Hamar egun luzatu dute Ehunmiliak-en eta G2Hn izena emateko epea

Beasaingo Arrastaka mendi taldeak antolatuta, uztailaren 13tik 16ra bitartean egingo dira aurten Ehunmiliak eta G2H Goierriko Bi Handiak mendi lasterketak. Aurten hirugarrenez antolatuko dituzte bi probak, eta Ehunmiliak-eko lantaldea aurtengo berrikuntzak prestatzen ari da jada. Hala, izena emateko epea hamar egun luzatzea, hau da, ekainaren 11ra arte luzatzea izan da hartu duten lehen erabakia.

Izan ere, aurten, mendi lasterketen egutegia erabat betea dator, eta poliki-poliki bi probetan izena eman duten korrikalari kopurua gora badoa ere, askok azken unera arte itxaron nahi dute Beasaingo irteeran egongo diren edo ez erabakitzeko.

Proba gogorrak dira Ehunmiliak eta G2H, egoera fisiko ona eskatzen dutenak, eta, horregatik, beste probetan lortutako emaitzen arabera hartzen dute erabakia korrikalari askok. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, 200 korrikalari inguruk emana dute izena: Ehunmiliak probarako 110 parte hartzaile daude, eta G2H probarako, 89. Bi probetan parte hartzeko, www.kirolprobak.com helbidean eman behar da izena.

Luzeak eta gogorrak

Izena eman duten korrikalarien zerrendan, Gipuzkoako, Euskal Herriko, Herrialde Katalanetako, Espainiako, Italiako, Frantziako, Portugalgo eta Austriako parte hartzaileak daude. Izan ere, hasieratik sona handia izan duten probak izan dira biak, urterik urte geroz eta parte hartzaile gehiago erakartzen dituztenak.

Luzera eta gogortasuna dira bi proben ezaugarriak, eta hasieran korrikalarientzat ere gehiegizko zenbakiak ziren arren, behin probatzen duenak errepikatu egiten du. Ehunmiliak proba luze moduan da ezaguna: 168 kilometroko luzera du, eta 11.000 metroko desnibel positiboa. G2Hk, edo proba motzak, 88 kilometroko luzera du, eta 6.000 metroko desnibel positiboa.

Mendietan gora eta behera egiten du korrikalariak, Aralarko eta Aizkorriko parke naturaletan barrena. Proba luzean parte hartzen dutenek Txindoki, Ganbo, Aizkorri, Erlo, Izazpi eta Ernio igo eta jaitsi beharko dituzte, gehienez ere 48 orduan. G2Hn, berriz, 24 orduan, Txindoki eta Aizkorri, besteak beste.

Beasaingo Loinazko San Martin plazatik irtenda, herria zeharkatu eta Usurbera igo beharko dute aurten parte hartzaileek. Berreskuratu berri duten herri bidetik igoko dira Usurbeko gurutzera, eta hori izango da aurtengo ibilbideko berrikuntza nagusia. Gainerakoan, azken hiru urte hauetako bide bera mantenduko dute aurten ere antolatzaileek. Hala, Goierrin (Beasainen) izango dute irteera eta bukaera bi probek, eta tartean Urola Kostatik eta Tolosaldetik igaroko dira.

Bidean, ehunka jarraitzaile eta 1.200 boluntario baino gehiago izango dituzte lagun korrikalariek, Gipuzkoako dozena bat herritan baino gehiagotan banatuta. Irabazten duenak, mendiaz eta paisaia ederrez gozatu izanaren bizipena jasotzeaz gain, hainbat sari izango ditu amaieran. Bi proben inguruko informazio guztia www.ehunmilak.com helbidean eskura daiteke.