Pasa den apirilaren 17tik indarrean da euskaraz egindako ikasketa ofizialak hizkuntza-tituluak lortzeari begira kontuan hartuko dituen dekretua EAEn (47/2012). Hemendik aurrera, beren ikasketak 2008tik hona euskaraz egin dituzten ikasleek ez dute aparteko frogarik egin beharko beren euskarazko ezagutza ziurtatzeko.
Bati gogora etortzen zaizkio bat-batean gaur egun batxilergoan, edo lanbide heziketan, edo unibertsitatean ari diren milaka ikasle euskaldun. Edo dagoeneko lanean ari direnak. Eta pentsa liteke horietako askok arindu bat hartuko zutela albistea entzundakoan. Poztu egingo zirela. Gainetik zama bat kendu zaiela sentituko zutela. Eta normala poztea, ez baitute azterketa estra-rik egin beharko. Pentsa izatekoa da ere gobernuko arduradun politikoen aldetik (kasu honetan, hezkuntzakoak eta kulturakoak) atsegina izango zela erabaki hori hartzea eta iritzi publikoari jakinaraztea. Azken finean, beti da atseginagoa azterketa bat kenduko duzula esatea, zergak igoko dituzula esatea baino, adibidez.
Dena den, erabakia ona edo txarra norentzat den alde batera utzita, nabarmentzekoa da dekretu honen erabakia euskararen “normalizazioaren” aldeko gisa aurkeztu dela. Normalizazioa (hizkuntza-normalizazioa) oso kontzeptu erabilia izan da eta da hizkuntzaren inguruko gora-beheretan, baina karga polisemiko dezentekoa du, eta haren gainean teorizatu duten guztiek ez dute gauza bera adierazteko erabili izan. Esango nuke, gainera, euskara eta gaztelaniaren arteko kontuetarako erabiltzen denean ere azken urteotan gero eta zentzu zabalago batean erabiltzen dela. Alde horretatik, ez legoke gaizki dekretuaren kasu honetan, eta beste askotan, kontzeptu horrekin epe erdira edo luzera zer irudikatzen ari garen adieraztea.
Normalizazio kontzeptua bera, askoz lehenagokoa den arren, 1965 ingurutik da bereziki erabilia soziolinguistika arloan, Aracil eta beste soziolinguista katalan batzuen lanetatik abiatuta. Lan horietan, normalizazioa terminoa hizkuntza-gatazka-ren ereduan kokatzen da (conflicte lingüístic) eta prozesu sozial zabal bat adierazten du, funtzioen berrantolaketa sakon bat, non minorizazio-egoeran dagoen hizkuntza bat atera egiten den egoera horretatik, bere erabilpena hedatuz gizarte-esparru eta funtzio guztietara. Esan beharrik ez da, esaldi bakarrean kabitzen den arren, oso prozesu konplexua biltzen duela bere baitan kontzeptuaren adiera horrek, mila zailtasun dituena bere bidean.
Nolanahi ere, ez da batere erraza gaur egun euskararen “normalizazioaren aurka”-ko iritzi publikoak topatzea. Bestalde, ordea, jakin badakigu gizartean euskararen inguruko bizipen eta nahi ezberdinak daudela gurean; eta ez dirudi erraza “normalizazioa” nahi duten guztiek egoera “normal” bera izatea buruan… Hala bai?