Sorterrira itzuliko dira

‘Zazpikoloroa’

Lasarte-Oria

Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek, Lasarte-Oriakoak izanagatik ere, azken urteotan ez dute aukerarik izan udalak gonbidatuta euren herrian bertan emanaldiak egiteko, modu “ofizialean”. Bihar, ordea, denbora askoan lehen aldiz udalak gonbidatuta, sorterrira itzuli, eta Manuel Lekuona kultur etxean emanaldi bikoitza egingo dute. Festa ez da, ordea, arratsaldean soilik izango. Izan ere, gonbidapena eskertzeko, egun osoko egitaraua antolatu dute Pirritx, Porrotx eta Marimototsek.

Bonberenea txarangarekin, kalejiran hasiko da irri eta festa eguna, bihar, Lasarte-Orian. Gero, 12:00etan, Mochila21 taldeak kontzertua emango du Okendo plazan; Enrique Villareal Drogas eta Mikel Barullas musikariek sustatutako taldea da Mochila 21, eta Down sindromea duten neska-mutilek parte hartzen dute hor.

Arratsaldean izango dira Pirritx, Porrotx eta Marimototsen Zazpikoloroa ikuskizunaren bi emanaldiak. 16:30ean izango da lehena, eta 19:00etan bigarrena. Gonbidatu bereziak izango dituzte, gainera, bi saio horietan: lehen saioan, Jalgune eta Mochila21 taldeko kideak ere taula gainean izango dira; bigarren saioan, berriz, Kukuka dantza eta antzerki eskolako kideak igoko dira agertokira.

Bi emanaldiak amaitu ostean ere, jarraitu egingo du ikuskizunak haur zein helduentzat: 21:30ean, Deabru Beltzak kale antzerkiko taldeak emanaldia egingo du Okendo plazan.

EGITARAUA, BIHAR

11:00etan. Kalejira Bonberenea txarangarekin.

12:00etan. Mochila21 taldearen kontzertua.

16:30ean eta 19:00etan. Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoen Zazpikoloroa emanaldia.

21:30ean. Kale antzerkia, Deabru Beltzak taldearekin.