Hormona zakuak

Misterio bat ezin argiturik nabil, nerabezaroa. Zer gertatzen da hamahiru urtetik hemezortzira bitarteko epe horretan? Neuronak ito egiten ote zaizkie hormona- festa horrek dakarren beroaldian? Aukera guztiak miatu ditut, benetako arrazoi bat bilatuko dudalakoan baina saio hutsalak atera zaizkit, buruan igerian dabilzkidan teoria mordoa besterik ez dut lortu hausnarketa horretatik. Gehienetan, haurtzarotik heldutasunera garamatzan koska hori estropezu egin eta matrailezurra puskatzeko aitzakia bat baino ez dela dirudi.

Duela gutxi haur eta gazteentzat egin dugun emanaldi batean harrituta gelditu naiz azken horien jarrerarekin. Ez dute errespetuaren arrastorik erakusten, ez lanean ari direnekiko, ezta beste ikaskideekiko ere. Bi aurkezle ginen, mutila eta neska. Konparaketa bikaina egiteko aukera paregabe hau ez nuke alferrik galdu nahi. Mutila eszenara ateratzen zenean, denek isilik jarraitzen zuten hark esandakoa; baina neskak oholtza zapaldu orduko hormona zakuak txistu-joka eta ulertzen ez ziren garrasiekin bazterrak nahasten hasten ziren. Badirudi zaila dela norbait hizketan ari denean errespetuz isilik egotea, hain da tentagarria zure laguntxoen aurrean neska baten gainetik zaudela eta dena kontrolatzen duzula irudikatzea, ezta mutiko? Zaila da nerabe izatea, onartzen dut, baina are zailagoa da nerabe hauek jasatea! Salbuespenak salbuespen, noski, sasi artean baleude bezala tarteka jarrera bikaineko loretxoak hortxe izaten dira, zuri begira. Eskerrak, zuei!

Baina haur txikienak eta sastraka artean loratutako nerabe zentzudun apurrak alde batera utzita, gaztetxo aldrebes eta lotsagarrien aurka isuriko ditut gaurko hitzak. Hamahiru urte betetzean neuronak lokartu egiten dira, eta hormonak esnatu, ondo esnatu ere! Denok dakigu urte zailak direla; euren barrenean sekulako saltsa dutela; lotsak, konplexuak eta gainerako tontakeriak gainditzen nahikoa lan dutela, eta abar eta abar… Baina ez dit balio aitzakia merke horrek, ez da oraindik arrazoirik sortu norbaitenganako errespetu falta hori justifika dezakeenik. Eta portaera hori askotan ez dator etxetik bakarrik, gizarteak erakusten duen horretatik ere asko jasotzen dute gaztetxo hauek. Begira jarri naiz, eta konturatu naiz, gehienetan (beti ez esatearren), jarrera oldarkor eta harro hori mutiletan ikusten dela, eta beti neskenganakoa, jakina. Badirudi gizontasun hori adierazteko sekulako presa dutela. Eta azkenean betiko akatsean erortzen dira, gizontasunik ez dute erakusten, gizonkeria koldar eta alferra baizik, zaharragotan askok egiten duten moduan. Gizarte matxista honen oinarria nerabeek hasiera-hasieratik jasotzen dituzten balio horietatik abiatzen da, baina esperantza dut oraindik; hemezortzi urte betetzen dituztenean hormona zaku izateari utzi eta pertsona zentzudun bilakatuko diren esperantza.