“Jendea formatu nahi dugu, teknologia aliatu bihurtuz”

Oraingoz, Bakalhau kolektiboa hasi da Eraldalabak sortzen. Taldeko kidea da Beñat Irasuegi (Errenteria, 1978); haren ustez, teknologia behar bezala ezagututa, proiektu askotarako tresna baliagarria izan daiteke. Horretarako interesa dutenei laguntza eskaintzen arituko da bihar.

Teknologiek gizartea aldatu dute, zalantzarik gabe. Baina nolakoa da zuek proposatzen duzuen aldaketa?

Teknologia teknologiagatik ez da berez ona. Teknologiak aurrerapenak lor ditzake, baina baita kapitalarentzako interesak ere. Guk proposatzen dugu teknologiaren erabilera sozializatzea; gizarteak teknologia berrien inguruko informazioa edukitzea, gero haien proposamen eraldatzaileetarako erabiltzeko: komunikazioaren teknologiak, informatika, programazioa, hardwarea… Guk bultzatzen ditugun proiektuetan, gizarte eredua aldatzea bilatzen dugu. Guk nahi duguna da aberastasunaren banaketa justuago baten alde egiten duten taldeak indartu, horretan dabilen jendea formatu, teknologia aliatu bihurtuz.

Sarritan egiten den kritika da teknologia berriak ez ote diren, funtsean, gizarte kontrolerako tresnak.

Alde hori badago. Guk sumatzen dugu Googleren eta sare sozialen —ez zait gustatzen haien izena, baina horrela deituko diegu— inguruan sortzen ari den eredu horretan badaudela kontrolerako elementu batzuk: enpresa izugarri handi batzuek informazio asko kontrolatzen dute.

Horietatik ihes egiteko modurik bada?

Guk ez dugu esaten ez erabiltzeko Google, edo Facebook, edo Twitter, edo horrelako zerbitzuak. Gu saiatzen gara jendea informatzen, azaltzen zer diren zerbitzu horiek, eta, ahal den neurrian, nola erabil ditzaketen euren interesetarako. Guk esaten duguna da: “Horiek badaude, erabil ditzakezu, baina jakin ezazu alternatibak badaudela eta zuk eraiki ditzakezula tresna propioak auzolanean”.