Herriaren opioari kalada pare bat

Norbaitek futbolak eta politikak zerikusirik ez dutela edo bata eta bestea ez nahastea komeni dela esaten duenean, Franco eta Videla jeneralak algara batean esnatzen dira. Ni neu ere bai. Ez bakarrik hirien eta herrialdeen ordezkariak, balio etiko eta estetikoen —hutsetik asmatuak eta faltsuak gehienak— gordailu harroak ere badirelako klubak. Politikariak eta beren alderdiak bezala.

Aste osoa daramat Real Madrilen izaera oldarkorrari egindako gorazarreak entzuten, arazoak arazo sekula amore ematen ez duelako; eskola zaharreko instituzioa omen da, jauntasunaren zaindaria. Alderdi Popularraren egoitzan idatzitako dekalogoa dirudi, eta pitokeria erabatekoa da, noski. Real Madrilen indar bakarra hantuste inperialista baita, beti irabazlearen alboan egon nahi duen jendetza otzanak elikatua. Bere ez den guztia mendekotzat hartuta diruz erostean datza haren benetako ideologia. Urdinez apaindu ohi den alderdi politiko baten antzeko jarrera, alegia.

Josep Guardiolak Bartzelonako aulkia utzita, haren eta haren klubaren ustezko balioen inguruko matraka ere zeharo gogaikarria iruditu zait. Futbolaren estetikaz arduratzeaz gain, atariko baratzea ezin egokiago zaintzen dutenaren plantak egiten iaioak dira horiek. Berdin dio hango eta hemengo 12 urteko haurrak bere ingurunetik aldentzeko ohitura beldurgarria izatea edo haiek ere ortuan falta zaizkien fruituak dirutza erraldoiak xahututa erostea. Barça atsegina eta kosmopolita da, eta irizpide eskasa duten milioika txaketerok etxean dituzten taldeak ahaztuta pozik babesten dute. Horrela, Madrilgo arerio zantarrari erantzun hipokrita ematen diote, ezusterik gabekoa eta zeharo espainiarra —senyerak senyera—. Alderdi Popularraren itxura gogorrak behar duen alter-egoa direla esango nuke, zapaterismo txepel eta gezurtia futbol bihurtua.

Baina politika eta futbola uztartzen dituen adibide argienetakoa Euskal Herrian daukagu. Dresdengo Dynamok Stasi edo Moskuko CSKAk Sobietar Armada ordezkatzen zuten bezala, gure sentimendu nazionala defendatzen duen kluba Athletic Club da. Horretarako, kirol egitarauari ukitu ideologikoa eman zioten haren agintariek aspaldi, euskal herritarrekin bakarrik jokatzeak arrazoi politikoei soilik erantzun baitiezaieke. PPren eta PSOEren espirituari aurre egiteko, hori eta gehiago beharko zuten. Horrexegatik, lastima da gero Athletic hain erlijiosoa eta hertsia izatea eta lagatzen diotenero Real Madril eta Bartzelonaren handinahikeria errepikatzea. San Mames lepo ikusten dudan bakoitzean, denak jokalari kuttunari lehendakari deituz, batzoki erraldoi bat begitantzen dut, eta zelai erdiko zirkulua EAJren logo bihurtzen da bat-batean. Baina herriaren opio gehiegi erretzen ari naiz aspaldian, ziur aski.