Nafarroan, Leitzan jaio, eta Berastegi, Elduain eta Villabona zeharkatu ondoren, Andoaingo herriguneraino iristen da Leitzaran erreka. Ukitzen duen eremuari bizia emateaz gain, izena ere ematen dio. Naturaren ikuspegitik duen garrantziaren adierazle, 1995. urtean biotopo babestu izendatu zuten Leitzarango bailara. Kulturalki ere, ondare aberatsa gordetzen du; izan ere, errekaren ur-jauziei esker hemezortzi burdinola ezarri ziren, eta haien aztarnak bertan dira. Halaber, 1914tik 1953ra bitartean Gipuzkoa eta Nafarroa lotu zituen Plazaolako trenari bidea egiteko zulatu ziren tunelak eta eraiki ziren zubiak mantentzen dira. Denboraren iragatearen eta gizakiaren ekintzen ondorioz, historiaren zati den ondareak ondare izateari utz diezaioke zaintzen ez bada. Horregatik, berebiziko garrantzia du Burdina taldea 1991. urtetik egiten ari den berreskuratze lanak.
Urteroko denboraldi hasierako batzarra egin berri du Andoaingo taldeak, berreskuratzen ari diren Larramendi Txikiko karobian. Bertan, urte honetan burutu asmo dituzten ekintzen berri eman zuten, herritarren eta erakundeetako ordezkarien presentzian, jai giroan. Halaber, iaz zendu zen Joxe Paulo Usandizaga elkarteko kidea ere gogoan izan zuten. Burdina elkarteko lehen boluntarioetako bat izan zen Usandizaga. “Elkartean pisu handia zuen pertsona zen, beraz, bere hutsunea asko nabarituko dugu”, esan du Xabier Arruti elkarteko kideak.
Aurten egingo dituzten lanen artean, bada nabarmentzeko bat: Ollokiko zerrategia. Joan den urtean, 45-50 lagun aritu ziren han lanean, eta orduan hasitakoari jarraipena emango diote. “1980ko hamarkadan Leitzaran errekaren presan egin ziren garbiketa lanen ondorioz, bertako lurrak zerrategira eraman zituzten, eta hura erabat hondatuta geratu zen; gure helburua zerrategian geratzen den apur hori berreskuratzea da”, azaldu du Arrutik.
Burdina taldearen lana ez da, ordea, Leitzaran errekaren inguruetara soilik mugatzen. Izan ere, Andoain eta inguruetako beste hainbat txokotan ere aritzen dira, besteak beste, karobiak berreskuratzen. Hala, Andoaingo Buruntza auzoan dagoen Larramendi Txiki karobia berreskuratzeko lanekin ere jarraituko dute aurten. Horrez gain, Andoainen garbitoki bat ere konpondu asmo dute; eta Goiburu plaza konpontzeari ekingo diote. “Garai batean, baserritarrek auzolanean mahaiak jarri zituzten auzo honetan, eta, egun, ia denak hondaturik daude; era berean, bertan dagoen garbitokia egoera txarrean dago, eta hori ere konpondu nahi dugu”. Goiburu auzoan ganaduzaleek erabiltzen zituzten eta egun desagerturik dauden harriak ere errekuperatuko dituzte. “Abereak egoera onean zeuden ala ez jakiteko erabiltzen zituzten antzina harri horiek. Auzoan sakabanaturik topatu ditugu harriak, eta guk plazara eramango ditugu, euren jatorrizko kokalekura”.
Bestalde, Leitzaranen meategi bat aurkitu zuten duela bi urte, eta hori ikertzen jarraituko du Burdina taldeak, eta Leitza inguruetan karobi zahar batzuk berreskuratzeko asmoa ere badute.
Adin guztietako boluntarioak
Asteburuak eta jaiegunak baliatu ohi dituzte euren egitasmoak burutzeko. Horretarako, “ezinbestekoa” da boluntarioen parte hartzea, hau da, auzolanean aritzea. 95 kidek osatzen dute gaur egun Burdina taldea, gehienak, Hernani, Lasarte, Villabona, Andoain eta Tolosakoak. “Taldea sortu zenean, zortzi lagun besterik ez ginen, eta, egun, ia ehun lagun izatera iritsi gara”, dio Arrutik. Bestalde, kideak adin guztietakoak direla ere nabarmendu du: “Badugu, esaterako, hasiberria den gazte talde bat, eta horiekin lan egitea berezia eta garrantzitsua da; izan ere, arbasoek utzitako ondarea berreskuratzeko lanetan ari garenean, gure historia zertxobait gehiago ezagutzeko aukera izaten dute”.
Auzolandegi bakoitzean 10-15 lagun aritzen dira, eta txandakatuz joan ohi dira. “Ez dute boluntario guztiek auzolandegi guztietara joan beharrik”. Taldea irekia da, beraz, eta nahi duen orok parte har dezake. “Boluntarioaren datuak hartzen ditugu, eta asegurua egiten diegu; hortik aurrera, lanean has daiteke”.
Lan guztietan aurrera egin ahal izateko, “oso garrantzitsua” da erakundeetatik jasotzen duten babesa, eta, alde horretatik, “gustura” dago elkartea: “Aurten ere, gure lana txalotu dute, eta jarraitzera animatu gaituzte; orain arte bezala, diru laguntzekin jarraituko dute erakunde guztiek, zertxobait murriztuko diren arren”.
Murrizketez gain, Burdinako kideek euren lanarekin jarraituko dute, “Leitzarango nahiz inguruko herrietako ondarea berreskuratzeko xedez”. Izan ere, Arrutiren arabera, “lan handia” dago oraindik ere egiteko. “Hasi besterik ez gara egin, eta guztion borondate onarekin lortu egingo dugu”.