Nola baliatu teknologia norberak nahi duen bezala, norberak nahi duen gizarte aldaketa eragiteko; horra Eraldalab eraldaketa sozialerako laborategien helburua. Ohiko teknologien alternatibak eta teknologia horien erabilera posibleak ezagutarazteko saioak izaten dira Eraldalabak; tresnok herritarren eskura jartzea izaten da xedea. Gipuzkoan, Bakalhau kolektiboa ari da tailerrok antolatzen; bihar egingo du lehen saioa, Andoaingo Aita Larramendi ikastolan, Euskara, Teknologia eta Auzolana jardunaldien barruan.
Egun osoko jardunaldiak izango dira, 09:30ean hasita. Goizean, jada martxan diren hainbat egitasmoren aurkezpenak egongo dira; Bakalhauko kideek azaldu dutenez, ez dute proiektuen bila asko ibili beharrik izan, gehienetan proiektu horien sortzaileak jarri direlako haiekin harremanetan. Besteak beste, komunikazio sare libre bat sortzea helburu duen Guifi.net egitasmoaren, Eibartarrak posta zerrendaren eta coworking proiektu komunitario zenbaiten berri emango dute. Dena den, egitasmoen zerrenda guztiz itxi gabe dago oraindik.
Eguerdian, bazkalaurretik, hitzaldietarako saio irekia egingo dute. Tarte horretan, oraindik gauzatu gabeko edozein egitasmoren berri eman ahal izango dute bertaratutakoek; hartara, besteek ere proiektu horien berri izatea eta elkar ezagutzeko aukera izatea bermatu nahi dute antolatzaileek. Izan ere, Eraldalaben balio garrantzitsuenetariko bat auzolana da: Bakalhau kolektibokoek azaldu dute ez dutela nahi jendea “ikusle soil” gisa joatea, baizik eta, bakoitzak ahal duen neurrian, antolakuntzan laguntzea; esate baterako, bazkaria prestatzen edo mahaia jartzen. Bazkalostean, tailerrak egingo dituzte; goizean aipatutako gaiak landuko dituzte bertan, “modu sakonago eta praktikoagoan”.
Formatu eta maiztasun askotarikoak izan daitezke Eraldalabak; hain zuzen ere, guztiz irekiak dira, eta parte hartzaileen nahien arabera molda daitezke. Noizean behin antolatzen diren saioak izan daitezke, edo gune iraunkorrak. Helburua, funtsean, gizarte aldaketara bideratutako teknologia horien garapenean sakontzeko espazioak sortzea da. Horregatik, Bakalhaukoen ustez, ez da soilik haiek bezalako lagun taldeentzako proposamena; ikastetxeetan ere halako guneak sor daitezkeelakoan daude.
Bakalhau kolektiboak berak ere badu bere burua Eraldalabtzat: teknologiak sozializatu eta, batzuetan, berriak sortzen ditu. Horrela antolatu dituzte, esaterako, Blogsovietak, blogak sortzeko ikastaroak; saio horietatik talde nahiko iraunkor bat sortu da, baita Status.blogsoviet.com tresna ere. Aplikazio hori Twitterren antzeko tresna bat da, eta Blogsovieteko kideek microblogging zerbitzu gisa erabiltzen dute.
Euskaraz eta auzolanean
Berez, Kilometroak 2012 eta Olatu Talka ekimenen barruan antolatutako saioa izango da biharkoa; horregatik egingo dute Andoainen, aurten Kilometroak jaia antolatzeaz arduratuko den ikastolan. Asmoa bazegoen lehendik ere Kilometroetako egitarauaren barruan Teknologia berriak eta euskara izeneko atal bat sortzeko. Olatu Talka, berriz, bere ekintzak Donostiatik ateratzeko asmotan zebilen —asteburu honetan 200 ekitalditik gora antolatu dituzte Euskal Herri osoan—, eta horregatik jo zuten Bakalhauko kideengana. Biharko Eraldalaba lehenengo saioa izango da, baina luzera halakoak sortzen jarraitzea dute helburu antolatzaileek.