Gipuzkoako gizartea gero eta urbanoagoa da. Ez soilik gipuzkoarren bi heren 15.000 biztanletik gorako herrietan bizi direlako. Herri txikietan bizi direnek ere bizimodu aski hiritarra izaten dute maiz; bai, behintzat, kontsumoari dagokionez: erosketak dendan edo supermerkatuan egiten dituzte. Hala ere, askok nahiago izaten dituzte gertu ekoitzitako produktuak, eta sarritan lehenesten da herriko azoka; baina gai horiek ere denbora jakin bat behar izan dute kontsumitzailearen hozkailura heldu aurretik. Horregatik, geroz eta hiritar gehiagok nahi izaten dute euren baratzetxo propioa landu. Herritik kanpora lur sailik izan ezean, ordea, zaila izaten da hori. Azken urteotan, denetariko ekimenak sortzen ari dira hiri baratzeak sortzeko.
Etxeko terrazak, erreka ondoko lur zatiak edo utzitako zelaiak, edozerk balio du lau tomate eta bi porru landatzeko. Kostua “minimoa” da, eta abantailak, “ikaragarriak”, Iñigo Segurola (Donostia, 1967) paisajistaren arabera: “Zure baratzetik baratxuri fresko bat hartzea, eta horrekin nahaski bat egitea, bere zapore guztiarekin… hori dendan ezin da lortu”.
Azkenaldian hiri baratzeen boom bat egon dela uste du Segurolak: leku askotan daude norbanakoek jarritako baratzetxoak, eta beste batzuetan udalak dira horretarako lur sailak banatzen dituztenak. Lehenei “baratze okupak” deitzen die Segurolak: jabego ezagunik gabeko lur sail abandonatuak izaten dira, eta lur hori landu nahi dutenek hartzen dute hura txukuntzeko ardura.
“Euri asko egiten duenez, ur beharra ez da izaten baratze bat sortzeko arazoa”; horregatik, ohikoak dira Gipuzkoan. Garai batean, utzitako lur sail asko zeuden herrietan: “Euskaldunok betidanik izan dugu baratzarekiko zaletasuna, eta etorkin asko ere nekazal mundutik etorritakoak dira, eta euren baratzak antolatu izan dituzte”. Bilbotik Behobiarako autobidearen ertzak, esaterako, “baratzez josiak” egoten zirela ekarri du gogora.
Hala ere, edozein lur sail ez da ona ortua jartzeko. Duela ez hainbestera arte, ohikoa izaten zen fabriketako produktu kimikoak inguruko lurretara isurtzea, eta horrek “kutsatutako lur dezente” utzi ditu gaur egunera arte.
Uzta, baratzea okupatu duenarentzat izaten da gehienetan. Badira, ordea, herri barruan baratzagintzan aritzeko beste eredu batzuk ere. Zenbait lekutan, udalak berak jartzen ditu oinarrizko baliabideak —lur saila, ura, hesitura—, eta zozketa bidez ematen du lur hori lantzeko baimena. Hortik aurrera, pertsona bakoitzak egokitu zaion saila nahi duen eran antolatzen du.
“Badago hirugarren eredu bat”, azaldu du Segurolak, “hemen ez da hainbeste lantzen, baina Frantzian oso zabaldua dago. Jardin partagé deitzen diote, auzo baratzeak. Auzo elkarteek antolatzen dituzten guneak dira, eta beraiek kudeatzen dituzte. Udalak oinarrizko azpiegiturak ematen dizkie, eta komunitatean lan egiten dute. Gero, bakoitzak uztaren zati bat jasotzen du”.
Oro har, instituzioek halako ekimen gehiago abiatu behar lituzketelakoan da Segurola: “Diputazioak eta udaletxeak nahiko motel ari dira kontzeptua barneratzen. Auzo bakoitzak eduki behar luke aukera baratze sailak jartzeko. Gainera, parke baten funtzioa ere bete dezake”.
Oraingoz, gutxi dira halako ekimenak abiatu dituzten erakundeak. Kutxaren Ekogunea ari da hainbat herritan baratze parkeak sortzeko proiektu bat lantzen, baina oraindik guztiz zehaztu gabe dago. Segurolaren iritziz, erakunde publikoek errolda bat egin behar lukete halako lur sail bat hartzeko gogoz dauden pertsonekin, eta gero aztertu zein lur sail dituen eskaintzeko
Aztarna ekologikorik ez
Sarritan entzuten da krisi ekonomikoak areagotu egin duela hiriko biztanleen joera euren jaki propioak ekoizteko. Segurolak azaldu duenez, ordea, produkzio bide hori ez da derrigor merkeagoa: “Azkenean, industrializatzen den guztia merkeago ateratzen da. Tira, denbora asko duenarentzat bai, harentzat izan daiteke merkeagoa; azkenean, baratzea lantzea denbora pasatzeko era bat da, eta pasatzen duzun denbora horren kostua ez da horren handia”.
Segurolaren ustez, beste arrazoi batzuek eragin dute hiri baratzeen hedapena azken urteotan: “Krisian gaude, baina ez da soilik ekonomikoa; lurretik deskonektatzen ari gara, gero eta arrotzagoa zaigu. Horrek bultzatzen gaitu lurrarekiko gertutasun hori bilatzera”.
Ingurumenarekiko kontzientziak ere gora egin duelakoan da paisajista: “Asko hitz egiten da produktuen aztarna ekologikoaz. Jaten dugun gehiena urrutitik ekartzen dute, eta erregai asko behar da hura ekartzeko. Hortik sortu da Zero kilometro filosofia: jaten duguna bertan ekoitzitakoa izatea. Horregatik, hiri inguruetako baratzeak babestu behar dira; baratzagintza bermatzeko, eta hiria bertako lurretatik hornitzeko”.
Baratze mota asko dauden arren, guztiek dute balio sozial handia Segurolarentzat: “Elkarbizitzen ikasten da. Azkenean, halako baratze bat mantentzeak beste pertsonekin harremantzera behartzen zaitu, komunikazioa lantzen da”. Ekoizteko eta sortzeko lekuak dira ortuak: “Halako espazioetan asko lantzen da kreatibitatea: berrerabilpen asko ikusten da. Ura jasotzeko azpiegiturak, etxolak, hazitegiak… normalean, dirurik gastatu gabe egiten dituzte, hirian topa daitekeen edozein material erabiliz”.