Pasa den urteko abenduaren 19an hil zen Ugarte, istripuz, 31 urterekin. “Taldeko hirurak Berako estudioan geunden eta Mikel Hondarribira joan zen maletaren bila” ekarri du gogora Aritz Lazkanok (Donostia, 1980). Ugarteren taldekidea zen Izaeran, eta haren lagun mina. “Itzultzen ez zela ikusita Psilocybeneara deitu genuen eta handik aspaldi abiatu zela esan zigutenez, errepidera atera ginen”. Auto ilara ikusi zutenean zain izango zela pentsatu zuten: “Baina pixka bat aurrera egin genuenean bere kotxea ikusi genuen; hankak urratuta zituela eta ospitalera eraman zutela esan ziguten”. Handik hiru egunera hil zen.
Lazkanoren esanetan kolpe latza izan zen. “Biok erlazio oso estua genuen, bai musikarengatik, bai elkarrekin jotzen genuen taldearengatik, bai Berako estudioarengatik… Oso kolpe gogorra izan zen. Gainera, bizitzako une kuttunenean zegoen. Apustua egin zuen aurrera egiteko eta gauzak ateratzen zitzaizkion; oso gustura bizi zen azken bizpahiru urteetan”.
Musika ez zuen inon ikasi, baina barnetik ateratzen zitzaiola uste du Lazkanok: “Nik esango nuke erraietatik ateratzen zitzaiola musika, oso apasionatua zen, oso sentibera, emozio erradikalekoa”. Eta musikari grina zuen bezala, soinu teknikari bezala oso fina zela diote denek. Horrekin ados dago Izaerako taldekidea: “Nik askotan esaten nion ogia egiteko ere kontratatuko nukeela bera”.
Omenaldira Bidasoa osoko jendea hurbilduko da, Gipuzkoatik, Nafarroatik, eta baita urrutiagotik ere. “Istripuaren berri izan zutenean posta elektroniko pila bat bidali zizkiguten, Euskal Herri osotik, Madrildik, Bartzelonatik… Mikelen errautsak itsasora bota genituenean, omenaldi txiki bat egin genion Hondarribian, eta han bazen Zaragozatik edo Bartzelonatik etorritako jendea”.
Lazkanok uste du gaur eta bihar sentimendu asko elkartuko direla Banako aretoan, taula gainera igotzen direnek eta behean entzuten izango direnek, denek Mikel Ugarte gogoan izango dutelako: “Ez da kontzertu normala izango, antolatu dugunok jendearengana jo beharrean, taldeak beraiek izan dira guregana jo dutenak, omenaldian egon nahi zutela esateko”.
Omenaldi bat baino gehiago
Duela urte batzuk MIK estudioa ireki zuten Beran, eta han egiten zuen lana Ugartek. MIKen utzitako hutsunea betetzen laguntzeko helburua ere badu omenaldiak, zeharka bada ere.
Beran bezala, Hondarribiko estudioetan asko ibiltzen zen Ugarte. Eta ez Psilocybenean bakarrik. Olagarro elkartean krespoi beltza jarri zutelako jakin zuten askok Ugarteri gertatutakoa. Nekeza suertatu bazitzaien ere, halako egun batean Mendeluko lokaletako lagunek malkoak barruan gorde eta Ugartek nahiko lukeena musika egiten jarraitzea zela erabaki zuten. Hala, Psilocybeneako talde guztiek hiruna abesti eskaini zizkieten Ugarteri eta Pako Andraderi —abenduan hil zen hemeretzi urteko gaztea, hura ere Psilocybeneakoa—, orain hilabete pare bat eginiko ate itxietako omenaldian.
Psilocybeneakoek egin bezala, Mikel Ugarte ezagutu zutenek irribarre batekin eman nahi diote azken agurra musikari, teknikari eta lagunari. “Negar asko egindakoak gara, eta Mikelek merezi duen bezala omendu nahi dugu, irribarre batekin”, dio Lazkanok.