Elgeta
Zortzigarrenez, Nazioarteko Magia Mostra egingo dute Elgetan, Espaloia kafe antzokian, asteburu honetan. Gaurtik igandera bitartean oraingo magorik entzutetsuenak Elgetan izango dira. Hainbat ikuskizun Espaloia kafe antzokian bertan izango dira, baina, azken urteetako joerari jarraikiz, aurten ere magia kalera ateratzeko ahalegina egin dute antolatzaileek. Hala, bihar 18:00etan eta etzi 13:00etan hainbat magia ikuskizun izango dira Elgetako kaleetan.
“Munduko mago onenak izan dira jaialdian; kalitatea zaindu gura izan dugu beti, eta aurten ere punta-puntako magoak eta ikuskizunak ekarriko ditugu”, adierazi zuten antolatzaileek aurkezpen agerraldian. Mila biztanleko herri batera magia jaialdiaren bidez beste horrenbeste pertsona ekartzea ere lorpena da, antolatzaileen iritzian.
Aniztasun handiko egitaraua osatu dute aurten. Kafe antzokiaren barruko emanaldietan MagoMigue (Granada), P-Cubique (Frantzia), Enric Magoo (Katalunia), Charlie Mag (Katalunia) eta Silvana (Argentina) ariko dira. MagoMiguek, esaterako, Georges Melies-en omenezko ikuskizun bat taularatuko du. P-Cubiquek, berriz, magia modernoa erakutsiko du, eta Enric Magook ikuskizun umoretsua egingo du. Magiarekin loturiko ikuskizun aski diferenteak ikusteko aukera izango da, beraz, asteburu honetan Elgetan.
EGITARAUA
Gaur, 22:30ean. MagoMigueren AluCine ikuskizuna. Prezioa: 15 euro.
Bihar, 18:00etan. Cuesta magoaren ikuskizuna, kalean. Doan.
Bihar, 22:30ean. P-Cubiqueren Cubic Act ikuskizuna; Enric Magooren Frankie J. B. ikuskizuna; Charlie Magen Gala ikuskizuna; Silvanaren antzerki magia. Prezioa: 18 euro.
Etzi, 13:00etan. Brando eta Silvanaren Circus ikuskizuna eta Enric Magoaren emanaldia, kalean. Doan.