“Kortatuk gurekin batera jo zuen bere lehen kontzertua”

Nola egiten dute amodioa baserriko neskatilek / berotasun asko daukate gorputzean / neskatilak jarraitu behar dira / baso barrura sartzen dira / Basajaun bat bilatzera / iluntzean entzuten dira atsegin intziriak / beti eskatzen, beti eskatzen / inoiz ez dira asebetetzen […]”. Emakume baten ahotsa eta erritmo alaia, country ukituarekin. Neskatila alaiak izeneko abesti hori izan zen Zarauzko OK Korral musika taldearen abestirik ospetsuena. Hala uste du Dani Ulaziak (Zarautz, 1959), talde horretako gitarra jotzaileak. Bidegile izan ziren country eta rock doinuak euskaraz eskaintzen, 1983tik 1990era. Taldean beste zenbait kide ere egon ziren,baina, oro har, honako laukote honek osatzen zuen OK Korral: Ulaziarekin batera, Lou Olanguak (ahotsa), Iñaki Brakamontek (baxua) eta Alberto Inzak (bateria). Zarauztarrak guztiak. “Country eta rockabilly estiloko talde gehiago bazegoen, baina euskaraz ez zegoen ezer garai hartan”, dio Ulaziak. Ile gandorrak, country giroko arropak… Musikarekin lotutako estiloa taularatzen zuten askotan; baina ez omen zuten ispiluaren aurrean denbora askorik igarotzen, baten batek izan ezik: “Lou abeslariak, esaterako, prestatzeko denbora dezente behar izaten zuen, kar-kar-kar. Argazkilariak ere, gehienbat, Louren bila ibiltzen ziren”. Zazpi urte haietan, kontzertuak emateaz gain, bi disko kaleratu zituzten: OK Korral aurrena, eta Beti gogor beti mozkor gero.

“Bitxia da, baina Gipuzkoan baino kontzertu gehiago ematen genituen Bizkai aldean”, esan du zarauztarrak. Gogoratzen da Bilbon saio asko egiten zituztela, baita Bilbo inguruko herri txikietan ere. Bizkaian ez ezik, Ipar Euskal Herrian ere aritzen ziren: “Herrietako festetan ematen genituen kontzertuak, eta giro oso polita sortzen zen”. Espainian ere kontzertuak emandakoak dira, Madrilen, Zaragozan eta beste hainbat tokitan. Beste garai batzuk zirela uste du Ulaziak: “Gurearen moduko talde txikiek aukera gehiago zuten kontzertuak emateko: gaztetxe gehiago zegoen, tabernak ere gehiago mugitzen ziren, eta taldeak ere ez ziren horrenbeste. Gaur egun, talde pila bat dago herri guztietan”.

Beraien musika bestelakoa izan arren punk mugimenduarekin orpoz orpo ibili zirela azaldu du zarauztarrak: “Garai hartan, punk musika asko entzuten genuen: Ingalaterrako The Clash eta Jam taldeak, esaterako. Hemen ere indartsu zebilen mugimendua, eta guk ere bagenuen filosofia hori; nik ez nuen musika ikasketarik, eta teknikoki txarrak ginen, baina beste xarma bat genuen”. Uste du OK Korralek estilo berezia zuela, punkaz gain rock gogorra eta rockabillya ere entzuten baitzituzten: “Lehenengo diskoa countryagoa izan zen, baina bigarrenak nahasketa handiagoa zuen. Zuzeneko emanaldiak ere indartsuagoak ziren”. Taula gainean ere askotan egin zuten topo punk mugimendukoekin. Besteak beste, Kortaturekin eta RIPekin batera kontzertuak emanak dira. Gainera, Kortaturen hasiera gertutik ezagutu zuten: “Gogoan dut Kortatuk gurekin batera jo zuela bere lehen kontzertua. Hernanin izan zen. Gero, sekulako arrakasta lortu zuten, baina orduan ez ziren hain indartsuak”, dio irribarretsu.

