Musikarekin aberasten da umeen arima

Denboraren makinan sartu eta atzera egiterik balego, garai eta geografia guztietan egongo litzateke norbait haur txiki bati kantatzen. Umeari abestea harekin egoteko aitzakia da, magalean estutzeko aukera, gaitasunak era naturalean garatzeko bidea. “Musika arimarako elikagaia da”, esan du Beatriz Garcia musika irakasleak. 0 eta 2 urte bitarteko haurrei musika ikastaroa eskaintzen die, Olaberriako haur eskolan. “Betidanik kantatu zaie umeei; baina, egun, hainbeste aldatu da gure gizartea, oinarrizko ohitura batzuk berreskuratu egin behar dira”, azaldu du.

Olaberriako eskolako guraso elkartearen ekimenez antolatu dute musika ikastaroa. “Oso berezia da Olaberrian. Aiton-amona asko datoz, eta batzuk ez dira zaintzera datozen haurren aiton-amonak, boluntarioak baizik”, dio Garciak.

Dagoeneko oinez dakien haurrak ondoan du amaren magalean dagoen haur txikiagoa. Ez batak ez besteak ez du hitzaren gaitasunik, oraindik. Eta, hitzik ez dagoenean, are ikusgarriagoa da musikak har dezakeen tokia; eta are harrigarriagoak musikak sortzen dituen aukerak.

Hastera doa zirkuluaren ibilbidea egingo duen saioa. Abestiek osatuko dute gidoia, eta kantu bakoitza zirkuluaren brodatuan txertatuko da. Ibilbidea aldatuta ere, beti egingo dute bide bera: “Saioek egitura finkoa dute. Abestiak aldatzen ditut, baina abesti bakoitzari dagokion jarduera bere horretan mantentzen dut. Horrek segurtasuna ematen die haurrei; ikastaroan kokatzen laguntzen die”. Musika irakasleak ezinbestekotzat du ordena; adibide bat eman du: “Dantza egiteko abestiaren unea iristen denean, umeek badakite saioaren amaiera gertu dagoela”.

Lehenengo kantuan, elkar agurtzen dute, eta haur bakoitzaren izena kantatzen dute banan-banan. Urtebete ez duen umeak, bere izena entzutean, begiak irekitzen ditu, zabal-zabal, borobil, berari erreparatu diotela jakinda. Ipuin kontalariaren ahotsa ipintzen du Garciak, hurrengo abestian egin beharrekoa azaltzen dienean: rock kanta batekin beroketak egingo dituzte. “Musika estilo guztiek balio dute. Ume lotsati bat genuen; rocka jarri genionean, lotsa guztiak ahaztu, eta dantzan hasi zen. Gurasoak txundituta geratu ziren”, gogoratu du.

Material ugari erabiltzen du. Behatzetan jartzeko panpinatxoak, haur txikientzat egokitutako klabeak eta triangeluak zein txalo egiteko eskuzorroak. Badago zubi lanak egiten dituen abesti bat, haurrak jasotzera deitzen dituena. Horrela, abestiaren ondoren, 2 urte bete ez dituzten umeek erabilitako musika tresna edo dena delakoa jasotzen dute. “Oso sinplea da, baina abesti horiekin hainbat ohitura hartzen laguntzen diegu”, dio Garciak.

Ordubeteko saioan bi dira nagusiki uztartzen dituzten eremuak: emozionala eta musikala. Emozionalari dagokionez, “zaindariarekiko lotura afektiboa sendotzen dute. Adin horretan ez direla sozializatzen entzuten badugu ere, seguru sentitzen badira, lehenengo urratsak egiten dituzte”, azaldu du. Musikaren eremuan, gorputzaren mugak, psikomotrizitatea, kontzentrazioa eta gaitasun erritmikoak atzematen dituzte, besteak beste.

Zirkulua agurraren abestiarekin ixtera doa. Izen guztiak kantatu dituzte berriz, banan-banan. Ordurako, zaindariek lagunduta, haurrek itzulipurdiak egin dituzte, igelen moduan salto egin dute, biluztutako oinetan kilimak egin dizkiete, zaldian ibili dira, besarkatu dituzte, eta kantatu diete, ondo edo gaizki abesten duten pentsatu gabe. Saioa hori baino ez da izan. Eta hori guztia izan da, musika hor dagoela ez ahazteko.