasketak aurrera ateratzen laguntzen zion. “Urte horietan hasi ziren desfileak ugaritzen, eta leku gehiagotatik hasi zitzaizkidan deitzen. Modelo lanak eta ikasketak oso ondo uztartzen nituen”, ekarri du gogora.

Modelo euskaldunen bila Euskal Telebistatik etorri zitzaizkien, ordea. “Modeloen munduan, garai hartan, oso neska gutxi geunden euskaraz hitz egiten genuenak, eta ni izan nintzen aukeratuetako bat”, dio. Funtzioa programarako aukeratu zuten, eta han eman zituen lehen pausoak. Beste programa batzuetan ere lan txikiak eginak ditu. “Gaur egun batzuentzat ezaguna banaiz, oraindik ere Funtzioa programarengatik naiz”.

Hiru urte izan ziren, eta 1991. urtea, bereziki, oso ona izan zen Funtzioa saioarentzat. Astean behin joan behar izaten zuen programa grabatzera. “Oso oroitzapen polita daukat lantaldeaz. Oso ondo pasatzen genuen”, nabarmendu du. “Zuzenean izaten zen eta maila oneko saioa zen. Lana gogor egin behar izaten genuen. Denbora-pasarako egin zen lehen euskarazko saioa zen”.

Olga Bidaurretak dio herrian oso ezaguna egin zela, eta urte haiek “maitasun puntu batekin” gogoratzen ditu. “Haurrekin eta helduekin izan nuen harremana oso polita izan zen”. Haur batzuek bertso bat idatzi ziotela ere gogoan du. “Bertsoa idatzita ekarri zidaten, eta abestu egin zidaten. Hunkitu egin ninduten”, gaineratu du.

Funtzioa saioak izugarrizko eragina izan zuela dio, eta oraindik ere jendea gogoratu egiten dela. “Ez dira egun asko, Tolosako kiroldegian nengoela, mutil bat etorri zitzaidan galdezka, ea nondik ezagutzen ote ninduten eztabaidan ari zirela eta”.

Pailazoekin eta ‘Goenkale’-n, aktore

Txirri, Mirri eta Txiribiton pailazoekin ere lan egitea tokatu zitzaion Txirruska pertsonaiaren paperean sartuta. Interpretazio kurtso txiki bat egin zuen, eta handik urte batzuetara, 1997. urtean, Goenkale-n aktore lanak egiteko baliagarria izan zitzaion. Maria Luisa Galardiren abokatuaren paperean sartu zen telesailean.

1991. urtean ikasketak amaitu ostean, Mexikon eta Madrilen bizi izan zen. Bueltatu, eta lan finko batean hasi bezain laster izan zuen Goenkale-ko eskaintza: “Lan berrian hasi berria nintzen, eta Goenkale-ko grabaketekin moldatzeko, ordu aldaketak eskatu behar izan nituen”. Ahalegin handiagoa egin behar izan zuen: “Ordurako ez nenbilen ikasten, eta gogorragoa egin zitzaidan zortzi orduko lanarekin uztartzea. Hala ere, pozik nago, lortu nuelako”. Harrezkero, ez du aktore lanik egin, eta berriz ere interpretazio lanak egiteko gehiago ikasi beharra sentitzen duela dio.

Lana eta familia ditu ardatz gaur egun. 11 eta 7 urteko bi seme-alabaren ama da, eta informatika munduan dabil lanean: “Informatika arloan asko aldatzen dira gauzak, eta oso eguneratuta egon behar da. Orain bukatu berri dut graduatu ondoko bi urteko kurtso bat, baita enpresentzako masterra ere. Multinazional batean ari naiz lanean eta nazioarteko proiektu informatikoak eramaten ditut. Ingelesa ere gero eta gehiago ikasten eta erabiltzen dut”. Lanagatik kanpora joatea ere suertatzen zaio.

Hala ere, tarteka modelo lanak egiten ditu. Iragarkiekin egiten du lan, eta era guztietakoak eginak ditu. Orain, eta bere adina onartu duela nabarmenduz, helduen zerrendan dagoela dio. “Egia esan, nagiak gero eta gehiago ematen dit, baina noizean behin gauza ezberdinak egiteko aukera badut, egiten dut”, dio.

Modelo lanarekin lotuta, iaz egin zuen azken lana: Kutxarentzako iragarki bat. Beraz, beharbada, aurrerago ere ikusiko dugu Olga Bidaurretaren aurpegia berriz ere hormaren batean zintzilik.