Zumaian etxe bat okupatzeagatik epaiketaren zain dira hamar gazte

2008an eraikin bat okupatu zuten ehun gazte inguruk Zumaian. Herriaren erdiguneko Erkibe etxera sartu —1999tik hutsik zegoen —, eta gaztetxe izendatu zuten. 2008ko uztaila zen. Egun gutxi barru, ertzainak sartu eta han zeuden hamar gazte identifikatu zituzten. Okupazioak urtebete gehiago iraun zuen, baina orain hamar gazte horiek auzipetuta daude. Azpeitiko Epaitegitik jaso zuten gutuna: fiskalak 1.500 euroko isuna eskatzen du auzipetu bakoitzarentzat, legez kontra eraikin batean sartzeagatik. Erkibe etxearen jabeek, berriz, 80.000 euroko kalte-ordaina eskatu dute “eraikinak jasandako kalteengatik” eta etxea okupatzeagatik. Epaiketa egingo dela jakin arren, ez dakite noiz izango den.

Isunei dagokienez, auzipetuek azpimarratu dute akusazio partikularrak ez duela arrazoirik 80.000 euroko kalte-ordaina eskatzeko: “Eraikinean apurketak egon zirela dio etxearen jabeak, baina irudietan argi ikusten da eraikin hori okupatu zen egunean ere egoera oso txarrean zegoela, hamar urtetik gora zeramatzalako hutsik”, azaldu du Maddi Gallastegi auzipetuak. Gainera- tu du eraikina txukundu egin zutela: “Hormak margotu ziren, dena garbitu zen, eta sotoan zutoinak jarri ziren, erortzeko arriskuan zegoelako”.

Gazteek Ni ere han izan nintzen kanpainarekin erantzun diote isunaren mehatxuari. Auzipetuak hamar izan arren “erasoa denen kontrakoa” izan zela azaltzea da helburuetako bat: “Ertzainak sartu zirenean hamar lagun geunden, baina Zumaiako gazteria osoaren aurkako erasoa izan da”. Horregatik, kanpaina ez dute irudikatu nahi izan hamar gazteren inguruan, “herriko gazte guztiek aurrera eramandako kanpaina baten gisan” baizik. Hala, hainbat ekintza egin dituzte elkarlanean. Esaterako, sinadura bilketa egiten dute larunbatero Zumaian, eta txandak antolatu dituzte mahaiak jartzeko. “Denok sentitzen dugu epaiketaren zama gainean, baita erantzukizuna ere aurrera egiteko”, azaldu du Gallastegik. Oraingoz, 540 sinadura bildu dituzte. Gainera, gaur egungo Torreberri gaztetxean antolatzen diren ekintzetatik diru kutxa bat osatzen ari dira, isuna egongo balitz hari aurre egiteko.

Sinadurez gain, eta kanpainaren barruan, herriko hainbat pertsona idatziak egiten ari dira gero komunikabideetara bidaltzeko. “Herriko hainbat eremutan mugitzen diren gazte eta ez hain gazteek astero komunikabideetara idatzi bat bidaltzea zen gure asmoa, kontatzeko haiek nola bizi izan zuten gaztetxeak iraun zuen urtebete hori”. Besteak beste, Jon Maia bertsolariak, Beñat Lizeaga euskal presoak eta Ikasle Abertzaleetako eta Dardara musika kolektiboko kideek egin dute euren ekarpena. Idatziak www.galernasarean.info webgunean irakur daitezke.

Mezu baikorra

Pozik daude orain arte herritarrengandik jasotako erantzunarekin. Igaro berri diren San Telmo jaietan ere hainbat ekintza egin zituzten, eta “400 pertsonatik gora” elkartu zituzten herri bazkarian. “Pixkanaka ari da gaia herritartzen, eta alde horretatik pozik gaude”. Gallastegik gaineratu du udalak ere kezka eta laguntzeko prestasuna agertu dituela, eta mahaia jartzen dutenean herritarrak galdezka joaten zaizkiela. Gallastegik uste du gaztetxeak iraun zuen urtebetean egindako lanak “bere fruitua” eman zuela, eta herriari “ekarpen handia” egin ziotela. Hain zuzen ere, 2009ko urritik gaztetxe finkoa dute, udalarekin hitzarmen bat sinatu ondoren: “Gaur egun, Erkibetik bi minutura dagoen eraikin batean dugu gaztetxea, Torreberrin. Denak animatu nahi ditugu gaztetxean parte hartzera. Guk berdin-berdin jarraituko dugu lanean; izan lau hormen artean, izan kalean, izan kristalezko jauregi baten barruan [orain dauden eraikin berriari erreferentzia eginez]”.

2008ko uztailaren 9an sartu ziren Erkibe etxean ehundik gora gazte; Eman o hartu lelodun elastiko urdinak zituzten soinean. Gaztetxea sortzea zen asmoa, eta, lehen egunetik, hainbat ekintza egin zuten han. 2009ko uztailaren 24an bidali zituzten handik ertzainek. Ordurako, Zumaiako Udalarekin hitz eginda zeuden, bota egingo zituztela jakitun. Udalak Torreberri eraikinaren zati bat eskaini zien, eta han du Zumaiak gaztetxea 2009ko urritik.