Gainerako musika taldeen antzera, OK Korralekoek ere edozein baldintzatan ematen zituzten kontzertuak; batzuetan, doan; zerbaiten truke hurrengoan. “Guretzat, garrantzitsuena zen larunbatero kontzertu bat ematea”, dio.

OK Korralen musikan “doinu alaiak ziren nagusi”. Bereziki lehenengo diskoa dantza egiteko modukoa zela uste du Ulaziak. Bigarrenean, berriz, doinu rockeroagoak sartu zituzten: “Pixka bat desberdina izan zen”. Hala ere, kontzertuetan “jendea mugitu egiten zen”. Gogoan duen kontzertuetako bat Zarautzen bertan emandakoa da. Kontzertua antolatu zuten NATOren aurka, gaur egun gaztelekua dagoen frontoian, eta hantxe izan zen OK Korral, Cicatriz eta halako taldeekin batera. “Jende pila bat joan zen, eta kontzertu indartsua izan zen”. Bitxikeria eta guzti amaitu zen saio hura, gainera: “Kontzertua amaitu, dena jasotzen hasi, eta baterian gehien erabiltzen den pieza falta zen: kaxa. Guk badakigu zeinek lapurtu zigun, baina ez dut esango!”, kontatu du, barrez.

Madrilen futboleko final baten harira ere eman zuten kontzertu bat zarauztarrek: “Realak Errege Kopako finala jokatu behar zuen Madrilen, Bartzelonaren kontra, uste dut, eta festa antolatuta zeukaten partidaren ondorenerako. Gu eraman gintuzten kontzertua emateko. Tamalez, Realak galdu egin zuen, eta festara ez zen jende askorik etorri, kar-kar”. Hala ere, finaleko partida ikusteko aukera izan zuten, sarrerak ere eman baitzizkieten.

Azken kontzertua, berriz, 2005ean eman zuen OK Korralek. Hamar urte bat baino gehiago zeramatzan geldirik taldeak, baina Zarauzko Putzuzulo gaztetxeak elkartu zituen berriro: “Entsegu batzuk egin genituen, eta oso ondo pasatu genuen kontzertuan. Jende pila bat elkartu zen gaztetxean; batzuek lehenagotik ezagutzen zuten gure musika eta beste batzuek ez, eta harrituta gelditu ziren”.

Pariak Bai musika taldean orain

Ulaziak ez ditu gitarrak astindu OK Korralen bakarrik. Aurrez, Humedecidos taldean ibilia zen, eta OK Korral desagertu ondoren Labanak taldean aritu zen bost urtez. Gero, musika alde batera utzita eduki du, “tarteka” musikari tokia egin badio ere.

Orain urtebete, ordea, bete-betean sartu zen beste musika proiektu batean. Ordurako, bere bidea egiten ari zen Zarauzko Pariak Bai musika taldea. Folk, country, blues eta halako estiloak lantzen dituzte euskaraz, modu akustikoan. “Ez da OK Korralen oso desberdina. Hain zuzen ere, OK Korraleko hiru kanta jotzen ditugu Pariak Bain. Badu zerikusia, bai”. Gainera, Iñaki Brakamonte ere bada taldeko kide. Beste hiruk osatzen dute Pariak Bai taldea: Iñigo Manzisidor Mantxi-k, Iker Lopetegi Lope-k eta Kepa Izetak. Kontzertuak ematen ari da boskotea, eta kantu berriak prestatzen ere bai. Orain dela gutxi, Zarauzko Garagardo Azokan jo zuten kontzertua, eta asteburu honetarako ere badute plana. Izan ere, bihar Oiartzunen arituko dira: Makutxo tabernan emango dute kontzertua, 22:00ak aldean. Ulaziak ondo asmatu du garai zaharrak eta berriak uztartzen, baina aldeak ondo gogoan ditu: “Vista Alegreko lokaletan hiru talde hasi ginen; orain, estilo bakoitzeko talde mordoa dugu herrian”.